Itxaro Mendizabal (Ttiklik)
Errealitate bihurtutako proiektua da Itxaro Mendizabalena: Ttiklik proiektua. «Barru-barrutik sortutako proiektu bat da. Ilusio handiz sortua eta egunero-egunero, ilusio eta esfortzu handiz» elikatzen duena Beasainen. Egunerokotasunean «interesgarriak izan daitezkeen gaiak» eskura jartzen ditu Ttiklikek. Guraso eta hezitzaileentzako baliabide zentro bat martxan jartzea zuen buruan, «herrian behar hori» zegoela uste baitzuen aspalditik. Eta halaxe egin zuen.
Gaur egun, «coworking filosofian oinarrituz haurrentzako haziera eta hezkuntza egoki bat lortzeko tresnak» ematen» ditu, lankidetza sustatuz. «Haziera errespetagarrirako, hezkuntzarako eta osasunerako tresnak eta baliabideak topa daitezke Ttlikiken, ikastaro eta tailer desberdinen bidez». Aditu desberdinekin kontsultak egiteko aukera ere ematen dute.
Goiekiren Enpresa Ekimen berrien saria 2014. urtean irabazi zuen eta «bideari ekiteko oso ondo datorren sari ekonomikoaz gain, proiektua baliozkoa zela bermatzeko» balio izan diola aitortu du Mendizabalek. Horrelako sariketen inguruan «oso balorazio positiboa» egiten du, ekintzaileei «indarra» ematen diela uste baitu.
Gaur egun eta etorkizunean, «ekintzaileek babes eta laguntza gutxi» dutela uste du, eta horregatik «bide erraza» ez dutela pentsatzen du. Proiektu berri bat abian jartzeak duen gastu ekonomikoa, gainera, «handia izaten da askotan». «Bidea zaila da, baina era berean oso betegarria. Bakoitzak bere proiektu propioa garatzeko aukera izateak, bizitza proiektu batean sinestea dakar, horrek duen ondorio guztiarekin» dio Mendizabalek.
«Sinestea ezinbestekoa da»
Ekintzaileen etorkizuna erraza ez dela uste badu ere, «ilusioa eta bakoitzak bere buruan konfidantza» izanda proiektuak aurrera ateratzea posible dela pentsatzen du Mendizabalek. Horregatik, buruan negozio ideia berritzaile bat duten haiei «benetan sinesten badute, egiteko» mezua bidalin die eta nahiz eta «ezinezkoa badirudi ere, eta bidea erraza ez bada ere», nahi izanez gero, posible dela nabarmendu du.