Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren 12. ekitaldian 11 bertsolari, bost gai jartzaile eta hiru epaile jardungo dira. Errotarria izango da ikurra. Goierriko bertsolaritzak ere etenik gabe alea xehatzen segitzen duela erakutsi du.
Hamabigarrenean hamaika. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren 12. ekitaldia irailaren 14an hasiko da. 11 bertsolari goierritarrek parte hartuko dute. Guztira, hitzaren 48 artistak. Hamasei saio egingo dituzte denera. Kanporaketa erakoak dira guztira, kale edo bale, saio bakarrera. Final zortzirenetako fasean 42 bertsolari daude: zortzi 2015eko finalaurrekoetara iritsitakoak dira —Nerea Elustondo legazpiarra tartean—; gainontzeko 34ak, udaberrian jokatutako Gipuzkoa Betsotan sailkatze galbahea gaindituta iritsi dira.
Hiru goierritar lehen aldiz sartu dira udazkeneko Txapelketara: Eneko Araiztegi, Maialen Akizu eta Mikel Tapia. Duela lau urte, udaberriko Gipuzkoa Bertsotan lehiaketan izan ziren.
Final-laurdenetarako ataka 24k igaroko dute (saio bakoitzeko irabazlea zuzenean, eta puntuazioz besteak). Horiei, 2015eko finalistak batuko zaizkie (Iñaki Apalategi beasaindarra, kasu). 30en artean lehiatuko da fase hori, bost saiotan.
Parte hartzeko aukera zuten lau bertsolarik uko egin diote aurten irteteari: Jon Martinek, Unai Agirrek, Nahikari Gabilondok eta Arkaitz Oiartzabal ‘Xamoa’-k.
Finalaurrekora 18 bertsolarik egingo dute aurrera. Araua bera da han ere: saioko irabazlea zuzenean finalera, eta beste bost puntu gehien dituztenak.
Lau urtero gertatu ohi den eran, zapata ugari urratutako bertsolariek eta izerdi gaztedunek bat egingo dute. Apalategi, Elustondk eta Iban Urdangarin dira ofiziotsuenen sailekoak: 5. Gipuzkoako Txapelketa dute.
Apalategi azken bi aldietan finalista izan da, eta bietan laugarren sailkatu da. Baina, buruz burukora heltzea gustatuko litzaiokeen arren, beste kezka batek mugiarazten du aurtengo Txapelketari begira: bertsokera, estilo, gai eta kolore aniztasunak.
«Estilo berdinera tolestuta ikusten ditut bertsolari gehienak, eta guk [zaharrenek] daukagu ugaritasuna bermatzeko ahalegina egin beharra. Guk daukagu gutxiena jokoan, eta gure belaunaldiari tokatzen zaigu beste garapen bat eduki dugula adieraztea».
Azken urte mordoan «presentzia handia» hartu duten «estilo narratibo-poetiko geldoez» harago, beste estilo batzuk ere aldarrikatu ditu, are txapelketarako ere. «Esango nuke, fase batetik aurrera, denek dakitela estilo horretan bertsotan egiten. Beste gauza batzuk egiten dakitenik oso jende gutxik azaltzen du, ordea, eta eskertu egiten da».
Entzuleak «non aukeratua» eduki behar du, Apalategiren irudiko: «Estilo poetikoa, umorea, sarkasmoa, gai sozialak, seriotasunezkoak…». Bertsolaritzaren ikuspegitik, saiatzea merezi duen arloa deritzo; «nire hondar alea horretan jartzen badut , gustura».
Errotarria biraka
Asteasun elkartu ziren joan den larunbatean Txapelketan parte hartuko duten bertsolariak, epaileak, gai jartzaileak eta antolatzaileak. Pedro Joxe Elizegi Pello Errota eta Mikaela Elizegi bertsolarien herrian. «Pello Errota hil zela ehun urte dira, eta bertsolari asteasuarrei keinu bat egin nahi izan diegu aurten», azaldu du Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen lehendakari Saroi Jauregik.
Txapelketaren logotipoan errotarria da osagai nabarmenena, Pello Errotari keinu eginez. «Eta bertsolaritza bera errota baten modura irudikatuta, etengabe lanean, kolpeka alea xehatzen ari dena». Sintonia ere larunbatean aurkeztu zuten, partaideei lehenik. Don Inorrez taldeak konposatu du.
Zenbaki handiak eta giza-talde ugaria behar ditu Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak: 48 bertsolari (udaberriko fasean 84 ziren), 16 epaile, 15 aurkezle eta gai jartzaile, lau idazkari, eta ezin konta ahala laguntzaile eta antolatzaile.
Alea, xehetik
Paradoxikoki, puztukadaren kontrako norabidea egin nahi du Bertsozale Elkarteak Gipuzkoan ere. «Aurreko txapelketetan, bai Gipuzkoakoan, bai Euskal Herrikoan, bertsoaren fenomenoa neurrira ekartzen saiatu gara. Urte batzuetan, espektakulua apaintzeko joera bat eduki genuen. Bertsoa bertsoa da, eta bere neurrira ekarri behar genuela erabaki genuen bere inguruko guztia ere. Azken urteetan horretan ari gara».
Baina, beti-betiko bokazioari ez dio muzin egingo 2019ko txapelketak: bertsoa «Gipuzkoako txoko guztietara» eramateari, eta funtsa bertsoa dela ez ahazteari. «Bailaraz bailara jende piloa ari da bertso mugimendua aurrera joan dadin lanean: bertso eskoletan, hezkuntza arautuan, antolatzen… Jende asko mugitzen da, eta horiei begira ere Txapelketa Gipuzkoa guztira eraman nahi da», dio Jauregik.
Iturriotz, A. Igartzabal, E. Igartzabal, Araiztegi, Urdangarin, Maiz, Akizu, Tapia, Elustondo, Apalategi eta Lopez errotariek aldaparoa urez beteta eta alea xehatzeko prest daukate.
Maialen Akizu, Urretxu, 1996
«Uda xelebrea izaten da, ez dagoelako asteroko bertso-eskola. Lehenengo Txapelketa izanda, ikusi egin behar. 300 pertsonaren aurrean kantatzen ohituta ez gaude. Sorpresa izango da».
«Baina udaberriko sailkatze faseari ez diot baliorik kendu nahi. Bertsolaritzaren osasunaren adierazpidea da, eta kontuan hartu beharrekoa da. Txapelketa da hura ere. Jende asko izaten da, saio batera, eta kopuru handia geratu da kanpoan».
Saioa: Amasa-Villabona, irailak 15
Iñaki Apalategi, Beasain, 1982
«Txapelketan helburu batzuk lortuta dauzkagunok, ez dugu helburua zenbakitan edo postutan jarri behar. Lehen aldia dutenen jarrera ulergarriagoa da. Neu finaleko buruz burukoan sartu gabe nago. Baina bada momentua hori alde batera utzi eta aportazioa egiteko estiloan aritzeko. Bertsolariak molde igualtsukoak garela gero eta gehiago antzematen da, eta ikuskizunak erakargarritasuna galtzen du. Estilo gehiago azaldu behar dira».
Saioa: Andoain, urriak 10 (final 1/4)
Eneko Araiztegi, Segura, 1996
«Lehenengoa denez, beldur pixka bat ere ematen du. Baina ilusio handiarekin eta gogotsu nago, nola ez! Astero entrenamenduak egiten ari gara: astean behin juntadizoa egin, eta aritu eta aritu. Helbururik ez dut jarri: itxura ona eman behintzat, gustura geratu, eta, pasatzea tokatuko balitz, poz ikaragarria hartu».
«Izenei begira, mailak gora egingo du. Bakarkako lanak ere ugarituko dira; guretzat egokienak ez dira baina…».
Saioa: Lasarte-Oria, urriak 5
Nerea Elustondo, Legazpi, 1981
«2003tik Gipuzkoako txapelketa guztietan parte hartu dut, baina azala ez da sekula egiten. Gogoz joango gara, ahal den ondoena egiteko ideian. Aurretik aldaba jotzea ez dut atsegin, ordea; gauzak oholtzan esan behar dira. Lehen, txapelketan gazteenetakoa nintzen; orain, zaharrenetakoa. Bilakaera publikoan ikusi dut; orain, udaberrian ere sarrerarik gabe geratzen dira. Ez dakit ikusmina handiagoa den, baina jendea gehiago mugitzen da».
Saioa: Zumarraga, irailak 28
Aratz Igartzabal, Gabiria, 1996
«Udan plazetan gustura ibili gara, eta gogotsu nago larunbaterako. Lehen saioa izateak erreparoa ematen du, denontzat lehena delako. Baina norbaitek egin behar. Tenperatura hartzeko balioko du».
«Helburua –gezurrik ez dugu esango jada altuera hauetan–, aurrera pasatzea da, ahal dela. Txukun jardunez eta saio on bat eginez gero, aukerak denok dauzkagu. Seikote guztiei begira jartzen zara, eta ea nor geratzen den atzera!».
Saioa: Oñati, irailak 14
Endika Igartzabal, Gabiria, 1991
«Guretzat, itxaropena eta helburua udaberriko fasea gainditzea izaten da. Pasatu ginen, eta helburua beteta daukat. Orain zer galdurik ez daukagu. Plaza ona tokatu zait, eta saio txukuna egin nahi dut. Ea gozatzen dugun. «Lehenengo txapelketa 19 urterekin izan nuen, nahiko berri artean. Orain hobetoxeago eta lasaiago aritzen naiz. Eta presiorik gabe. Ez gara bertsoetatik bizi, zaletasuna da; eta segitzeko aitzakia da txapelketa».
Saioa: Elgoibar, irailak 29
Amaia Iturriotz , Urretxu, 1993
Txapelketaren txupinazo-egunean ekingo dio Amaia Iturriotzek kantuari, Oñatin. Hirugarren Gipuzkoakoa izango du, 2011n eta 2015ean ere parte hartu baitzuen. Mediku-lanak eta goardiek lanpetuta, ezin izan dio aldizkari honi erantzun.
Hamabi urterekin hasi zen Urretxu-Zumarragako Bertso Eskolan, Gorka Azkarate irakasle zuela. Iturriotzek berak dihardu, orain, bertso eskola ematen.
Saioa: Oñati, irailak 14
Odei Lopez, Legorreta, 1988
«Helburua zein den garbi daukat: ondo pasatzea. Amets txiki bat ere bada niretzat Txapelketan aritzea. Erronka berezia da. 2007an eta 2011n ere parte hartu nuen [2015ean sailkatze fasean ere bai], baina lehenengo aldia da udaberritik sailkatu naizena, eta azkenekoa izateko ere arriskua badago. Ez da bertsolaritza uztera noalako, baina beti ez da halako aukerarik izaten. Gogoz nago, egia esan. Eta ondo pasatzeko asmoarekin».
Saioa: Amasa-Villabona, irailak 15
Gorka Maiz, Gabiria, 1989
«Helburu handirik ez daukagu jarrita. Egundoko ezustekoa izan zen udaberriko fasea gainditzea eta Txapelketara ailegatzea. Orain, hilaren 22an joan, ahal den ondoena kantatu, gozatu, eta nire buruarekin gustura geratuz gero, ni txoratzen nengoke. Txapelketako kartelean azaltzea bera nahiko ohore bada niretzako. Daukadan aspirazio bakarra, nire buruarekin gustura geratzea da. Hortik aurrera, izan behar duena izan dadila».
Saioa: Zumaia, irailak 22
Mikel Tapia, Ataun, 1996
«Gogotsu nago. Sailkatze fasetik igaro eta saltoa ematea aukera polita da, eta poz handia hartu nuen udaberrian. Jendeak pasatu egin nahi izaten du, eta nerbioak izaten dira. Gainera, Goierrin batera ibiltzen garen denok ariko gara udazkenean, eta poz bikoitza daukat horregatik. Aurrekanporaketak txapelketatik kanpora bezala ikusten dira, leiho handiago bezala. Orain, gehiago betetzen duen plaza izango den sentsazioa daukat».
Saioa: Zumarraga, irailak 28
Iban Urdangarin, Ataun, 1985
«Sekula baino okerrago nago aldartez. Izena azken momentuan eman nuen, gogoa piztuta. Ez dut batere prestatu, denborarik ere ez eta. Ilusioa badut, hala ere. Txapelketa honetan niretik egingo dut. Beti egin dut hala, baina aurten inoiz baino gehiago. Udaberrian ondo atera zitzaidan. Saioak izaten ditut aldian behin, baina lan teknikoa ez dut egin. Aurrekoetan, dezente jardunda joan eta ez dut ezer egin. Orain ea alderantziz den».
Saioa: Amasa-Villabona, irailak 15
Bost aurkezle eta hiru epaile goierritar ere badira taldean
Tokian tokiko antolatzaile, boluntario eta laguntzaile saldoaz gain, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako talde ofizialean partaide goierritar gehiago ariko dira. Gai jartzaile taldean Asier Iriondo legazpiarra (Arriaran, 1973), Eresti Oiarbide (Gabiria, 1988), Inaxio Usarralde lazkaotarra (Aginaga, Usurbil, 1967), Itziar Etxezarreta (Ezkio, 1978) eta Saroi Jauregi (Zaldibia, 1978) daude.
Epaimahaietan bertsolarien lana baloratzen, bestetik, hiru epaile hauek ariko dira: Maite Sukia (Ataun, 1981), Martin Aramendi (Ataun, 1970) eta Mikel Urteaga (Beasain, 1982).
Goierrin bi saio
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak Goierriko eskualdea bisitatuko du 12. ekitaldian ere. Hamasei saioetatik bi egingo dituzte bailaran: Ordizian eta Zumarragan. Biak final zortzirenetako faseko kanporaketa saioak dira.
Ordizian irailaren 21ean kantatuko dute sei bertsolarik, Herri Antzokian, 17:00etan. Ainhoa Agirreazaldegi, Aitor Urbieta, Ane Zuazubiskar, Asier Azpirotz, Beñat Lizaso eta Manex Mujika ariko dira. Maddi Labakak aurkeztuko du saioa.
Zumarragara, berriz, astebete geroago egingo du bisita Txapelketak. Irailaren 28an, larunbata, Zelai Arizti aretoan 17:00etan, honako seikoteak abestuko du, tartean bi goierritarrek: Eli Pagola, Iker Ormazabal, Iñigo Izagirre, Mikel Tapia, Nerea Elustondo eta Unai Mendizabal. Iker Iriartek aurkeztuko du eta jarriko ditu gaiak.
Txapelketako saio guztiak 17:00etan hasiko dira; baita Donostiako finala ere.
Sarrerak non erosi
Saio guztietarako sarrerak Internet bidez eros daitezke, bertsosarrerak.eus webgunean. Saioaren egunean, aretoko leihatilan ere salduko dituzte. Bonua ere atera dute; 80 euro balio du, baina Bertsozale Elkarteko bazkideek soilik eros dezakete, eta finaleko sarrera ez dago horren barruan.
Denera, 16 saio dira. Final zortzirenetako zazpi saioak (Oñati, Amasa-Villabona, Ordizia, Zumaia, Zumarraga, Elgoibar eta Lasarte-Oria) irailaren 14tik urriaren 5era jokatuko dira. Bost final-laurden (Andoain, Irun, Eibar, Azpeitia eta Azkoitia) urriaren 19tik azaroaren 2ra; hiru finalaurreko (Arrasate, Oiartzun eta Tolosa) azaroaren 17an, 24an eta abenduaren 1ean; eta finala Donostia Arena-Illunben, abenduaren 14an.