Axier Iriondo
Legazpiren ikuspegirik onena Arraseta mendiak du. Gaur egun, sasiak hartu samar dago, baina, balkoia dago bertan, eta Legazpi, beraz, balkoipean. Legazpiko Euskaraldiako lantaldekoek ideia hori hartu dute ekimenaren inguruko azalpenak emateko. BALKOIPEAN hitzaren letra bakoitzari hitza gehitu diote: B belarripresten letra da, A Ahobiziena, L Legazpirena, K Konplizitatearena, O Ohiturarena, I Inguruarena, E erosotasunarena, A hrik gabeko Amaikarena, eta N NonNorNoranahirena. Hitz bakoitzaren ondoren ohar zehatzagoa dator.
Konturatuko zinen P falta dela. Gainerako letren izenak eta beren azalpenak oso erraz sortu omen zitzaizkien, baina P horrek lan pixka bat eman omen zien, Pdun hitz egokirik bururatzen ez, sobera ere. Baina, azkenean, iritsi zen Pdun hitza, puzzlean falta zen hutsunearen neurri-neurrikoa gainera.
ZingiZango euskara elkarteak hamaika urte beteko ditu aurten. Euskara hutsez funtzionatuko duten uneak eta guneak sortzeko helburuz sortu zen eta ekintza ugari egin ditu. Hala ere, aurtengoa izango da ZingiZangoren azkeneko urtea. Webgunean bertan ere, abenduaren 3an, argitaratuko da azkeneko sarrera. Elkartea tresna dela eta ez helburua ondo gogoan hartuta, amaiera baikorra emango zaio ZingiZangori. Izan ere, ZingiZangokideok P handiz jardun genuen duela hamaika urte eta P horrek orduko neurrian jarraitzen du.
Aitor Calvillo
Pazientzia? Puntualitatea? Piura? Pagotsa? Partsimonia?… handiz, beraz! Ez zegok gaizki! Bejondeizuela! Helburu jakin batzuekin sortu eta ekintza mordoaren ondotik, agur! Ez zarete makalak. Hala ere, AEKn nabil ni azken bi hamarkada hauetan eta Euskal Herria euskalduntzea xede nagusia dugun honetan, egia esanda, inolako adio-eperik jartzeko moduan ez gaude oraindik. Bai, badakit! Euskaraldia hementxe dugula ate joka! Hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen ariketa praktikoa egingo dugu, bai! Hartu kontrola, aukeratu rola, esadazu nola eta egin dezagun proba! Baita! Baina 11 egunetan? Makina bat jende ezagutzen dut ohitura aldaketa dela eta erretzeari utzi diona epe laburragoan! (guztiak badakit ezetz, eh!). Hernanik abian du 365 egun euskaraz ekimena eta horiek bai direla hamaika egun. Ondo dago Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bat egitea euskararen normalizazioan lanean ari diren hamaika gizarte eragilerekin. Bazen garaia! Baina hizkuntza jarrerak aldatzea helburu duen ekimen honi bultzada sendoa emanda ere, etxe barruan begiratu eta etxekolanak egiten hasteko garaia ere bada, ezta? Edota normala iruditzen zaizu EITB sortu zenetik ia 36 urte pasa diren honetan, bere lehen katean pilota partida zuzenean euskaraz ematen aritu eta ezustekoren bat gertatuz gero Elena Azpeitiak medikuari espainolez elkarrizketa egin behar izatea? (eta horrela eskaini telebistak. Hartu kontrola, aukeratu rola eta egin dezagun proba! Eta agian beste oilar batek joko liguke kukurruku!