Zumarragako Musika Bandak 150 urte betetzen ditu 2019an. Belaunaldi ezberdinen arteko segida ezinbestekoa da bandak jarraikortasuna izateko. Amaia Madariaga (Zumarraga, 1996) da egungo gazteetako bat, baina gehiago ere badirela dio: «Hasi nintzenean baino gazte gehiago dago orain». Klarinetea jotzen du berak.
Urteurrenaren harira, sumatzen al da giro berezirik musika bandan?
Noski baietz! 150 urte betetzea ospatzeko marka da, eta ekintza berri asko egingo ditugu. Jendea gogotsu sumatzen dut.
Zer berritasun prestatu duzue?
Ekintza esanguratsuenak bost dira: Donostiako Orfeoiarekin joko dugu otsail hasieran, Gipuzkoako musika banden alardea ere antolatu dugu martxoan, Gozategirekin batera kontzertu bat egingo dugu Zumarragako festetan eta Jacob de Haan herberearrak zuzendutako kontzertu bat eskainiko dugu irailean. Valentziako Aldaia herriko bandarekin elkartrukea ere egingo dugu. Hau da, apirilean beraiek hemen joko dute, eta uztailean gu joango gara Espainia aldera. Era berean, egun berezietan kalera aterako gara, urtero bezala.
Kontzertu asko izaten dituzue?
Kontzertu eta kalejiren artean, gutxi gorabehera, hilabetean behin edo joko dugu. Aurten gehiagotan, noski.
Ordu asko sartu behar al dira musika bandako kide izateko?
Astean behin egiten ditugu entseguak, ostiraletan. Halere, Donostiako Orfeoiarekin dugun kontzertua gertu dagoenez, azken asteetan gehiago ari gara entseatzen. Denbora dudanean, etxean ere entseatzen dut apur bat, baina agian behar baino gutxiago… Batzuetan kosta egiten da egunerokotasunarekin uztartzea: azken finean, lana edo ikasketak direla, entsegu batzuetan huts egin behar izaten dut.
Zenbat urte daramatzazu musika bandan?
Bospasei urte daramatzat. Egia esan, nik ere ez nuen espero horrenbeste urte iraungo nuenik.
Zer eskaintzen dizu Zumarragako Musika Bandak?
Jendaurrean jotzea berezia da, are gehiago entzuleari gustatu bazaio. Gozatu egiten dut musika jotzen, eta gozatu egiten dut ingurukoekin. Adin ezberdinetako jendea ezagutzeko aukera eman dit bandak, eta giro oso ona dugu. Lagun artean musika jotzen oso ongi pasatzen dut.
Nola gogoratzen duzu zure lehen aldia bandarekin?
Zumarragako musika eskolan ikasi nuen klarinetea jotzen, eta nire irakasleak esan zidan bandara etortzeko. Santa Lutzi eguneko kalejira izan zen nire lehen ekitaldia.
«150. urteurrena opatzeko moduko marka da. Jendea gogotsu sumatzen dut»
«Bospasei urte daramatzat bandan. Ez nuen espero horrenbeste iraungo nuenik»
«Gure entzulea, orokorrean, jende heldua da. Ea gazteak ere gerturatzen diren»
Erraza da musika eskolatik bandarako jauzia?
Bata bestearen jarraipena dela esango nuke. Harreman zuzena dute musika eskolak eta bandak, eta era natural batean ematen da jauzia.
Gazteak ba al datoz atzetik?
Hasi nintzenean baino gazte gehiago dago orain. Apurka apurka ari da jende gaztea bandara hurbiltzen, eta banda eraberritzen ari dela iruditzen zait. Adibidez, ni beste sei lagunekin batera hasi nintzen, eta guztiok jarraitzen dugu, eta musika eskolatik ere urtero etortzen da gazteren bat.
Guztira, zenbat musikarik osatzen duzue Zumarragako banda?
Berrogei bat musikari izango gara, apur bat gutxiago. Halere, urteurrenagatik, ohi baino musikari gehiago elkartuko gara aurtengoan.
Bandan zein kargu duzu?
Hirugarren klarinetea naiz. Egia esan, hasi nintzenetik nahiz hirugarren klarinetea, eta gustura nagoenez, ez dut aldatzeko asmorik.
Ez zenuke bakarlaria izan nahi?
Musikari ona izan behar da horretarako, eta ausardia apur bat ere bai.
Nolakoa izaten da zuen entzulea?
Orokorrean jende heldua izaten da. Ea gazteak ere gerturatzen diren gu entzutera.
Plazarik bereziena?
Zumarragako festetan plazan jotzeak xarma berezia du.