Ordiziako igeriketa elkarteko kideak Eneko Aierza eta Lander Iturrioz gazteak. Espainiako junior mailako igeriketa txapelketatik iritsi berri da lehena, eta aurki bigarrenak hartuko dio erreleboa, uztailaren 28an Malagara joango baita, infantil mailako Espainiako igeriketa txapelketara.
«Esperientzia oso polita izan da Kanariar Uharteetan bizi izan dudana» nabarmendu du Aierzak. 17 urte ditu eta Kanariar Handian jokatu den Espainiako Udako Igeriketa Txapelketan izan da uztailaren 14tik 17ra. 50 metro librean, 100 librean eta 200 librean parte hartu du. «Pozik nago lortutako emaitzekin, oso denbora onak lortu baititut» adierazi du Lazkaoko igerilari gazteak. 50ekoan 24:55ean gelditu zuen kronoa, bere marka dezente hobetuz. 200ekoan 2:03:31 egin zuen, 50metroko igerilekuan inoiz lortu duen markarik onena, eta 100ekoan 55:03 lortu zuen, bere markatik ehuneneko batera.
Lan-saioak egunero
Egunero entrenatzen dute bi igerilariek Majori kiroldegian. «Bi orduko igeriketa sesioak egiten ditugu», adierazi du Aierzak. «Gimnasioan ere egiten dugu ordu bat asteko bi egunetan», gehitu du Iturriozek. Landerrek 15 urte beteko ditu aurten, eta infatil mailako Espainiako Udako Igeriketa Txapelketan parte hartuko du egun gutxi barru. «Gogor entrenatzen ari naiz. Dominarekin bueltatzea nahiko nuke, eta hala ez bada, emaitza onak lortzea behintzat». Egun hauetan bereziki zaindu beharra dauka txapelketara indartsu iristeko. «Eguzkirik ezin dut hartu, asko nekatzen baitu, eta bestelako kirolak egitea ere saihesten dut», zehaztu du.
Laguntza gutxi
Ordiziako Igeriketa Elkarteko bi gazteak kexu dira jasotzen duten laguntza urriagatik. «Instalakuntzak ez daude batere egoera onean. Uraren tenperatura, esaterako, altuegia da dugun entrenamendu mailarentzat», nabarmendu du Aierzak.
«25 metroko igerilekua dago Majorin, kale gutxirekin, eta erabiltzaile askorekin elkarbanatu behar dugu espazioa», esan du ondotik Iturriozek. «Igeri egiten jarraitu nahi dugu, hau baita betetzen gaituen kirola. Maila handian ari gara lehiatzen eta maila hori mantentzeko beste ezaugarri batzuk dituen igerilekua beharko genuke», adierazi dute.