Trikiti eta musika munduan ibilbide luzea egin du Eneko Dorronsorok (Ataun, 1980). Hamar urterekin hasi zen esku soinua jotzen, baina orain ari da unerik gozoenak bizitzen. Musikak bizi du, eta musika du bizibide. Musika eskolak hainbat proiekturekin eta zuzenekoekin uztartzen ditu. Zopilotes Txirriaos eta Unidad Alavesa taldeetan ari da, beste dozenaka kolaborazio egiteaz gain. Trikiti munduarekin halako gerturatze bat izan eta gero, orain arteko proiekturik pertsonalena izango duena grabatzen hasi da orain. Ilusiorik ez zaio falta, eta musikarekin disfrutatzen jarraitzen du.
‘Euskadin Rock&Rollak ez du dirurik emanen’ zioen kantak. Baina zu behintzat ari zara musikatik bizimodua ateratzen.
Badaramatzat bederatzi-hamar urte, 2009ko urritik-edo, eskoletatik eta kontzertuetatik bizitzen. Ordura arte Jaso lantegian aritu nintzen, 19 urterekin hasita. Inguruko denak fabriketan aritzen ziren orduan, eta ni ere besteen pare, egunean zortzi edo bederatzi ordu sartuz. Zerainen sortu zitzaidan aukera bat, astean arratsalde batez eskolak emateko. Hasieran beldur nintzen, instrumentua lanbide bezala hartuz gero, nazkatuko ote nintzen, baina astean egun bat izanda, proba egitea erabaki nuen. Eraikuntza munduko krisia etorri zen orduan, eta horrek ere eragina izan zuen hartutako erabakian. Ezagun batzuen bidez, ordezkapenak-eta egiten hasi eta pixkanaka bide horri ekin nion.
Ez zen erabaki erraza izango.
Arrisku bat hartzea da, egonkortasun batetik etorrita, baina probatu eta gustatu egin zitzaidan. Ondo moldatzen nintzela ikusi nuen, eta nazkatuko ote nintzen beldurra banuen ere, engantxatu egin ninduen azkenean. San Fermin ikastolan hasi nintzen, gero Aralar Musika Eskolan, eta hor zentratu nintzen, irakaskuntza arloan.
Hor tartean tokatu zen Zopilotes taldearekin proba bat egitea, eta hor aldatu zitzaidan pixka bat bizitza.
Urte batzuk badaramatzazu talde nafarrarekin.
Bai, hau bederatzigarrena da jada. Hogeita zortzi urte nituen orduan, eta ez negoen proiektu berriak sortzeko garaian; ez dut gaztetan grina edo gogo hori behin ere izan. Pertsonalitate kontua izango da, eta alde batetik eskerrak, ze oso gaztetan ateratzeagatik zerbait atera izan banu, agian ordurako erreta egongo nintzateke. Bakoitzak bere bidea egin behar du, eta bere momentuari itxaron, ezer behartu gabe. Momentu hartan ez nuen horrelako ezer hasi, eta 28 urterekin, Zopilotes bezalako aukera bat etortzea, opari bat izan zen niretzat.
Zu ere lehenengotik ondo egin zinen taldera, ezta?
Bai, egia esanda oso ondo moldatu nintzen hasieratik. Esperientzia berria, Iruñea aldeko jendea, ez duzu inor ezagutzen, baina horrek berak ere plus bat ematen dizu. Zure ingurutik atera eta beste jende batekin hasten zara, eta inork ez ezagutze horrek bere jokoa ematen du, zerotik hasten zarelako.
Trikitilari bezala bikotean plazara atera edo talde handi batekin jo, aldea handia izango da.
Bai, erabat. Soinu eta panderoarekin ateratzen zarenean, zure proiektu bat da, aurrera egin behar duzu, eta nik, adinagatik- edo, gabezia bat sentitzen nuen alde horretatik. Orain gero eta gutxiago dut, baina adin horretan… Eta taldean asko aldatzen da, askoz erosoago eta lasaiago zaude, eta badakizu aldamenean crack bat daukazula kantari, eta denak hari begira daudela kontzertuetan. Horrek asko lasaitzen du.
Hasieratik hona taldea bera garatuko zen, baina zuk zeuk ere leku bat egin duzu taldean.
Lehen egunetik oso eroso sentitu izan naiz. Beraiei ere esan izan diet, gehiegi baloratuta sentitu naiz hasieratik. Erraztasuna banuen kanta horietan sartzeko, baina utzi didaten askatasuna kristorena izan da.
Talde horrek zure ibilbidea irauli duela esan liteke. Horren aurretik eskenatokiak-eta nahiko utzita izan zenituen, ezta?
Bai. Niri musika beti gustatu izan zait, eta deitzen zidaten lekuetara joaten nintzen. Azkenean adin horretan inertziaz- edo jotzen duzu; beste gauza batzuk ere egin nahi dituzu eta hor normala da barne borroka moduko bat izatea. Bi edo hiru saio onak jarraian egindakoan motibatu egiten zara, gero erdipurdiko batzuk egin eta esaten diozu zure buruari: ‘zertara etorri gara?’. Pixkanaka behera egin nuen, eta penaz, baina azkenean uztea erabaki nuen.
Baina inflexio puntu bat ere izan zen aldi berean. Nik gozatu egiten nuen jotzen, eta ez nuen esperientzia txar bategatik dena pikutara bidali nahi. Anaiaren heriotza ere garai horretan izan zen, eta neroren barruko prozesu bat pasa behar izan nuen. Orduak pasatzen nituen musika jotzen, baina etxean. Eta orain ikusten dut hori guztia onerako izan zela. Sartu ditudan ordu horiek guztiak, bakarrik jotzen, nire kontura, nabaritu egiten dira orain. Presiorik gabe jotzen nuen, nahi nuena eginez. Eta niretzat hori urrea izan da. Orain edonorekin jotzen hasi, eta tonua harrapatuz gero, gai naiz jarraitzeko, soltura hori badut, eta hori asko jota lortzen da.
Talde bat sortzeak ez al zintuen erakartzen?
Garai hartan askok esaten zidaten, ‘hau duk hire momentua, erromeria talde bat egin behar duk’ eta abar. Momentuan ez nuen egin eta orain konturatzen naiz erabaki ona izan zela, bestela seguru asko erreta egongo nintzatekeelako.
Norbere momentua iritsi arte itxaron behar dela, alegia.
Nik uste dut baietz. Lagun asko ditut 30-35 urterekin musikaz ezer jakin nahi ez dutenak. Momentu jakin batean goian egotera iritsi dira, kanta bategatik edo pieza bat oso ondo jotzen zutelako, baina horrek ez du jarraipenik. Base on bat hartzen baduzu, presio hori izan gabe, horrek joko asko ematen dizu gauza ezberdinak egiteko. Ea noiz arte irauten didan, baina behatzetan edo eskuetan arazorik izan ezean, zahartzaroan ere musikarekin disfrutatzen ikusten dut neure burua. Horretarako bide bat jarraitu behar da, oinarri sendo batekin, beti ikasiz joan, saturatu gabe.
«Trikitiak baditu mugak, baina zenbat gauzatara iristeko aukera eman didan harrigarria da»
«Ez dakit zer etorriko den gero, baina momentu hau hobetzea zaila izango da»
«Handian aritzeko zortea izan dut, baina txikitik hasi nahi dut orain»
Zopilotesez gain, proiektu eta saltsa askotan ibili zara.
Gauza batek bestea ekartzen du, eta prozesu honen ondoren, eta hein handi batean Zopilotesekin jotzeari esker, jende asko ezagutzea tokatu zait. Batzuek kanta bat grabatzeko eskatzen dizute, besteek kontzertu batean laguntzeko… Asko egun bateko esperientziak dira, baina oso politak eta aberasgarriak.
Bidean zehar oso jende ezberdina ezagutzea tokatu zait. Lukasekin [Hics] eta Tomasekin [Deakins] izan dudan harremana adibidez. Hori dena zortez iritsi zait, ezetz ez esateagatik. Egun batean erdi zalantzan baiezko bat eman eta hurrengo egunean tipo harrigarri bat ezagutzen duzu, bizitza aldatzen dizuna. Harrigarria da zenbat ikasi dudan Lukasekin hain egun gutxitan. Eta horren komunikazio berezia izanda, bera ingeleraz eta ni ataunglish-ez… [barrez]. Baina musikalki oso ondo ulertzen genuen elkar.
Errebal erromeri edo dantza gidatu taldean ere txiripaz sartu nintzen, entseatu gabe egun batean hasi eta oso gauza polita sortu zen.
Pettirekin ere jo izan duzu.
Pettirekin ere gauza kuriosoa gertatu zitzaidan. Zuzeneko bat grabatu nahi zuela eta parte hartu nahi nuen galdetu zidan. Kantaren batean edo bestean jotzeko zela pentsatu nuen nik, baina azkenean zuzeneko osoa bion artean egitea nahi zuen. Horrelakoetan ez da erraza izaten, berak zer nahi duen, zein kolore eman trikitiarekin… baina hain libre utzi zidan berak, oso natural atera zela dena. Ez genuen askorik entseatu, baina horrek freskotasun handia eman zion.
Parisko Euskal Etxeko gizonezkoen koruarekin jotzeko aukera ere izan dut. Oso formatu ezberdina da, katedraletan jo izan dugu, 500 lagun denak ixil-ixilik entzuten… harrigarria da. Josu Elberdinek umeentzako abesbatzekin egin zuen proiektu batekin ere aritu naiz, eta denekin disfrutatu dut.
Esperientzia horiekin guztiekin ikasiko da zerbait, ala?
Kuriosoa da zein proiektu ezberdinetan aritu naizen eta zenbat ertz ezberdin ukitu ditugun. Trikiti batek baditu bere mugak, baina zenbat gauzatara iristeko aukera eman didan, harrigarria da. Aurreiritziz betetako instrumentu batetik gatoz, askok betikoa mantentzearen alde egin dute, baina ni hortik pixka bat atera naiz, disfrutatzen ari naiz eta norbaiti ez bazaio ukitzen dudan ertz bat gustatzen, berdin dit.
Unidad Alavesa ere sorpresa handia izan da. Etxeko taldea al da zuretzat?
Bai, eskenatokira etxeko zapatilekin ateratzea bakarrik falta zaigu! [barrez]. Kontzertuero tripako minez bukatzen dugu, egiten dugun barre pilarekin. Oso ondo pasatzen dugu, gure artean oso giro naturala dago, presiorik gabe… zoragarri.
Denak gertukoak izateaz gain, musikalki momentu beretsuan bat egin duzue.
Ni Zopilotesekin-eta beste kontu batzuetan nenbilen. Artola nahiko lasai zebilen momentu horretan, Bizardunak utzita, eta kantuak sortzen ari zen. Behin komentatu zidan ea kantaren batean zerbait sar nezakeen, baina beste helbururik edo pretentsiorik gabe. Pare bat tabernatan jo eta horrela hasi ginen. Ez nekien taldean nengoenik ere. Bat-batean Jazpanan jotzeko deia, nire etxera etorri ziren argazkiak ateratzera… orduan esan zidaten, taldea sortu dugu, izena ere badugu. Bat-batean etorri zen.
Bi disko grabatu dituzue geroztik. Orain zein unetan zaudete?
Hilean bizpahiru kontzertu eginez aritu gara, lekuak ez errepikatzen saiatuz, alde horretatik ere presiorik gabe. Eta harrigarria da, leku askotatik ari zaizkigu deika. Horrela jarraitzea da asmoa, ditugun beste proiektuekin bateratuta. Oso erritmo polita da, eta kontzertuetara gogo gehiagorekin iristen gara.
Musikalki unerik onenetakoan zaudela esan al liteke?
Hau guztia ikusita, ez dakit zer etorriko den gero, baina momentu hau hobetzea oso zaila da. Horrela hartu nahi dut, unea gozatu eta inongo presiorik gabe, gero datorrena datorrela.
Trikiti munduarekin ere halako gerturatze bat izan duzu.
Kuriosoa izan da Zopilotesen hasi nintzenetik, trikitixa mundutik ere proposamen ugari etorri zaizkidala. Goierriko Hitza-k atera zuen diskoa izan zen lehena, gero Trikitixa Elkartearen Gure Kolkotik diskorako hiru bat kanta grabatzeko proposamena etorri zen. Hortik hasi nintzen trikiti munduarekin harremana pixka bat berreskuratzen; asko harritu ere egiten ziren jotzen jarraitzen nuelako. Azpeitiako jaialdirako ere deitu zidaten eta Andoni Ezkerrarekin batera Arizterrazun ere jo genuen. Bi plaza horiek esanahi handia dute trikiti munduan. Eta jakinda nire ibilbidea ez dela trikitilari tradizionalen molde horretan sartzen, baina alde horretatik, naizen bezala onartu naute.
Beste proiektu bat ere baduzu esku artean.
Gure Kolkotik diskorako kantuak sortzen hasi nintzenean, motibazio bat sortzen da, ideia berriak, eta tarteka, momentua edo arrazoi bat iristen zitzaidanean, izan alaia ala tristea, konposatzen hasi nintzen. Pieza batzuk egiten aritu naiz, trikiti formatuan. Askotan trikitilariok badugu fobia bat norbere kantak sortzearekin, mundu txikia delako, eta ea besteek zer pentsatuko duten beldurrez edo. Batzuentzat ez da nahiko tradizionala izango, edo ez du ohiko eskema jarraituko, baina iritsi da momentua nirea egiten hasteko. Beste proiektuekin alderatuta, oso oinarrizko proiektu bat izango da. Zopilotesekin hasi nintzenean, dena eginda etorri zitzaidan, oso erraz. Eta orain agian tokatzen da behetik hasi eta ostikotxo batzuk jasotzea. Nahita joan naiz horrera.
Talde formatuan ere egin nezakeen, baina gero hori mugitzea kosta egiten da. Nahiago izan dut txikitik jo. Eta ondorio horretara adin honetan iristea ere polita izan da. Nahiko xume egin dut dena, presiorik gabe. Niretzat garrantzitsua den gauza bat da, eta espero dut udazkenerako atera ahal izatea.
Zure proiekturik pertsonalena izango al da?
Erabat. Nire proiektua da, txikira jaitsita egin nahi izan dudana. Nire abestiak dira denak. Gogoa badut, disfrutatzen ari naiz eta ez dut inolako presiorik. Nahi dudalako egingo dut. Zoruraino jaitsi eta zerotik hastea da, baina hori eskatzen dit barrenak. Askoren alderantzizko bidea egiten ari naiz, baina gustatzen ari zait.