Ataunen jaiotakoa bada ere, Ordizian egin ditu bere urte onenak Gotzon Auzmendik. Korrika egitea du zaletasun handiena. 71 urte ditu, duela 40 urtetik gora hasi zen korrika egiten eta gaur-gaurkoz Master kategorian aritzen da. Domina eta garaikur asko baino gehiago –Euskadiko txapelketa irabazi du ekainean 70-74 urteko mailan–, hanka bakoitzean dituen kilometroak zenbat diren, ezin kontatu.
Duela zenbat urte hasi zinen korrika egiten?
1978. urtean hasi nintzen eta lehenengo lasterketa urtebete beranduago egin nuen. Donostiako Maratoian izan zen.
Nola gogoratzen duzu lehenengo lasterketa hura?
Hasiera zen eta oso urduri atera nintzen. Gainera, denetik esaten ziguten, jende askok ez gintuen ulertzen.
Zer esan nahi duzu horrekin?
Erotuta geundela esaten ziguten. Itsasondoko Jaso lantegian egiten nuen lan, eta ondoren joaten nintzen korrika egitera. Ez geneukan lan makala lantegian. Horregatik eroak deitzen gintuzten.
Nolako prestakuntza egiten zenuen?
Garai hartan egiten genuen prestaketak ez du gaurkoarekin zerikusirik. Kilometroak, kilometroak eta kilometroak egitea, hori zen egiten nuen entrenamendua. Astean 115 kilometro egiten nituen. Altamiran hiru-lau lagun elkartu, eta ondoren Zaldibia aldera, Beasain aldera, mendi aldera beste batzuetan edo Lazkaomendi aldera asko joaten ginen, besteak beste. Eta entrenamendua bukatzeko sprinta egiten genuen Altamirara iristeko. Egunero-egunero egiten genuen korrika.
Lanetik atera ondoren joaten zinen entrenatzera?
Lanaldi zatituan aritzen nintzen eta etxean bazkaltzen nuen. Arratsaldean lanera bueltatzean entrenamendurako behar nituen arropak motxilan eramaten nituen. Baneukan arrazoi bat horretarako. Lanetik 19:00etan atera eta etxera motxilaren bilajoaten banintzen, emazteak errieta egiten zidan.
Hori da hori bizioa, ala?
Bai, hala da. Korrikak engantxatu egiten du.
Zer du ba korrika egiteak engantxatzeko?
Gauza on asko. Osasuntsu mantentzeko balio du. Lagunarte handi bat egiten duzu. Eguneroko estresa gutxiagotzen laguntzen du.
Hasi zinenean zeinek esango zizun 40 urte pasata korrikan jarraituko zenuela.
Egia! Pentsatu ere ez nuen egiten eta garai hartan galdetuta ere ezetz erantzungo nuke. Orain 71 urte ditut.
Zure adineko jendea badago?
Ez gara asko, baina geroz eta gehiago gara. Master kategorian parte hartzen dut.
Nolako probetan parte hartzen duzu?
Pistan, krosetan eta 10 kilometro azpiko lasterketa herrikoietan. Horiek ditut gustuko.
Txindoki Atletismo Taldeko kamisetarekin zabiltz hasieratik?
Ez! Lehenengo urteetan korrika egiteko zaletasuna genuen hainbaten artean sortutako Jatorra izeneko taldearekin aritzen nintzen. Ordiziako Vicuña Sport-ek eman zigun kamiseta. 12 bat lagun ginen hasieran eta ondoren jende gehiago sartu zen taldean, 50era iritsi arte. Lasterketa herrikoietan parte hartzen genuen. 1980 urte inguruan izan zen hori. Oroitzapen oso onak ditut. Jatorra taldetik nik eta beste batek jarraitzen dugu bakarrik.
Ondoren, 1985. urtean, Josetxo Imazek fitxatu ninduen. Ordizia Kirol Elkartean hasi nintzen orduan eta harrezkero nago federatuta. Txapelketa pila batean parte hartu dut, Espainia puntatik puntara ezagutzen dut lasterketei esker.
Josetxo Imaz aipatu duzu. Nola oroitzen duzu?
Gizon bizi-bizia zen, langilea, behar zen guztietan aurpegia ematen zuen horietakoa, dirua eta publizitatea lortzeko abilezia handia zuena. Fenomeno bat zen, bere garairako aurreratu bat.
Donostiako maratoiarekin hasi zen guztia. Zenbat alditan parte hartu duzu?
Maratoian zazpi aldiz eta Behobian 15 aldiz atera naiz. Behobia masifikatzen hasi zenean utzi nion joateari. Gehiegizkoa bihurtu da. Ni hasi nintzenean, 700 lagun ateratzen ziren bakarrik. Garai hartarako asko ginen.
Gogoratzen dut suhiltzaileek mahuka jartzen zutela aldetik aldera irteerako puntuan korrikalariei eusteko. Zintarekin ez zen nahikoa.
Pasadizo mordoa izango duzu.
Noski! Oroitzen dut Behobian atera nintzen batean, manifestazio batek eten zuela lasterketa eta ordu erdi beranduago atera ginela. Auzoko bizilagunak ziren, hainbat arazo zituzten udalarekin eta protesta egiteko une onena Behobiaren eguna zela pentsatu zuten.
Beste lasterketa mordoa ere egin duzu. Zeintzuk dira oroitzapen onenak ekartzen dizkizutenak?
Donostian egin zuten Europako txapelketa bat .Uste dut 45 urte nituela. Txapelketa oso ona egin nuen. Urte hartan bertan Behobian parte hartu eta emaitza oso ona lortu nuen baita ere. Urte hura oso ona izan zen. Nire marka pertsonalak garai hartakoak dira.
Etxekoek zer esaten zuten?
Ume txikiak genituen eta lasterketa egunak, familiarekin plana egiteko aitzakia perfektoa ziren. Urtean 35 bat lasterketa egiten nituen.
Hortik datorkie zure semeei ere korrika egiteko zaletasuna?
Zer ikusi, hura ikasi. Badirudi baietz, eta asko pozten nau. Bietako batek Ehunmilak lasterketan parte hartu du.
Zuk ere horrelako ultra-trail batean parte hartuko zenuke?
Gaur egun ez, baina gaztetan horrelakorik egon izan balitz, noski baietz. Baina semea ikusten disfrutatuko dut.
Bukatzeko, ordulariari begiratzen al diozu?
Aspaldi utzi nion begiratzeari, funtzionatzeari utzi ziolako.