Baserritarrak dira, artzainak, gaztagileak… eta emakumeak. Eli Arrillagak (Aizpea, Olaberria), Ines Argaratek (Makatza, Legazpi) eta Eli Elgarrestak (Baztarrika, Gabiria) artzaintza lanbideaz, gazta egiteaz eta lehen sektoreaz orokorrean hitz egin dute Goiberrirekin.
Lehen sektoreak egun bizi duen egoera «konplikatua» dela uste dute hirurek. Arrillagak garbi dauka «burokrazia eta eskakizunen aldetik ito» egiten dituztela. «Industria bezala hartzen gaituzte eta horrek oztopo asko sortzen dizkigu egunerokotasunean». Administrazioaren aldetik eskakizunak industriaren parekoak direla uste dute. Elgarresta bat dator zentzu horretan Arrillagak esaten duenarekin: «Gu ilusio guztiarekin ari gara lanean, baina askotan dauzkagun indar apurrak paper kontuetan joaten zaizkigu».
Argaraterentzat baserritarren lana industria batekin alderatzeak ez dauka zentzurik. «Enpresa handietan langile asko dago lan egiteko. Guk, baserritarrok, bi lagunen artean egiten ditugu lan guztiak: ardiak jeitzi, gazta egin, dena saldu….». Baina eskaerak areago doaz, Arrillagak dioenez: «Jakintza minimoak izan behar ditugu albaitaritzan, elikadurari dagokionean, ekoizpena menperatu beharra daukagu baita komertzializazioa ere, informatika, bulegoko lanak…».
Aldaketak zerumugan
Egiten duten lanak bizi ahal izateko ematen diela adierazi du Argaratek, baina baserritarren ekoizpen maila industriarenarekin ez dagoela alderatzerik uste du. «Horien aldean gure ekoizpena huskeria bat da, eta bizitzeko ematen badu guk dena egiten dugulako da, ordutegirik gabe lan egiten dugulako». Baserritarren gaineko kontrolak bulegoetan erabakitzen dira eta gainera, erabakiak hartzen dituzten horiek «ez dakite ikuiluan edo gaztategi bateko eguneroko martxa nolakoa den», gehitu du Elgarrestak.
Ines Argarate:
«Gazta oso ona egiten duten artzain asko dago,
inoiz lehiaketarik irabazi ez dutenak»
Klikatu argazkian gehiago irakurtzeko
Hori hala, lehen sektorearen barruan artzainen eta gaztagileen esparrua «ongien dagoena da» Argarateren arabera. «Behiekin lan egiten dutenak, esnea saltzen dabiltzanak okerrago daude, adibidez». Etorkizunari begira Arrillagak ez dauka garbi gazteek lehen sektorean jarraituko dutenik. «Gure mendiko bizimodua—Arrillaga eta bere senarra maiatzetik azarora Urbiako txabola batean bizi dira bere artaldearekin— amaitzera doa, zoritxarrez». Gaur egungo gazteek beste baldintza batzuetan lan egitea nahiago dutela uste du, eta mendiko bizitzak talka egiten du bizimodu modernoan indarrean dauden ereduekin. «Mendiko bizitzak muga asko ditu».
Zalantzarik ez dute hiru artzainek egun ezagutzen dugun artzainaren bizimoduak aldatzera joko duela etorkizunean. Arrillagak garbi dauka: «Susmoa daukat gure esparruan jarraituko dutenek artzaintzatik edo gaztagintzatik bakarrik bizi beharrean, turismoarekin lotuta, adibidez, partekatuko dutela lana». Jarraituko duten horiek aurretik zerbait eginda daukatenak izango direla gaineratu du Argaratek. «Gure sektorean zerotik hastea ezinezkoa da gaur egun, inbertsio asko egin beharra dago». Elgarresta bera bat dator Argaratek esan duenarekin. «Gure kasuan hala izan zen, eginda geneukan gehiena, bestela ezinezkoa izango litzateke».
Emakumea eta baserria
Emakumeak Euskal Herriko historian pisu handia izan duela esaten da maiz, are gehiago baserriaren munduari lotzen denean. Baina egunerokoan errealitatea bestelakoa dela uste dute hiru emakumeek, beti gizonaren itzalean egon izanaren sentipena partekatzen baitute guztiek. Eguneroko lan horretan sarri «gutxietsita» sentitu da, esaterako, Arrillaga. «Gure lana gehienetan itzalean gelditzen da. Gure ofizioa aldarrikatu nahi dugu, besterik ez, parekidetasuna artzaingintzan ere normaltasunez bizi nahi dugu». Hirurek senarra dute lankide, eta hirurek nabarmendu dute lanak erdibana egiten dituztela beti. «Gurea elkarlan bat da, zergatik da horren zaila hori ulertzea?», geldetzen du Arrillagak. Sariketetan sufritzen dute batez ere generoen arteko ezberdintasun hori. «Komunikabideek, gehienetan, gizonaren izena azpimarratu nahi izaten dute», diote hirurek. Elgarrestak eman du horren adibide garbi bat. «Askotan galdetzen didate zeinek egin duen gazta, horren zaila al da bion artean egiten dugula onartzea?».
Eli Arrillaga:
«Parekidetasuna aldarrikatzen dugu,
guk erabakita gara artzainak, ez gara emazteak soilik»
Klikatu argazkian gehiago irakurtzeko
Arrillagak eta haren senarrak Urbian ematen dute ia urte erdia, bere artaldearekin. Dioenez, Urbian txabola bakarra dago emakume izena duena, Dominika. Kontatu duenez, Dominika artzaina zen bere senarra bezala. Alargundu zenean artaldearekin jarraitzea erabaki zuen emakume hark «eta horregatik iritsi da bere izena gaurdaino». Arrillagak ez dauka zalantzarik, senarra bizi izango balitz Dominika zein izan zen inork ez zuela jakingo esaterako orduan. «Emakumea atzeko pertsona bezala hartzen da beti, laguntzaile lana atxikitzen zaigu, eta ez da horrela».
Gaztagileak zortedunak
Argarate ere iritzi berekoa da. «Etxe barruan ez daukagu gure lana inori azaldu beharrik, baina kanpora begira ezberdina da». Sarri, gainera, beren lekua aldarrikatzerakoan «gure burua nabarmendu nahi izatea leporatzen digute askok», gehitu du. Emakumea beti «artzainaren emaztetzat» hartzen da. Baina badira kontrako kasuak ere. Eli Elgarrestak, adibidez, etxean bestelako errealitate bat bizi izan du. «Nik aitari beti entzun diot bera artzainaren senarra dela. Baina egia da aitak baserritik kanpora egin izan duela lana fabrikan, eta amak eraman izan du beti baserriko martxa».
Oztopoak oztopo beren lanbideak badu «harrapatzen zaituen» zerbait. Argaratek dioenez, «artzainak gara guk hala erabaki dugulako eta gustukoa dugulako». Baina gaztagilearen bizimodua gogorra da. «Asko lotzen du, gazta egiteko sasoian ez dago libratzeko asti askorik», gehitu du Arrillagak. Hala ere, gaztagileek zorte handia dutela uste du Argaratek. «Uztailetik azaro-urtarrila bitartean gaztarik egiten ez dugunez arnasa hartzeko denbora izaten dugu, nahiz eta etxean beti dagoen egiteko zerbait». Naturarekin harreman estuan lana egitea «oso polita» da. Elgarrestak lana antolatzerako orduan duten askatasunaz ere hitz egin du: «Ez daukagu presiorik, guretzako egiten dugu lan eta guk geuk zehazten dugu eguneroko erritmoa».
Eli Elgarresta:
«Ardiak desagertu izan balira gure etxea nola geratuko zen
pentsatzeari eman nion»
Klikatu argazkian gehiago irakurtzeko
Gazta jaki preziatua bihurtu da, eta azken hamarkadetan nolabaiteko oparoaldia bizi duela esan daiteke. Gaur egun garai batean baino gazta hobea egiten dela uste du Arrillagak: «Benetako profesionalak bihurtu gara». Horretarako artzainek lan asko egin dute Argarateren hitzetan, lanbidea profesionalizatu egin da. Elgarrestak dio, egun gazta homogeneoagoak egiten direla. «Gazta egiteko prozesuan barometro gehiago hartzen baititugu kontutan. Garai batean, etxe batean egiten ziren gaztak ezberdinagoak ziren euren artean. Gaur lortu dugu gaztak kaliatean irabaztea eta gainera, gaztandegi bakoitzak bere ukitua ematea».
Gaztari balioa eman
Denarekin, kontsumitzaileek gazta izendapenaren atzean benetan zer dagoen ez dakitela uste dute hirurek, eta bat datoz, artzain gaztari merezi duen garrantzia eman behar zaiola esatean. Artzain gazta norberaren artaldearen esnearekin bakarrik egiten den gazta da. «Ezagutzen bagaituzte, eguneroko lana ikusgarri egiten badugu, kontsumitzaileek errazago ulertuko lukete zer lan dagoen gazta bakoitzaren atzean», dio Arrillagak. Izendapeneko identifikazio zenbakian «99arekin hasten direnak dira artzain gaztak», zehaztu du Elgarrestak.
Galtzear dagoen lanbidea da artzainena, erreleborik ezean. Baina hiru emakume hauen ahaleginak eta testigantzak oraindik bizirik dagoela gogorarazteko balio dezala, gutxienez. Aurretik ez du bide erraza begitantzen Arrillagak: «Borroka egitea tokatuko zaigu gazta prezio duin batean saltzeko». Ardiak desagertuko balira «gaur egun ezagutzen dugun Euskal Herria desagertuko litzateke. Horregatik, administrazioak gazteentzako aukera errealak» landu beharko lituzte, Argarateren iritziz. Elgarrestak, aldiz, diru laguntzak ez direla lehen sektorearentzako irtenbidea uste du: «Gakoa, ekoizten ditugun produktuak balioan jartzean dago».