Txapela, sotana eta betaurreko lodiak geratu dira Joxe Migel Barandiaran irudikatzeko ikur, oroiterian. Baina bazekien buzoa eta katiuskak janzten ere, buztinez belaunburuak narrasten, edo galenarekin irrati-aparailua muntatzeko eskuak zikintzen. 25 urte beteko dira Joxe Migel Barandiaran (Ataun, 1889 – 1991) hil zela.
Diziplina askotan saiatu zen, eta aparteko jakintza jaso zuen. Zabalkundea izan zuen obsesio, eta ezin konta ahala liburu, aldizkari eta artikulu idatzi zituen. Baita egunerokoak ere, bizitza pertsonalaz, inguruko gertakariez edo ikerketez.
Apaiza, Gasteizko apaiztegian Fisika irakasle eta errektore gero, hizkuntzak bere kasa ikasten iaioa. Baina historiaurreak katigatu zuen gehien. Wundt-en esanei kasu egin, eta etxetik hasi zen ikertzen. Ipuin zaharrek, mitoek eta Ataungo kontakizunek ireki zioten fantasiazko —ez derrigorrez asmatuzko— mundurako atea.
Euskaltasuna egituratu
Barandiaranen dohain handiena zubigile izatea dela diote aditu askok. Mundu zaharra eta garaikidea lotu zituen, galtzear zen jakintzaren parte bat ahanzturan hondoratzetik salbatu zuen. Baina, hori gutxi ez, eta geroagoko belaunaldiek ere lan bera egiten jarrai zezaten egiturak sortu zituen. Zubia iraganetik mantentzeaz gain, etorkizunera ere luzatu zuen.
Horren adibide dira Eusko Ikaskuntza, Eusko-Folklore edo Euskal Herriko arkeologia indusketen plangintza sistematikoak, gerra aurretik. Ikuska eta Eusko-Jakintza Lapurdiko babesaldian, eta atzera Eusko-Folkloreren birjaiotza, Gran Enciclopedia Vasca proiektua eta, batez ere, Etniker programa.
Bizitza guztiko «ametsa» Etnikerrekin gauzaturik ikusi zuela idatzia du Jexux Aizpurua ataundarrak. 1991ko azaroan eraman zioten lehen lana, argitaratuta, etxera. Ordurako osasunez apal, «erabat hunkituta, pozik eta esker oneko» hartu zuen liburukia. 102 urteko lana bukatuta ikustearen sosegua, eta gizaldi bat lehenago hasitako lanak jarraipena izango zuen satisfazioarekin, hilabetera hilko zen.
Bi mundu, bakarrean
1916an jentilen aztarnen bila hasi zen, Ataunen bertan. Baina, izaki mitologikoekin amesten zuten benetako gizon-emakumeen zantzuak aurkitu zituen. Hala, alegiazko mundua —antropologia, etnologia— eta errealitateko testigantzak —arkeologia, etnografia bilketa— uztartu zituen. Bi izarak ohe berarenak ulertzen zituen.
Eta, guztiaren estalgarri, euskara. 1964ko otsailean, Nafarroako Unibertsitatean euskara eta euskal kultura irakasle hasi zen. Txikitan gaztelaniaz tutik ez zekien Barandiaran handiak, baina euskaraz erakutsi zioten eta aurkitu zuen euskaldunen sehaska zaharra.
Klikatu hemen Joxe Migel Barandiaranen biografia kronologikoa irakurtzeko.
Klikatu hemen Josetxo Zufiaurreri egindako elkarrizketa irakurtzeko.