Menditik pottoka azienda jaitsi, eta igandean eguna zabaltzerako Zumarragan izango da Aitor Iraeta (Zaldibia, 1976). ZAPE Zaldibi Aralar Pottoka Elkarteko kidea da, bertako espezie hori zabaltzeko sortua. Santa Lutzi feria «erakusleihoa» dela dio. Tratuak, gaur egun, asko aurretik itxita egoten dira.
Urteko ganadu feria handiena igandean da, Zumarragan. Dena prest daukazue?
Lana urte guztikoa izaten da, eta egindako horren erakusleihoa da feria. Mendian edukitzen ditugu pottokak, behorrak eta zaldiak. Handik jaitsi, zepillatu bat pasatu, eta Zumarragara eramango ditugu.
Feria garrantzitsuena, ganaduzaleentzat, Santa Lutzi izango da, ezta?
Bai. Santa Lutzi egun finkoa da, egutegian gorriz markatutakoa. Lehen Ormaiztegin Arrastoak bertako arrazen feria ere izaten zen, baina utzi zioten. Orain Santa Lutzi daukagu bakarrik, guk.
Zer antolamendu izaten duzue feria-egunean? Garaiz mugitu beharko duzue.
Jendea mugitzerako han egon behar dugu. Ikusleak etortzerako eta hasterako, dena pronto edukiko dugu. Etxetik 05:30ak aldera irtengo gara, Zumarragan 06:00etarako egoteko.
Tratularitza, zer?
Geroz eta tratu gutxiago egin ohi dira ferian. Jendeak ohitura hartu du aurretik tratua ixteko. Kanpotik etortzen direnek hazleekin aurreko astean kontaktatu ohi dute, eta feria eguna aprobetxatu ohi dute ganadua eramateko. Jende asko etortzen da kanpotik, eta segurantzia bat nahi izaten dute. Telefonoz eta Internet bidez hitz egiten da, gehienbat.
Tratu gutxiago egiteak, feriaren izaera lausotzen du?
Garrantzitsua da feria hauek mantentzea. Pottoken txapelketa, adibidez, aspalditik egiten da, eta mantendu beharko litzateke. Ez dakit noiztik egiten diren, baina 1948ko argazki bat badaukat, ordurako jada egiten ziren pottoka lehiaketak.
Nork erosten ditu zaldiak?
Kanpotik tratulari gehienak haragitarako moxalen bila etortzen dira. Zaldiak gizentzeko etxaldeak badaude. Hemen erosi, Levante aldean gizendu, eta Italiara edo Europara saltzen dituzte gero. Pottokena tratu txikiagoa da, bi edo hiru eraman ohi ditu jendeak. Zuzenean egiten dira horiek, ferian.
Euskal Herrian hipika joera askorik ez dago, baina Katalunian bai. Poniak erabiltzen dituzte, ikasteko-eta.