Nafarroako hainbat herritan ikusitakoa Legazpira ekarri, eta jostailu bihurtu dituzte erraldoien konpartsako bi kide:?Pakita eta Bruno. Salgai jarritako lehen egunean 100 bikote saldu zituzten. Gabonetarako gehiago eskatu dituzte.
Legazpiko haurrek jostailu berriak dituzte aukeran herriko erraldoien konpartsako arduradunei esker. Izan ere, konpartsa horretako Pakita eta Bruno, erraldoi legazpiarrenak alegia, tamainaz txikitu eta gomazko panpin bihurtu dituzte, 25 bat zentimetroko altuerakoak.
Arrakasta handia izan dute Pakita eta Bruno txikiek, salgai jarri zituzten egunean agortu zirelako guztiak, 100 bikote. Bikotea 25 euroan saldu dute.
Eskari gehiago zeudela eta, Eguberriei begira beste sorta bat enkargatu dute. Aurreragorako, konpartsako beste bi bikoteen erreplikak egiteko asmoa dute; Legazpiko txikiek, beraz, Mikel eta Mikeleren eta Antton eta Anttoniren panpinekin jolasteko aukera izango dute laster.
Konpartsako Mikel Alonsok azaldu duenez, Nafarroako herri batzuetan ikusitako ideia kopiatu besterik ez dute egin, eta Legazpira ekarri. Goierri aldean erraldoi konpartsa gehiago badaude, baina inork ez du momentuz panpinik egin;?Tolosako eta Arrasateko erraldoi batzuk, aldiz, badute bertsio txikia.
Bruno eta Pakita panpinekin helburu bikoitza bete dutela dio Alonsok: batetik, haurrei jostailu berri eta originala eskaini diete, eta bestetik, taldearentzako diru iturri bihurtu dira.
Konpartsa, lagun bila
Legazpiko konpartsa hiru erraldoi bikotez eta 12 buruhandiz osatuta dago. Erraldoiak eta buruhandiak herriko ia festa guztietan ateratzen dira, baita beste ekitaldi batzuetan ere:?Euskararen Egunean, Uztail Kulturalean, kontzertu berezietan… Kanpora ere irteten dute, batez ere erraldoiak. Irailean, Agorreko Santikutzetan alardea egiten dute eta Legazpira etortzen diren konpartsekoei bisita itzultzen diete. Aurten, esaterako, Urretxun, Ordizian, Añorgan, Bizkai eta Nafarroako herri batzuetan… eta Kataluniako Lleidan izan dira.
Horrelako agenda aurrera eramateak bere zailtasunak ditu, eta konpartsako arduradunak boluntario gehiagoren bila dabiltza. Ez da trebezia berezirik behar, haurrei une ziragarrak biziarazteko gogoa izatea besterik ez,