Joseba Apaolazak eta Sara Cozarrek ‘Ergela’ antzezlana dakarte datozen asteotan Goierriko hiru aretotara.
Bere arazo ekonomikoak konpontzeko irtenbidearen bila, egunkarian proba psikologiko batzuetarako deialdi baten iragarkia ikusi eta proba horietara aurkeztea erabakitzen du Karlos Varelak. Diru erraza irabaziko duelakoan, irtenbide gabeko zurrunbilo batean sartuko da. Hasierako tonu barregarria eta trama arina atzean utzita, istorio nahasi eta tentsiodun bihurtzen da Ergela antzezlana, elkarrizketa gero eta sakonagoa bilakatzen den heinean. Jordi Casanovasek idatzitako eta Martin Agirrek euskarara ekarritako obra da, eta gaur bertan, Goierrira ere iritsiko da.
«Publikoak aspertzeko astirik izango ez duen antzezlana da». Joseba Apaolazaren hitzak dira, protagonistaren papera antzezten duen aktore urretxuarrarenak. Urtarrilaren 14an, Hondarribiako Itsas Etxea Auditoriumean estreinatu zuten Ergela, Txalo ekoizpen etxearen eskutik eta Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean.
Gizarteari kritika
Karlos Varela eta Eder Trauss, edo Joseba Apaolaza eta Sara Cozar, antzezlan aldrebesatu batekin datoz. Ergela, egungo testuinguruari eginiko kritika da:«Osasun probak oso ohikoak dira gaur-gaurkoz eta gero eta gehiago dira gizakien inguruan egiten diren ikerketak», azaldu du Apaolazak.
«Nahiko gizarte ergelean bizi gara eta kontrola dutenek eta ahaltsuek horrelako probekin, gizakia kontrolpean eduki nahi dute» gehitu du. «Egunero somatzen dugu dena ez dagoela gure eskuetan, zein bizimodu eduki behar dugun edota zeintzuk diren gure beharrak, besteak beste; eta hori kontrolatu nahi duenik ere badago», nabarmendu du Urretxuko aktoreak. «Denak izan gaitezke, beraz, engainatuak, inozoak, ergelak» azaldu du.
Eta ziurrenik hori da ikuslearengan pertsonaiarekiko enpatia ahalbidetzen duena. Izan ere, segituan ohartzen dira, bere erabakiak dituen arriskuez.
Ikuslea harrapatzeko osagai guztiak ditu Ergelak: ikuslearengan eragina duen kontakizun bat, etengabe tentsioari aurre egin nahia eta umorea.
«Nahiko gizarte ergelean bizi gara, eta ahaltsuek kontrolpean eduki nahi dute gizakia»
Joseba Apaolaza, Aktorea
«Taula gaineko kontzentrazioa handia da, eta konexioa ohi baino handiagoa»
Sara Cozar, Aktorea
Eta antzezlanari tentsio puntua sorrarazten diona da, hain zuzen ere, Sara Cozar ordiziarrak antzezten duen pertsonaia: Eder Trauss . Gainetik jartzen den psikologo erakargarri bat da Trauss, eta berak du Karlosi psikologia proba egiteko ardura. Galdera, enigma eta asmakizun ugariri ahalik eta ondoen erantzuna bilatu beharko die Karlosek, eta egoera estuan jarriko du horrek guztiak.
Biren hartu-emana
Ordu eta laurdenez, bi pertsonen arteko hartu-emana eta elkarrizketa dira, antzezlan honetan aktoreen profesionaltasuna eta konexioa agerian uzten dituztenak. Karlosentzat kartzela moduko bat bilakatzen den bulego soil baten antzeko gela batean gertatzen baita guztia.
Bi aktoreek «taula gainean izan beharreko kontzentrazio handia eta konexioa, ohi baino handiago da», Sara Cozarrek adierazi duenez. «Oso ondo konpontzen gara eta hori ere klabea izan da», aitortu du ordiziarrak. Izan ere, ez da elkarrekin lan egiten duten lehenengo aldia, nahiz eta oraingo honetan bezalakorik ez duten sekula elkarrekin antzeztu.
Egoera estuan eta bulego hartan bakarrik, harrapatuta sentitzearen sentsazioa transmititzea da antzezlanak bilatzen duena. «Gaurkotasun eta sinesgarritasun handia duen istorioa da», Apaolazaren esanetan. Izan ere, «gizarte honetan denok gaude pixka bat ergelduta». Umorea erabiliz, hausnarketarako aukera da Txalo ekoizpen etxearen antzezlana.
Goierrin gaurtik aurrera
Hondarribian pasa den hilabetean estreinatu eta beste hainbat herritatik pasa ondoren Goierrira ere izango da Ergela antzezlana ikusteko aukera.
- Gaur, otsailak 2. Zumarragako Zelai Ariztin, 22:30ean.
- Otsailak 17. Legazpiko Latxartegi aretoan, 20:00etan.
- Martxoak 23. Ordiziako Herri Antzokian, 22:00etan.