Antioko Musikaldia egingo dute irailean Zumarragako baselizan. Parte hartuko duten musikariengandik harago, ermitak duen akustikak emanaldien arrakastari aurrez jarriko die alea. Akustikaren sekretua harria eta zura dira.
Antioko baseliza eraiki zuten artisauek ez zuten aurreikusiko gotorleku nahiz babesleku izateko eraikina gerora ermita bihurtuko zenik, are gutxiago musika emanaldiak egiteko tenplu izango zenik. Zumarragako baselizak musika zikloa hartzen du irailero, eta han egiten diren kontzertuen balizko arrakastari, eraikinaren kareharriaren eta haritz-egurraren ezkontzak alea aurrez jartzen dio.
Antioko ermita egunero bisitariei erakusten dieten teknikariek baselizaren ezaugarri akustikoak honela laburbildu dituzte: «Soinuak harrian errebotatzen du eta egurrak, bien bitartean, soinua xurgatzen du. Hala, ez da oihartzunik sortzen».
Mikel Lizarralde zumarragarrak Antioko Musikaldiko aurkezlea da. «Durundirik sortzen ez denez, musikariek jotzen dutena mozorrorik gabe entzuten du publikoak». Bertan jo duten musikariei emanaldia eliza batean egingo dutela esaten dietenean ez dutela non arituko diren irudikatzen dio Lizarraldek; «gerora, Antiok eskaini diena pentsatu baino askoz hobeagoa dela esaten digute». Ermitaren ezaugarri akustikoak direla eta, badira han diskoak grabatu dituzten taldeak, Easo abesbatzak esaterako.
Entzuleek ermitaren dohain akustikoei ez dietela horrenbeste erreparatzen dio Lizarraldek, «gehienek ezagutzen dute Antio, eta esango nuke, haiengan ermitari dioten maitasuna gailentzen dela lekuaren ezaugarri akustikoen gainetik». Entzule «xeheei» buruz ari dela ñabartu du.
Antolatzaileentzat musikariei Antio bezalako espazioa eskaini ahal izatea «luxua» dela dio, «nire-nirea dudan zerbait datozen musikariei eskaintzea da».
Durundirik gabeko musika xurgatu eta hedatuko dute Antioko harriek eta oholek, beste behin, aurtengo musikaldian.
Egitaraua
Antioko Musikaldiaren 36. ekitaldia egingo dute bost larunbatetan jarraian.
- Irailak 7. Miren Urbieta sopranoa eta Ruben Fernandez Agirre piano jotzailea.
- Irailak 14. Brillant Magnus Quintet.
- Irailak 21. Iñaki Alberdi akordeoi jotzailea eta Carlos Mena kontratenorea.
- Irailak 28. Zumarragako Musika Banda eta Jacob Haan.
- Urriak 5. Donostiako Udalaren txistulari taldea, Igartubeitin.