Europako Kontseiluak Europako Batasunarekin elkarlanean sustatu dituen Ondarearen Europako Jardunaldiek haien arrastoa utziko dute Goierrin. Migrazioak eta Kultura Ondarea gaitzat hartuta hamar ekintza egingo dira irailaren 30etik urriaren 29ra bitartean eskualdeko zazpi herritan. Gipuzkoako beste 15 udalerritan ere tankera bertsuko saioak egingo dituzte irail eta urrian.
Denis Itxaso kultura diputatuak eta Ana Arrieta EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreardeak aurkezpenean adierazitakoaren arabera, migrazio mugimenduek arte eta kultura ondarean izan duten eragina aztertzeko balioko dute saio horiek. «Kultura eta tradizioen mosaiko bat da Europa, eta historiak erakutsi du migrazio mugimenduek, edozein jatorrikoak izanik ere, kultur mailako nahasketak eta bat-egiteak eragiten dituztela, eta hori ondarean islatzen dela», nabarmendu du Itxasok.
Errealitate plurala
Eragin horren «analisi zorrotza» egiteak eta herritarrei ondarearen zati baten jatorria erakusteak, «ondarearen ikuspegi ez hain esentzialista» izateko aukera ematen du kultur diputatuaren iritziz. «Kultur ondarea lagungarri izango zaigu gaur egungo errealitatea hobeto ulertzeko, nortasun partekatuaren emaitza den errealitate plurala ulertzeko». Goierriko saioetan parte hartzeko tokian tokiko erakundearekin jarri behar da harremanetan.
Jardunaldiak
Goierriko zazpi herritan hamar ekintza –bisitak, tailerrak, hitzaldiak…– egingo dira Ondarearen Europako Jardunaldien barruan.
Beasain
Irailak 30 (18:30). ‘Migrazioak Beasainen sortutako ondarea’ mahai-ingurua. Igartza jauregian.
Urriak 2 (10:00). ‘Ezagutu migrazio prozesuen arrastoak Beasaingo industrian’ bisita gidatua. Loinazko San Martin plazatik.
Urriak 15 (17:00). ‘Igartza monumentu multzoa eta migrazioak’, bisita gidatu antzeztua. Igartza monumentu multzoan.
Ezkio-itsaso
Urriak 29 (16:30). ‘Nondik nator ni? Nire familia ezagutzen’ tailerra, Igartubeiti baserri-museoan.
Idiazabal
Urriak 15 (11:00). ‘Idiazabalgo Indiano etxeen historia ezagutu’ bisita gidatua. Udaletxetik.
Legazpi
Urriak 2 (11:00). ‘Langileen ibilbidea’ bisita gidatua. Plazatik.
Ordizia
Urriak 1 (11:30). ‘Andres Urdaneta eta itzulerako bidaia. Historia aldatu zuen bidaia’ bisita gidatua, D’elikatuz zentrotik.
Urriak 22 (11:30). ‘Domingo de Zabala, abenturazale baten bizitza’ hitzaldia. Hizlaria: Patxi Garmendia ‘Mendigar’. D’elikatuzen.
Ormaiztegi
Urriak 15 (17:30). ‘Trenak ekarritakoa: Soinu txikia’ erromeria, trenzubiaren azpiko zelaian.
Zerain
Urriak 8 (11:00). ‘Burdinaren mendia. Ingeles alemanak Zerainen’ bisita gidatua. Aizpittatik.