Ordiziako Urdaneta eta Jakintza ikastetxeetako ikasleek Caritas erakundeari laguntzeko hainbat elkartasun ekintza egin dituzte aurtengo ikasturtean. Caritaseko kideek esker ona adierazi nahi izan diete ordiziar gazteei.
Ikastetxeetan txiki-txikitatik lantzen den kontzeptua da elkartasuna. Landu eta praktikan jartzen saiatzen dira ekintza desberdinekin. Ordiziako Jakintza Ikastola eta Urdaneta ikastetxea dira horren bi adibide: Ordiziako Caritasi laguntzeko ekintza ugari egin dituzte ikasturte osoan zehar. Era desberdinetara lagundu diote Caritasi: dirua, janaria, arropa eta oinetakoak bilduz.
Era horretako ekintzak Gabon inguruan egitea ohikoagoa izaten bada ere, azkeneko ekintza, ekainaren 8an egin zuten Jakintzako ikastolako DBH4ko hainbat ikaslek. Asteazkeneko azokara gerturatzen den jendetza baliatuz, euro batean txistor pintxoak saldu zituzten.
Txistor usainak erakarrita, jende ugari elkartu zen plazan bertan jarritako postuaren inguruan. Postua apaintzeko jarritako pankartak ederki adierazten zuen ekintzaren garrantzia eta filosofia: Euro bateko laguntzarekin, laguntza handia. Izan ere, alez ale, lortzen da pilatxoa. Gaur egun, gero eta gehiago dira gainera, egoera zailean daudenak eta laguntza behar dutenak.
Caritasen esker ona
Caritaseko arduradunek eskerrak eman nahi dizkiete Ordiziako ikasleei, behar gehien dutenei laguntza emateko ezinbestekoa delako gizarte osoaren laguntza.
Ikastetxeetan Caritasek egiten duen lana erakusten eta azaltzen izan dira behin baino gehiagotan, eta emandako mezuak emaitza ekarri du. «Guk gure azalpenak eman genizkien eta beraiei atera zaie dirua biltzeko ekintzak egitea, guk ezer eskatu gabe», nabarmendu dute Caritasekoek. «Oso pozik gaude gazte hauek egin duten lanarekin». Lan horretan irakasleek egiten duten lana ere goraipatzekoa da, Caritasen iritziz.
Lanerako gogoz jarraitzen dute gainera ikasleek. «Gabon inguruan saltoki handietan egiten dugun janari bilketan laguntzera joango direla ere esan digute».
Ordiziako ikasleek eman duten irakaspenarekin, garbi geratu da elkartasunak ez duela adinik.