Martxoaren 11n Goierriko gazteen bigarren batzarra egingo dute Beasaingo Gure Esku Dagoren Elkargunean. Erabakitzeko eskubidearen garatze bidean gazteak ere protagonista izan behar dutela uste dute, «etorkizuna gu garelako».
Salbuespenak beti egoten badira ere, kostatzen ari da Gure Esku Dago dinamikaren antolaketara gazteak erakartzea. Gure Esku Dagokoak horren jakitun dira eta saiakera berezia egin nahi dute gazteengana gerturatzeko eta gazteak erakartzeko: «Herrien araberakoa da, baina egia da orokorrean Gure Esku Dagoren fenomenoa dela gazte gutxi egotea», diote Beasaingo Andoni Mikelarenak eta Maialen Castejonek.
Mikelarena Beasaingo taldean dabil 16 urte zituenetik, «giza katearen garaitik». Castejon Lazkaoko taldean dabil lanean eta Galdera Batzordeko kidea ere bada. «Bertan parte hartzeko proposatu zidaten eta onartu egin nuen. Prozesu osoa gertu-gertutik ezagutzeko aukera daukat», dio Castejonek.
Gazteak ez gerturatzearen arrazoiak aztertzen hasita, «gazteei espazio propio bat ez eman izana» izan daiteke horren arrazoietako bat, Mikelarenaren ustez.
Goierriko gazteen batzarra egin zuten urtarrilaren 23an, eta bigarrena datorren ostiralean, martxoaren 11n egingo dute, 17:00etan, Beasaingo Gure Esku Dagoren Elkargunean. Gazteen batzordea sortzea da batzar horren helburua, herri galdeketaren prozesuan gazteek ere parte hartzea beharrezkoa dela uste dutelako. «Gu, gara etorkizuna, eta gu izango gara ondorengo gizartea eraikiko dugunak», diote Castejonek.
Garai bateko kooperatiben eta ikastolen mugimenduak jarri dituzte adibidetzat: «Gaur egungo gizartea orduan egin zen lan hartatik jaten ari dela esaten da. Oraingo gizarte honek erabakitzeko eskubidearen kontzeptua garatzen badu, eta eskubide hori bermatzen badu, hori guretzako geldituko da, gu izango gara eskubide horretaz benetan gozatuko dugunak», gaineratu dute.
Etorkizunaren gidari
16 urtetik gorakoek izango dute ekainaren 19ko galdeketan parte hartzeko aukera. Zentzu horretan, etorkizunaren gidaritza gazteek hartu behar dutela uste dute: «Gazteok ezin dugu helduek guregandik zer egingo duten zain, gazteok heldu behar diogu. Azkenean, guk erabiliko dugu erabakitzeko eskubidea, guk daukagu lortu beharra, ez digu inork emango». Horrekin batera, «gazteak erakarriko dituen formula berriak asmatu beharrean gaude, eta hori gazteok egin beharra daukagu».
Erantzun ona
Zuzenean gazteengana joateak, dena den, erantzun onak ematen dituela onartzen dute: «Gazteengana joaten garenean erantzun oso ona jasotzen dugu. Beasaingo Institutuan, adibidez, 200 sinadura bildu zituzten», argitu du Castejonek, «baina talde batean sartzeko konpromisoa hartzea kosta egiten da».
Dena den, Gure Esku Dagoren dinamikan gazteek ere ateak zabal-zabalik dituzte. «Askotan aurreiritziak dauzkagu. Jende heldua ikusten dugu, baina denok pertsonak gara. Desberdin hitz egingo dugu, desberdin pentsatuko dugu baina denok elkarrekin ederki asko egiten dugu lana». Gure Esku Dago adin, sexu, sentsibilitate eta jatorri desberdinetako herritarren bilgunea da.
Haurrak ere garrantzitsu
Mikelarenaren ustez, haurrak ere erabakitzeko eskubidearen gaian heztea garrantzitsua da. «Ez dut esaten bozkatu egin behar dutenik, baina erabakitzeko eskubidea, subjektu erabakitzailea kontzeptuak… landu egin behar dira, hemendik 15-20 urtera beraiek izango baitira gazteak».