Musikari lotuta dago aspalditik Andres Menaren (Legazpi, 1964) bizitza. Gazte-gaztea zela hasi zen baxua eta gitarra jotzen eta hainbat taldetako partaide izan da harrezkero. Azkenaldian bakarka dabil, eta Carlos Ausserladscheider zenari egindako omenaldian jotzeko aukera izan zuen, La Toga taldearekin batera. Gainera, herriko rock talde guztien izenak eta ehunka argazki, abesti eta bideo jasotzen dituen blog bat egin du.
Noizkoa da Mena eta musikaren arteko harremana?
Aspaldiko kontua da eta Carlosekin lotuta dago. Carlosek egundoko diskografia zeukan eta herriko gazteentzako musikaren txokoa bilakatu zen bere etxea, Lekuona, nahiz eta guk Zurrantegi (Zurran) deitzen genion. Nire lehen gitarra elektrikoa han ezagutu nuen. Ziper taldeak han entseatzen zuen, eta bertan, Gariz gain, nire kuadrillako Ignazio Lasak ere jotzen zuenez, haren bitartez giltza lortu genuen eta kuadrillako besteok ere joaten ginen.
Zein izan zure lehen taldea?
Lagunon artean, futbolaz hitz egin beharrean musikaz hitz egiten genuen. Bost ginen, ia musika formakuntzarik ez, baina gogoa bai, eta Peste taldea sortu genuen: baterian Javi Moreno, gitarran Jose Ortiz Epi eta Ignazio Lasa, bajua ni nintzen eta abeslaria Javi Galindo. Lokala eskatu genion udalari eta San Ignazio auzoko eskola zaharretan utzi ziguten bat.
Pesteren lehen kontzertua gogoangarria izan omen zen.
Bai. Gari etorri zen gure bila, dagoeneko Hertzainak taldean zegoenean, Oñatin eman behar zuten kontzertu batean guk telonero gisa jotzeko eskatzera, eta hala, joan ginen. Bost abesti genituen bakarrik… gure lehen emanaldia izan zen. Kontzertua nahiko desastrea izan zen, gitarra jotzaileak gitarra apurtu zuen eszenatokian… Eta gitarra talde osoarena zenez, taldea ere puskatu zen.
Talde gehiago etorri ziren gero.
Nik nire aldetik jo nuen eta Juani Delgado eta Karlos Arrazolarekin Jo ta Akatu izango zena osatu genuen. Brinkola-Telleriarteko eskoletan genuen entsegu lokala. Gure lehen emanaldia Urte Zaharretan egin genuen. Aurrerago, Delirum Tremensekin jotzeko aukera izan genuen Urretxun; kontzertu hartan espontaneo gisa oholtzara igo zen Whiski ere taldean sartu genuen. Bost urte egin genituen Juani gartzelara eraman zuten arte, orduan Sindo Mellado sartu eta beste bi urte egin genituen. Bi maketa grabatu genituen, gaztetxez gaztetxe eta festaz festa ibili ginen… Legazpin Guardia Zibilaren koartela okupatu genuenean kontzertua egin genuen hango patioan, eta hura grabatuta dago.
Baina nekeak eraginda edo, taldea desegin zen.
Eta bakarka jarraitu zenuen.
Bai. Orduan Brinkolako lokala utziarazi ziguten eta Motxorroko lokaletan hasi nintzen jotzen. Motxorrosimo kolektiboak udalaren laguntzarekin grabatutako diskoan parte hartu nuen, instrumetazioa Valle del Dom taldekoek egin zidatela. Haien kontzertu bat baino gehiagotan parte hartu nuen: Urretxun, Antzuolan, Andoainen…
Gero utzi egin nuen musika denboraldi batean, duela bost bat urtera arte. Udalak Bikuña Txikin egoktitutako lokalen berri izan nuen, Subeltza kolektiboenak, eta haietara jo nuen. Unai Aldasoro eta Iban Azkuenagarekin Katu Kale osatu eta sartu ginen, denbora pasatzeko asmoarekin, sentsazioak berreskuratzeko. Orduan Subeltzaren bigarren diskoa grabatu zen eta nire abesti bat sartu genuen.
Zure abesti bat? Zuk sortzen al dituzu abestiak?
Bai, beti. Letrak ez dira nireak izaten, baina musika bai.
Zertan ari zara orain?
Ba taldea desagertu zen eta berriz ere geldirik egon naiz, Carlosen omenaldiarena iritsi den arte. Berari zerbait eskaintzeko banuela pentsatu nuen eta La Toga taldekoekin bi abesti jo nituen.
Jarraitzeko asmoarekin?
Nik 55 urte ditut, nirea afizio hutsa da, lagunekin egoteko zerbait, konpartitzeko… Aukera baldin badago zerbait egiteko, ni animatuko naiz, zerbait grabatzera edo…
«Berdin izan da zein talde politiko egon den agintean, udalak beti utzi digu lokala»
«Taberna batzuri esker, Legazpin ia astero dago musika zuzenean entzuteko aukera»
Talde asko aipatu dituzu, guztiak Legazpiko rock taldeei eskainitako blog batean daude jasota. Zuk egindakoa da.
Ni irakaslea naiz lanbidez, baina teknokogia berriak gustatzen zaizkit. Lanerako blog batzuk egin ditut, eta web orrialdeak erraz sortzeko plataformak ezagutzen ditut. Aspaldian saiakera bat egin nuen Legazpiko talde rockeroak biltzeko, argazki gutxi batzurekin, nahiko txapuzeroa. Jose Mari Urzelaik bazuen lan haren berri eta laguntza eskatu zidan orduan idazten ari zen Musika eta legazpiar musikariak XX. mendean libururako, eta informazio gehiago bildu eta eman nion. Haren ondoren, Subeltzan sartzearekin bat, proiektuari berriz heldu nion. Oraingoan, taldeekin facebook edo messenger-en bidez kontaktuan jarrita, argazkiak eta bideoak eskuratu eta horiek ere sartu ditut.
Nun dago jasota hori guztia?
Helbidea hau da: legazpikotaldeak.wixsite.com/legazpiko-taldeak. Taldeen izenak, taldekideenak, sortze urtea, argazkiak, audioak, bideoak, prentsa aipamenak… Bideoak Lander eta Andoni Zabaleta anaiek digitalizatu zituzten. Niretako egindako lana da, inork jasotzen ez bazuen galdu egingo zela pentsatuta; herriaren memoria eta historia da baita ere. Abiapuntu bat da, norbaitek hortik tira egin eta zerbait txukunagoa egin nahi badu.
Zein epe hartzen du lanak?
1980ko hamarkadatik gaur egunera arte: Ziper eta Wind dira talde beteranoenak eta berriena Kontuz Erromeriya!. 60 inguru jaso ditut, agian baten bat falta da, ezin dudalako dena kontrolatu. Hala bada, jarri daitezela nirekin harremanetan eta gustura sartuko ditut falta diren talde horiek ere.
Zenbaki potoloa da, 60 rock talde 40 bat urteren buruan.
Legazpin betidanik egon da musikarekiko zaletasuna, eta orain baino talde gutxiagoko boladak egon badira, Subeltzako lokalak beteta daude, gazteen taldeak daude, bi hiru berri sortu dira… Berriz ere mobida dago. Gure garaian ez zeuden asko: lau katu ginen gu hasi ginenean, gero Brinkolan 4-5 talde ginen, Motxorron gehiago, Mataderon ere bai: Bikuña-Txikiko Subeltzaren lokaletan jende asko ibili da eta dago.
Zure ibilbide luze honetan lokal dexente aipatu dituzu. Denak udalak utzitakoak izan al dira?
Bai, eta alde horretatik kexarik ez. Berdin izan da zein talde politiko egon den agintean, udalak beti utzi digu lokala. Hori bai, musikariak ere orokorrean ondo portatu gara.
Bestelako laguntzak ere eman dizkie udalak musika taldeei.
Bai, beti egon da dirua, diskoak grabatzeko adibidez. Azken urteotan beti egon da partidaren bat horretarako, kolektibo moduan grabatzeko ala bakarka.
Legazpin jotzeko aukerak ba al dituzte taldeek?
Bai, lokalez gain, hor daude Gaztetxea eta Karibe Zaharra eta Giroa tabernak. Horiei esker ia astero dago musika zuzenean entzuteko aukera, eta herriko taldeek ere lekua izaten dute.
Zein etorkizun dauka Legazpiko musikak?
Gazteek oso formakuntza ona dute, oso musikari onak dira, baina ez dira gu ginen bezalakoak: ez genuen musika entzuteko tokata-rik eta kotxe batean entzuten genuen, musika tresnak erosteko dirurik ez genuen eta amak emandako pagarekin erosten genituen denen artean… Gaur egun dena daukate: lokala, tresna oso onak, formakuntza… Baina guk bagenuen beste gauza bat, izpiritua edo; gurea bizitzeko modu bat zen, kontzertuak non eta noiz emango pentsatzen ari ginen beti, gure musika sortzen genuen… Nire ustez, gaurko gazte gehienei sorkuntza falta zaie, bertsioak egiten dituzte batez ere. Hala ere, niri asko gustatzen zait egiten dutena eta animatu egin nahi ditut aurrera egitera. Legazpin musikak etorkizuna ziurtatuta du.