Benetazko besarkaden zain dauden adingabe asko daude Gipuzkoan, foru aldundiaren babespean. Arrazoi bat edo beste tarteko, familia biologikoari tutoretza kendu die aldundiak eta haur eta gazte horiek beste familia bat behar dute, etxe arrunt bateko berotasuna eta gertutasuna, alegia. Une honetan lurralde osoan 360 haur daude horrelako familietan, eta beste 320 bat harrera etxe edo egoitzatan. Goierrin 26 haur daude harrera familiekin. Horietako bi beren esperientziak GoiBerri-ri azaltzeko prest agertu dira:?Legazpin bizi den Gutierrez-Lavandero familia, eta Ataunen bizi den Lasa-Rodriguez familia.
Irene iritsi zenekoa
Edurne Lavandero eta Jose Antonio Gutierrez bilbotarrak dira baina urteak dira Legazpin bizi direla. Han hazi dituzte Oihane (20 urte) eta Eneko (15) seme-alabak. Familia, ordea, handiagoa da, harreran jasotako bi haur dituzte eta: 5 urteko Irene eta 3 hilabeteko haur txikia.
Nola erabakitzen du familia batek harrera familia izatea? Gutierrez-Lavandero bikoteari haur biologikoak izatea oso zaila izango zutela esan zieten, eta adoptatzea aztertzen hasi ziren. Baina Edurne haurdun geratu zen eta Oihane eta Eneko jaio ziren. Adopzioaren gaia, ordea, ez zuten ahaztu. Hala, haurrak hazten joan ziren eta harrera familien gaia ezagutu zuten komunikabideen bidez. «Adoptatzen diren haurrei bizitza konpontzera doakiela iruditzen zitzaigun, baina besteek etorkizun argirik gabe ikusten genituen, harrera zentro edo etxeetan, familia baten zaintzarik gabe…». Krisia iritsi zenean, beren haurrak zaintzeko gai ez ziren familiataz gogoratu eta gaia serio hartzen hasi ziren.
Informazio eske hasi, diputazioarekin harremanetan jarri, harrera familien Beroa elkartearekin hitz egin… eta etxean beren asmoa azaldu zuten: Enekok 10 urte zituen, eta Oihanek 15. Biek gustura hartu zuten etxean haur bat jasotzeko proposamena. Hitzaldietara joaten hasi ziren, harrera zer den ezagutzeko: «Informazio ugari jaso genuen, eta errealitatea zein den erakutsi ziguten, harreran ume bat hartzea ez delako beti erraza: haurra bere motxilarekin dator, familia agian ez da moldatzen haurrari, haurra agian bere familia biologikoarekin itzultzen da… gerta daitezkeen egoera guztiak azaldu zizkiguten. Familiak non sartzen den ondo jakin behar du».
Aurrera egin zuten, eta balorazio prozesua etorri zen gero. «Haurrak ez dira edonolako familiatara joaten eta ondo aukeratzen dituzte: familiak daukan denbora begiratzen dute, etxea, inguruak, herria… dena. Test psikologikoak ere egiten dituzte». Balorazio positiboa jaso zutenean, itxaron zerrenda batean sartu eta, haurra iritsi bitartean, formazio saioetara joan ziren tarte batean.
Saio haietako batean esan zieten neskato bat zegoela, zazpi hilabetekoa, beraientzako modukoa. Momentuan esan zuten baiezkoa. «Haurdun zaudela esaten dizutenean bezala sentitu nintzen, a ze urduritasuna!», gogoratzen du Edurnek.
Egokitze fasea izan zen hurrengoa: «Etxegorrin –bisitak egiten diren etxea da– egon ginen lehenik, gero beste bisita bat, gero beste bat, gero etxera ekarri genuen asteburua pasatzera, gero egun gehiago etorri zen, eta, azkenik, 2012ko abenduaren 12an behin betiko geratu zen. Bi hilabete eta erdiko prozesua izan zen, baina oso luze egin zitzaigun».
Urte batzuk igaro dira dagoeneko, eta hasieran aldi baterako harrera izan behar zena, harrera iraunkor bihurtu da. Neskatoa, bitartean, hazten doa. Gaur 5 urte ditu, eta «ezagutzen du bere egoera, bi ama dituela esanez aritzen da». Etxeko eguneroko martxan bat gehiago da Irene, eskolara joaten da, oporretara eramaten dute –beti eraman behar dute gainean harreran hartutako haurra dela ziurtatzen duen foru agiria– , medikuarengana… «Erabaki txikiak, egunerokoak, gure kontu dira. Erabaki garrantzitsuak aldundiak hartzen ditu, ebakuntza baten aurrean, esaterako». Aldiro bere familia biologikoa ikustera ere eraman behar dute harrerako alabatxoa. Alde horretatik Gutierrez-Lavandero familiak ez du arazorik izan, bisitak gutxi direlako eta beti «atseginak eta lasaiak» izaten direlako, eta pozik daude. Izan ere, beste harrera familia batzuen esperientziak ezagutzen dituzte, eta bisitak zailagoak izan daitezkeela badakite.
Diputazioaren teknikari batek gainbegiratzen du harrera prozesuaren bilakera, behar denetan laguntza emateko. Legazpiarrek ez dute bere behar handirik izan, izanere, «Irene iritsi zenean txikia zen, eta bere motxilatxoa ekarri zuen arren, ez dugu ia integrazio arazorik izan; baina egia da ume koskorragoek izaten dituztela».
Balorazioa oso ona da. Oihane alaba gazteak argi dauka:?«Irene nire ahizpa da, nire amarengandik jaio izan balitz bezalakoa. Esperientzia hain polita da… Jendea animatzen dut! Nik nire haur propioak izan nahi ditut, baina harreran ere hartuko ditut».
Edurne, Jose Antonio eta Eneko ere iritzi berekoak dira, eta zera esaten dute familiak animatzeko:?«Zeure semea edo alaba hazteko denbora baldin baduzu, berdina da, bisitak kenduta. Diputazioak asko laguntzen du, baita ekonomikoki ere, eta hori ez da aitzakia». Orain, lan gehiagorekin dabiltza, larrialdiko harreran jasotako haurtxoarekin. Gabonak aurretxoan iritsi zen, eta sei hilabete egingo ditu beraiekin.
Fani gelditu egingo da
Ataun San Martinen bizi den Lasa-Rodriguez familiaren kasua ez da oso desberdina. Asier eta Ainarak eta Izar (8 urte) eta Suar (7 urte) beren seme-alabek osatzen dute familia hori. Duela urte bete pasatxo Estefania, Fani, ere beraiekin bizi da.
Bikote horrek bigarren haurra izan eta gero familia handitzeko gogoarekin jarraitzen zuen, baina ez zuen nahi beste seme-alaba biologikorik. Harrera familiaren gaiak atentzioa eman zien eta duela hiru urte abiatu zuten prozesua.
Hilabete askoko prozesua eta «gogorra» izan zen:?«Dena analizatzen dute eta prest egon behar zara horretarako». Bilerak, galdeketak, etxea eta inguruak ezagutzeko teknikarien bisitak… eta azkenik, balorazioa:?«Harrera familia izateko egokiak ginela esan ziguten;?lasaitu edarra hartu genuen!».
«Gero itxaron egin behar duzu, zuk aukeratu duzun profileko haurra egokitu arte. Zuk esaten duzu nolako haurra nahi duzun: sexua, adina, arraza, gaixotasunak… Gu nahiko zabalak izan ginen eta gure baldintza bakarra txikia izatea izan zen». Baina itxaronaldia luzea izan zen:?«Familiak behar zirela, familiak behar zirela, eta ia bi urte igaro ziren». Itxarotea emozionalki «oso gogorra» suertatu zitzaiela aitortu dute Asierrek eta Ainarak.
Iazko urtarrilaren amaieran jaso zuten deia: neska koskorra zen, emergentziazko familia batetik zetorren… Momentuan esan zuten baietz. Otsailaren 9an ezagutu zuten:?«Ikusi bezain pronto jakin genuen bera izango zela», diote hunkituta. «Behin-behineko harrera izango zela esan ziguten, gehienez bi urte igaroko zituela gurekin, ama biologikoarekin egiten ari ziren berregokitzapen programa amaitu bitartean. Baietz esan genuen. ‘Bi urte horietan gure etxeko marka utziko diogu’, pentsatu genuen».
Estefania zen neskatoa, eta hiru urte zituen. Bi hilabeteko egokitzapena egin behar izan zuten etxera eraman arte. Hura ere «gogorra» izan zen. Apiri-lean iritsi zen Ataunera eta etxean Fani deitzen hasi ziren.
Urtebete igaro da, eta neska txikia oso ondo txertatu da etxeko eguneroko martxan, eskolara joaten da, Izarrek eta Suarrek ederki hartu dute –pazientzia handia dutela diote gurasoek–… baina «denok dakigu Fanik bi familia dituela, eta bere beste familia oso presente dago gure etxean, hari buruz garbi hitz egiten dugulako». Bisitak egiten dizkiote aldiro familia biologikoari, eta amak, mamak, ez du huts egiten:? «Lotura handia dago. Hala ere, bisita gehiegi direla iruditzen zaigu, astero, emozionalki asko lardaskatzen dute Fani. Bisitatan amarekin eta beste harrera familia batean dagoen anaiarekin elkartzen da».
Balorazioa positiboa da ataundarren kasuan ere: «Haur honek bestela zer bizitza edo etorkizuna izango zuen pentsatze hutsak egun aldrebesak atzean utzi eta hurrengoetan pentsatzeko adorea ematen dizu. Gainera, beste bi seme-alabentzat ikasketa praktiko bat dela iruditzen zaigu: beste haur batzuk nola dauden, beste guraso batzuk nolakoak diren, zein pribilegiatuak garen gu…».
Familia gehiago animatuko lituzketen galdetuta, zera erantzun dute:?«Nola ez ditugu ba animatuko? Gurasoengandik banandutako haur asko aterpetxeetan daude, eta askoz ere gehiago izan gaitezke haientzako harrera familiak. Tarte batean besterik ez bada lagundu ahal duzula eta ez duzula laguntzen pentsatzea pena da. Guretzako harrotasun bat da haurrari laguntzea. Eskuzabalak izan behar gara! Gainera, diputazioko profesional taldeak asko laguntzen du, beti daude gure ondoan».
Asierrek eta Ainarak duela gutxi jakin dute Faniren harrera iraunkor bihurtu dela. Pozak zoratzen daude etxeko guztiak!