Hartu dut godaleta eskuan, eta jaurti dut dadoa indarrez: «Zubitik zubira, eta berriro tira». Zorteko nago, antza! Nora eramango ote nau zubiak? Etzi, Urretxu-Zumarragara, han izango baitira aurtengo Kilometroak. Antzara jokoan egindako jauziak bi herri horiek batzen dituen zubiaren erdian lur harrarazteko modua emango dit.
Ez da gure lehenengo Kilometroak jaia izango, hamaikatxotan izanak baikara jada, baina bai formatu honetan egingo den azkenekoetako bat. Datorren urtean Zarautzen egingo denak amaituko baitu, dirudienez, ziklo hau.
Kanpotik begiratuta ez zait hain-hain harritzekoa iruditzen. Izan ere, zenbaterainoko ahalegina egin behar du Ikastolaren bueltako jendeak, eta oro har, herritar guztiek, egun borobil, jardueraz beteriko, ondo lotu, guztion gustuko eta ekonomikoki etekintsua antolatzeko?
1994an izan ziren Kilometroak gure herrian, Legazpin. Artean ez ginen adinez nagusi, baina ikastolako ikasle ohiak ginenez, buru-belarri jardun genuen laguntzen: aurretiko lanetan, egunean zeharrekoetan eta osteko garbiketa lanetan. Urte mordoxka bat igaro da harrezkero, baina ondotxo dakit ekimenak, oro har, bete ninduen arren, egunean bertan ez nintzela oso aho zapore gozoarekin geratu: amaitu da, jota nago, eta ez dut ezerekin gozatu, ez dut kontzerturik ikusi, ez lagunekin egonaldi lasairik egin, gaztelania ere nahi baino gehiago entzun dut…
Gainera, motorzale batekin izandako eztabaida ez zen oso lagungarria izan. Hara: lanerako, non eta trafikoan jarri ninduten, baimena zutenei bakarrik pasatzen uzteko agindua emanda. Berez, ez da oso lan dibertigarria, baina han ari nintzen herrigunera sartzeko baimena ukatuz ala emanez, aldian-aldian. Nor eta motorzale bat azaldu zen, herri barruraino sartu nahi zuela esanez. Baimenik ez bazuen ezin zuela, nik. Hark egoskor jarraitzen zuen: motor batek ez zuela enbarazurik egiten, herrigunean nonbait aparkatuko zuela, faborez uzteko pasatzen… Sentitzen nuela, ez zela nire erabakia, baina debekatuta zeukala aurrera egitea. Joateko plantak egin arren, han hasi zitzaidan motorrarekin zalditxoa eginez jiran. Ni beldurrez, burua eskuekin estaliz… Kaka-umea nintzenez, hankak dar-dar batean nituela utzi ninduen.
Orain ere dardarka dauzkat hankak, baina bestelako sentipen batzuen eraginez. Gogoz nago iganderako. Euskararen eguzki epela bizilagunaren, eta horrenbestez, nirea ere baden zerupean sumatzeko prest. Euskaraldiaren irudietako bati helduta, ahobizi iritsiko naiz hara, neure ahoz dastatzeko euskararen zapore gozoa. Han izango diren belarriprest guztiei geure-geurea den hizkuntzan egingo diet, eta euskarari bere sorginkeriarekin jarrai dezan utziko diot.
Ez dakit antzara jokoan aurrena iritsiko ote naizen, eta egia esan berdin-berdin dit, baita azkena izanda ere! Jolas gehienetan bezalatsu, euskarari dagokionez ere, garrantzitsuena ez baita irabaztea. Iritsi egin nahi dut, parte hartu, hitz egin, gozatu, eta hango Ikastolari lagundu. Euskal eiteari eskutik helduta ibili nahi dut. Lotuta. Bat eginda. Igandean, zubiek bat egingo dutelako. Igandean, zubiak batuko gaituelako!