Irailaren 22an, udako etenaldiaren ondoren, mendizale beteranoek Goierriko Mugetako Birari ekin diote. Udanatik Otsaurtera Aizkorriko mendizerra eta Urbiako zelaiak zeharkatuz 21,8 kilometroko ibilaldi ederra burutu dute.
Goizeko 07:00etan Ordiziako Garagartzako autobus geralekuan hainbat mendizale elkartu gara. Eguna oraindik ez du argitu, baina mendira joateko giro ederra sumatzen da. 16 graduko tenperatura dugu eta zeruan laino gutxi batzuk ageri dira. Baten bat, ordutegiarekin nahastuta, ez datorrela konturatuta, pixka bat itxoitea erabaki dugu eta 7:10ean abiatu gara Beasain aldera. 7:15ean, bertan zain zeuden mendizaleak autobusera igo eta Udanako mendaterantz egin dugu. Gaurko taldea, orain arteko kopururik handienekoa da. 42 mendizale eta horietatik 12 emakumezkoak gara.
Udana (515 m)Artzanburu (1.368m)
Udanako bidean argitu zaigu eguna eta altxatzen ari diren gaueko behe?lainoek eguraldi ederra izango dugula iragartzen digute. 07:40an iritsi gara Udanara eta bost minutu beranduago bertatik abiatzen den IL/GRa hartu eta igotzen hasi gara. Hasieran pinudietan eta geroxeago pagadi eta hariztietan ibiliz, Jarondoko bordetara iritsi gara. Ondoren, bide zabala utzi eta ezkerretik doan bidezidorra hartuta, 09:30ean Biozkorniako lepo (1.210m.) zabalera iritsi gara. Bertan, gaurko lehenengo talde?argazkia ateratzeaz gain, bertatik ikusten diren paisaiez gozatu dugu. Anboto, Udalaitz, Gorostiaga, Izarraitz, Txindoki, Beriain… Paraje zoragarriak itsas lainoaz apainduta.
Gaurkoa betetzeko, asko falta zaigu oraindik. Segidan, harkaitzen artean igotzen jarraitu dugu, sigi-saga eginez eta 09:55ean Artzanburuko tontorrera iritsi gara.
Artzanburu (1.368m) Oltza (1.100m)
Artzanburutik larreetarantz egin dugu. Bidea jarraitzeko, lurrean sartutako harri bertikalen seinaleez baliatu gara. Zati hau trakets samarra gertatu zaigu, baina ondoren alfonbra berdeaz gozatzeko aukera izan dugu. Eskuin aldera begiratuta, Arabako lautada, Gasteiz hiria, Burgos eta Errioxako Demanda mendizerra… ikusiz goaz. Ezkerraldean, berriz, Aizkorriko mendilerroa dugu. Oinez jarraitu dugu gelditu gabe. Belarraren hozkirriaz gozatuz eta, era berean, zelaietan lasai dabiltzan animaliak behatuz. Haize freskoa dabil eta eguzkiaren izpiak atseginak gertatzen zaizkigu.
Aizkorritxoko (1.345 m) tontorrera heldu gara. Goizeko 10:45 dira eta hamaiketakoa egiteko bertan dauden kareharrizko harkaitzen tartean eseri, eta atseden hartu dugu. Giro onean gabiltza, baina ezin da gehiegi gelditu. 11:00ak inguruan, taldeko beste argazki bat aterata, Oltzarako saroietarantz abiatu gara.
Arbelarreko txaboletara jaitsi gara, beti ere, markatuta dauden bidezidorrak jarraituz, eta Urbiara eta Aizkorrirantz doazen pistak eta bideak alde batera utziz. Zati honetan nazioan ezaguna den Zegama-Aizkorri mendiko maratoiaren marka horiak jarraitu ditugu, eta gune karstiko eder bat igarota, Oltzako zelaietara iritsi gara. Bertan taldeko beste argazki bat egin dugu Aizkorriko mendilerroak eskaintzen digun eszenatoki aparta ikusita. Artzain?zakur txikiak zaunka egin digu biziki, agurtzeko edo bere presentzia baieztatu nahian segur aski.
Oltza (1.100m) Sandrati edo Lizarrate (1.010m)
Oltzako bordak eskuinean ditugula, belardiaren barrenerantz jarraitu dugu. Pagoen itzalpe ederrean gabiltza. Geroxeago orbela zapalduz, poliki?poliki, aldapan gora, Ontzabertza tontorrera (1.283 m) igo gara. Oparoa izan da bidea, ikusmen oneko mendizale batzuek afaltzeko adina gibelurdin bildu baitituzte.
Bidezidorra jarraituz, Aizkorrira eta Urbiara doazen bideekin (Mandabidea eta Arabarren bidea) bat egin dugu Liñategietan (1.195 m). Eskuinera jarraitu dugu pagadian barrena, garai batean, mandabideak izandako bidezidorretatik. Bide?gurutze batera iritsitakoan Sandratiko (San Adriango edo Lizarrateko) pasabidera heldu gara. Eskuinerantz egin eta Sandratiko multzoa zeharkatu dugu (tumulua, galtzada, kobazuloa eta barruko ermita).
Sandrati (1.010m) Otsaurte (670m)
Sandrati atzean utzi eta beherantz ibiliz, antzina Mikeleteen etxea eta gerora aterpetxea izandako eraikinaren ondotik pasatu gara. IL/GR markak jarraituz, ezkerrerantz doan bidetik Añabaso gainera (958 m) igo gara. Gero Beundeko lepora (830 m) jaitsi gara, eta Otsaurtetik Sandratira edo Lizarratera doan pista hartu dugu, baina bidea laburtzeko, eskuin aldeko bidexkak hartuta jaitsi eta azkenean pistan ibiliz, 14:30ean Otsaurtera (670 m) iritsi gara. Ordua ere halakoa izanik, beroa eta egarria nabarmendu zaizkigu amaieran. Otsaurteko iturrian freskatu eta, etxera itzultzeko autobusean sartu gara.
Bideko toki interesgarriak
- Udanako labeak: Udanako gainean, errepidearen ondoan, Udanako mea kiskaltzeko labeak daude, 1872tik 1935era arte lanean aritu zirenak. Urte haietan, Biozkorniako (Kataberako) meategia ustiatzeko instalazioak eraiki ziren. Haien artean, gaur egun, labeak eta ustiapenaren nagusia eta langile-burua bizitzeko etxebizitzak kontserbatzen dira.
- Frantxiskorta, Ollariagako lepoak.
- Jarondoko bordak.
- Biozkorniako lepo zabala. Bertan, transhumantziarako erabili ziren bide zaharrek topo egiten dute, artaldeak uda garaian Urbiara eramaten zituztenek alegia, eta Katabera edo Biozkorniatik pasatzen dira. Gaztelatik Frantziarako bide aukera ere izan ziren Erdi Aroan.
- Biozkorniako Ama Birjinaren aulkia (sillea): Forma bitxia duen harkaitza da, eta bertan, kondairaren arabera, Ama Birjina Arantzazura zihoala atsedena hartzeko eseri zen.
- Artzanburuko tontorra (1.365 m). Norabide guztietarako ere behatoki ikusgarria da.
- Aizkorritxoko tontorra (1.345 m).
- Aizkorritxoko Trikuharria. Orain dela 4.000 bat urte leku hauetan giza taldeak zeudela egiaztatzen duen harrizko altxorra.
- Oltzako bordak (1.100 m).
- Ontzabertza tontorra (1.283 m).
- Sandratiko multzoa (1.010 m) (tumulua, galtzada, kobazuloa, ermita) Mendeetan zehar eta baita milaka urteetan ere, garrantzia izan duen multzo historikoa.
- Mikeleteen etxea, aterpea izandakoa pasatu ondoren Aldaolako lepora jaitsiko gara (832 m).
- Añabaso mendia (965 m).
- Beundeko lepoa.
- Otsaurte (670 m).
Informazio gehiago: ww.gmb.eus