Nagore Belastegi
Ez dakit nondik hasi idazten ez dudalako hitz bortitzik erabili nahi, eta horiek dira nire burura lehenengo etortzen direnak. Irakurleek testu hau jasotzen dutenerako jada astebete pasatu izango da epaimahai batek 2016an Iruñean gertatutakoa abusua dela ebatzi zuenetik. Amorrua sentitu nuen egun hartan. Nire pentsamendua bortxatua izan zen emakume gazte harengan joan zen; zer sentituko du sentzentzia barregarri horren aurrean? Zer, kalera atera ziren milaka pertsonak ikustean? Eta emakumeok inolako babes judizialik ez dugula jakitean? Beste behin, gizonek nahi dutena egin dezaketelaren irudia islatu da, baina ez dezatela pentsatu hala izango dela, epaitegian justizia egiten ez bada kalean egingo baita. Ez gara ixilik geldituko. Honen guztiaren bueltan gogora etorri zaizkit nerabea nintzela amak ematen zizkidan gomendioak: «Ez itzuli etxera bakarrik, hobe beranduago bazatoz baina lagunekin, jende gutxi dagoen kaletik zoazenean ez joan musika entzuten, giltzak eta telefonoa beti eskura». Eta oraindik hau guztia barruan daramat treneko lehenengo bagoian esertzen naizenean, laguntza eskatu behar badut gidaria bertan dagoelako; edo gizon talde baten ondotik pasatzean urduri jartzen naizenean eta, bada ez bada, entzuten ari naizen musikaren bolumena jaisten dudanean; edo kamiseta berri txundigarri horren azpian, eskotea tapatzen didan beste bat janzten dudanean zerbait gertatzen bazait nire errua omen delako.
Iraia Oiartzabal
Lehen kolpeak utzitako haserrea desagertu gabe oraindik, igarotako egunek hausnarketarako tartea ere utzi dute. Eta orain ia bi urte sanferminetako lehenengo gau hartan gertatutako basakeria eta epaileek hartaz egindako irakurketa bidegabeak erraiak mugitu eta kontzientziak esnatzea lortu dutela esango nuke. Iruñeko kaleetan ikusitako mobilizazio itzelak horren adierazletako bat dira. Epaiaren berri izaterakoan inguruan sortu zen amorru kolektibo horren erdian gau hartan, atari baten iluntasunean bortxatua –bai, bortxatua– izan zen neska gaztea etorri zitzaidan burura niri ere eta ordutik ezin izan dut gainetik kendu galdera: nola sentitzen ote da? Are gehiago, nola sentitu ote da azken bi urte hauetan? Bortxaketaren bortizkeriari beste hainbat etorri baitzaizkio: berak bakarrik, bere baitan bizitako mina eta gainditze prozesua –halakorik inoiz erabat gainditzerik badago– eta, hori gutxi balitz, salaketaren osteko prozesuan behin eta berriz berak bizitakoa zalantzan nola jartzen zuten ikusi behar izan zuen. Bost gizonek bortxaz bere gorputzarekin nahi izan zuten guztia egin eta gero bere biziarekin aurrera jarraitu izana –berak bakarrik jakingo du zein kosturekin– ere epaitu zuten. Horregatik, da hain garrantzitsua sortu den erantzuna. Milaka emakume eta gizon, gazte zein heldu, irten dira kalera sinisten dutela esateko. Aurpegi anitzeko bortxaketa bati emandako erantzun ozena izan dadila matxismoari eta errotutako diskriminazioari aurre egiteko beste urrats bat.