Aitor Calvillo
Trantzea, horixe Asier bizitzako une askotan gizakiok sufritu behar izaten dugun unea, estutasuna! Amaieran aipatuko dizut nik beste baten soinean pasatu nituen estutasunak, edo bereak nire egindakoak, baina aurretik bertso eskolen osasun onaz aipu pare bat egin nahiko nizkizuke. Orain berrogei bat urte bor-bor irakiten hasi ziren eskola horiek. Zale bat hemen, bestea han, norbera bere aldetik ahal duena eginez, zenbait boluntario automobila hartu eta gaztetxoak taldea sortu den herrira garraiatzen…
Gaur da eguna bere garaian sortutako bertso eskolen oihartzuna gero eta ozenago entzuteko aukera duguna. Zientoka konta daitezke Goierriko Bertso Eskolatik pasatako gaztetxoak. Legazpi alde horretan ere ez dira askoz gutxiago izango. Eta guk biok jakin badakigun arren bertso eskolen helburu nagusia ez dela txapelketetako irabazleak sortzea, tarteka poza ematen digu eskolatik pasatako inor hor aurrean ikustea.
Aitor Sarriegi eta Iñaki Apalategi ditugu azken garaietako Gipuzkoako BertsoTxapelketetako adibide. Nerea Elustondo ere ate joka ibili da azkenekoan. Ordizian joaneko abenduaren 26an antolatutako bertso jaialdian, finalistak zirenak gonbidatu eta Unai Agirreren ezin etorria tarteko Herri Antzokiko oholtza gainean kantatzeko aukera izan zuen Nereak (9.a txapelketan). Eta hementxe bertsolariak bizi behar izan zuen trantzea. Oholtza gainean jarri, orain gutxi lehiakide izan dituzun finalistak aldamenean izateko ohorea, eta Eguberri osteko ondorioak tarteko tripak nahasita… 150 entzule aurrean eta zu bertso sorta ederrena eskaintzeko prest zauden horretan, komonerako buelta egin beharrean! Egungo bizitza honek zenbat honelako trantze jasanarazten dizkigun, ezta?
Asier Iriondo
Txapelketa, bertso-eskolak eta trantzeak aipatzen dizkidazula, gogoan dut, duela hogei urte inguru, eskola arteko txapelketa bat aurkeztea egokitu zitzaidala Gasteizen. Zazpi-zortzi neska-mutiko ziren kantuan eta tartean zen Maialen. Maialenek erraz irabazi behar zuen saioa, bertso-plazaz betetako etorkizun oparoa izan behar zuen, oso ona zen eta askoz hobea izan behar zuen.
Hasi ziren hasierako agurrekin eta iritsi zen Maialenen txanda. Bertso erdian trabaldia. Berriro ekin eta trabaldia toki bertsuan. Negarrez hasi, oholtzatik salto egin eta korrika alde egin zuen jende artetik. Nik ez nuen gehiago bere berri izan.
Nik ere, nire ibilbidetxoan, askotan sartu izan dut Trantzea nire oinetan, Hamaika Bertuteren faltan. Azken oinean, seguru asko, inoiz ez, baina tartean, seguru asko, ia beti. Aditzak nominalizatzen ibiltzeak ematen duen nekea dezente arindu izan dit.
Esaten dute etorkizun-igarleak trantzean dauden unean, digestio-bideko funtzioak eten egiten zaizkiela eta ez dutela ez txizagurarik, ez kakagurarik, ez bestelako gurarik sentitzen. Iñakik, Aitorrek eta Nereak ikasi beharreko teknika izan daiteke, agian, saioetan trantze fisiologikoetatik babesteko.
Hala ere, neuretzako, halakoei aurre egiteko, nahiago dut Maialenen teknika. Berandu samar, baina, animo Maialen!