Martxoaren 8ak lehena eta oraina markatu zuen Idiazabalgo emakumeen artean. Marea morearen olatua hartuta, «aspaldi herrian zegoen behar bati erantzuna aurkitu» diote, eta Aizan! Talde Feminista sortu dute.
Beste herri batzuetan bezala, Martxoaren 8an mobilizazioak antolatu zituzten Idiazabalen. Herriko emakume talde batek antolatu zituen egun horretarako elkarretaratzeak. Eguna iritsi aurretik, pankartak eta txapak egiten aritu ziren, eta ikusita emakumeen artean harrera oso ona izan zuela eta parte hartzea handia izan zela, mobilizazioetan «aste horretan bertan talde feminista bat sortzeko bilera informatiboa egin behar zutela komunikatu ziguten».
Goierriko gainontzeko herrietan mugimendu feminista indartsuagoak zeudela ohartuta, emakume ugari gerturatu ziren bilerara, eta hutsetik hasi behar izan badute ere, Aizan! izeneko taldea jarri dute martxan. «Aniztasun handia duen taldea da, adin tarte guztietako emakume idiazabaldarrek osatzen dute». Aniztasun hori «oso positiboa» dela adierazi dute: «Bizitzan esperientzia oso desberdinak izan dituzten emakumeak biltzen dituelako eta horrela, behar desberdinak identifikatu ahal izango ditugulako».
Taldearen aurkezpen ofiziala ekainaren 13an egin zuten, eta udaletxeko aretoa bete egin zen. Horrelako babesa ikusteak «poz handia eta aurrera egiteko gogoa» eman zien horrek.
Izenaren zergatia
Talde bezala eratu eta izen batean ere pentsatu behar izan zuten taldea osatu eta lehenengo une hartan. Aizan! aukeratu zuten eta ez da kasualitatea. Taldeko kideetako batzuk argitu dutenez, «Idiazabalen emakumeei deitzeko erabiltzen den modua da hori». Talde feministako kideek ere horixe egingo dute hitz hori erabilita:«Herriko gainontzeko emakumeentzako deia baita, taldean parte hartzera animatzeko deia, kalera ateratzeko deia, mobilizatzeko deia».
Helburu ugari
Feminismoaren helburuak izango dituzte ardatz. Batetik, eta taldearen aurkezpenean ere argi zuten moduan, «gizarteak emakumezkoei emakume izate hutsagatik emandako desabantaila egoera aldatu» nahi dute. «Esparru publikoan zein pribatuan, lan munduan dauden zailtasunetatik hasi eta gertueneko esparruetan ematen diren desabantailetaraino». Horregatik, «arlo pertsonalera eta publikora bideratutako ekintzak egingo» dituzte.
Gainera, «talde autofinantziatua» izan nahi dute. Horregatik, dirua lortzeko helburuarekin, pultserak eta txapak egin dituzte, besteak beste, herritarren artean saltzeko.
Egutegia zehaztuta
Taldea hasiberria da eta momentuz, zehaztu duten ekintza planak data konkretuei erreparatuko die. Nola ez, Martxoaren 8a izango da horietako bat. Ekainairen 28a izan da Aizan! taldearen ekintza egutegian markatuta dagoen beste egun bat. Hori horrela, emakume terminoa asterisko batekin lagundu zuten taldearen aurkezpena egiterakoan luzatutako informazioan. Keinu horrekin, LGTBI+ kolektiboen borrokekin ere bat egiten dutela adierazi nahi dute. Uste baitute «kolektibo horiek emakumeek jasaten dituzten bidegabekeriak jasaten dituztela direna izate hutsagatik». Hori horrela, ekainaren 28an, hainbat ekintza egin zituzten. LGTBI hitzak idatzi zituzten koloreetako kartulinetan eta Idiazabalgo plazan jarri zituzten. Gainera, kolektibo horien ikurra den koloreetako bandera jarri zuten taldearen lokalaren balkoitik zintzilik. Herriko dantza modernoko taldearekin batera dantza bat egin zuten, eta mosaiko koloretsua irudikatu zuten baita ere.
Aizan! Talde Feministarentzat hurrengo data garrantzitsua azaroaren 25a izango da, emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna. Eta azkenik, Idiazabalgo San Blas jaiak ere markatu dituzte ekintza egutegian.