Laugarren diskoa kaleratu berri du Elbereth Legazpiko metal taldeak. ‘Karma’ izena jarri diote lan berriari.
Ptk-kshssssss… Zerbeza lata batek irekitzerakoan egiten duen zarata da; onomatopeia. Zarata horrekin hartu gaituzte Elbereth metal taldeko kideek Legazpin duten entsegu lokalean. Aspaldi erosi zuten jotzen eta trebatzen diren espazio horretan hozkailu bat zerbezak gordetzeko. Astero bi aldiz elkartzen dira entseguak egiteko eta elkarrekin egoteko. Izan ere, Legazpiko talde metaleroa sortu zutela hamabost urte dira jada eta taldekideen artean sortu diren loturak sendoak dira. Elkarrizketan zehar elkar maite dutela esan dute, lagunak direla eta elkarrizketa egin bitartean agerian geratu da. Karma kontua izango da.
Gaur egun Aritz Legorburu (baxua), Ruben Sanchez (gitarra), Xabier Etxeberria (bateria), Xabier Castaño (gitarra) eta Iker Manso (ahotsa eta gitarra) dira taldekideak. Urte hauetan guztietan aldaketak egon dira eta taldekideak sartu nahiz atera dira. Berriena Castaño da. Taldekideak aukeratzerakoan aurretik ezagunak dituzten musikariengana jo dute. «Musikari onak bilatu ditugu, baina pertsona gisa kalitate humanoa dutenak ere bai», dio Legorburuk.
Musikariak aldatu badira ere, Manso, Legorburu eta Sanchez hasieratik daude kasik, taldeari ez diote inoiz izena aldatu. «Kostata aurkitu genuen taldearen izena eta, aldaketak aldaketa, ez dugu inoiz aldatu», azaldu du Sanchezek. Elbereth J. R. R. Tolkien idazle britainiarraren Eraztunen Jaunatik atera zuten. Elbereth elfoen munduaren sortzaile femeninoa da, jainkosa bat.
Disko berria
Karma izenarekin aurkeztu berri dute euren laugarren diskoa. Autoekoitzi egin dute aurreko hiru diskoekin egin zuten bezalaxe. Legorburuk dioenez, «inoiz ez dugu inorengandik ezer itxaron, gure kasa egin nahi izan dugu aurrera». Diskoa Basque Metal Country zigilu berriarekin atera dute.
Karma diskoan hiru piezekin trilogia bat sortu dute. Lagun bat liburu bat irakurtzen ari zen, Espainiako diktaduran borrero izandako pertsonaiei buruzkoa hain zuzen. Elberethekoek hiru borreroren istorioak hartu eta abesti bana egin zuten. Nola eragiten dio karmak borrero bati? Hortik diskoaren izena. Siriako errefuxiatuak, hondartza batean hilik agertutako mutiko siriarraren argazkiaren harira beste abesti bat dago, «putasemeei» buruzko beste bat –Sanchez: «bizitzan gertu dituzula konturatzen zara»–, teknologia berriek eragiten duten kontrolari buruzko beste abesti bat ere gehitu dute.
Sormen prozesuan letrak egiteko ingurukoen laguntza eskertzen dutela diote. «Hankamotzago gara horretan», dio Sanchezek, eta kontrolaren letrarako Aldoux Huxleyren Bai mundu berria irakurtzen ari zen lagunak esku bat bota zien.
Musikaren sormen prozesuan, ordea, ez dute laguntzarik behar. Urteetako eskarmentua dute jada. Hasieran Iron Maidenetik edaten zuten gehiago, «talde bat aipatzearren», dio Sanchezek; gero Metallicatik. Manso: «Talde asko entzuten ditugu eta eboluzio bat izan dugu, talde horien guztien eraginak uztartu ditugu. «Anitzak» izaten saiatzen direla gaineratu du Legorburuk.
110 kontzertu
Hasi zirenetik 110 bat kontzertu egin dituzte. Azkena Ordiziako Oiangun. Kontzertuetan, metala maite duen publikoa biltzen dutenean, jende gutxiago egon arren gehiago gozatzen dutela diote. Legazpiko Santikutz jaietan, maiatzean, disko berria aurkeztu zuten, hasieran publikoa hotz sentitu zuten. «Etxean jotzea da zailena», nabarmendu du Legorburuk.
Bira ugari egin dituzte eta Euskal Herrian nahiz Espainiako hainbat txokotan jo dute. Biretarako furgoneta bat erosi zuten elkarrekin, eta diotenez, furgonetan igo eta dena delako tokira abiatze hutsak poza eragiten die beti. Madril, Valentzia, Castellon, Bartzelona… Toki guztietan ongi baino hobeto hartu dituzte. Euskaraz kantatzen dute eta horrek kanpoan inoiz ez diela arazorik sortu diote, «kontrakoa, euskarak beti interesa sortu du».
Elberetheko kideek metala dute bihotzean baina euren bihotza ez da metalezkoa. Bitxia da, Elberetheko taldekide guztiek metalaren alorretik ateratzen dute bizimodua; denek egiten dute lan siderurgian. Elberetheko musikariek entsegu lokalean gehien gustatzen zaiena egiten dute astero: musika sortzen dute. Elbereth luzerako dagoela diote eta duten giroa ikusita ez dago zalantzarik. Karma kontua izango da.