Jonan Apaolazak (Urretxu, 1965) ETB1eko Gaur Egun albistegia aurkezten du. Urretxuar petoa da, eta asteburuetan lan egiten duen arren, Santa Anastasia jaietara etorriko da.
Nolatan kazetari?
Hamalau bat urte nituenean telebistan El Salvadorreko gerrako korrespontsala ikusten genuen, gau eta egun. Ez dakit zergatik, nire ofizioa hori izango zela erabaki nuen. Dena den, nire ibilbidea oso ezberdina izan da. Kanpoan oso gutxi ibili naiz.
Non egin zenituen ikasketak?
Leioan. Oso gustura ibili nintzen. Ama Segurakoa dut eta aita Mutilokoa zen. Hori dela eta, ordura arte Goierriko euskara bakarrik ezagutzen nuen. Unibertsitatean konturatu nintzen zenbat euskalki eta hitz egiteko era dauden. Oso aberasgarria izan zen.
Argi al zenuen telebistan lan egin nahi zenuela?
Beti telebistak eman dit atentzioa. Irudiak indar handia du. Minutu eta erdiko bideo batean oso informazio indartsua eman daiteke. Irratian lan egiteko aukera ere eduki nuen, baina telebista aukeratu nuen.
Zein saiotan aritu zara?
Bizkaia Directo, Noticias para America eta El Punto saioetan eta Nafarroako korrespontsalian lan egin nuen, Gaur Egun albistegian hasi aurretik. Noticias para America diasporako euskaldunei zuzendua zegoen, Euskal Herriko albisteak gure ikuspuntutik jaso zitzaten. Argentinara erreportaje bat egitera joan ginen batean, han ospetsua nintzela konturatu nintzen. Rosarioko Euskal Etxera sartu nintzenean denak niregana gerturatu ziren.
Dagoeneko Euskal Herrian ere ezaguna zara.
Sagardotegietan bai, baina hirietan gutxiago ikusten da ETB1. Dena den, kuriosoa da Cadiz-eko hondartza batera joatea eta ondoko familia euskaldunekoei telebistakoa naizela entzutea.
Gustura al zaude Gaur Egun albistegian?
Gaur Egun albistegian oso gustura nabil eta ez nuke lana aldatuko, baina dena azkarregi doa. Egunerokotasunak jan egiten gaitu. Gauzak gehiago landu ahal izatea gustatuko litzaidake.
Asko aldatu al dira albistegiak azken urte hauetan?
ETBn hasi nintzenean ez zegoen ordenagailurik. Albiste bat baieztatzeko genuen erreminta bakarra telefonoa zen. Zailagoa zen lan egitea, baina informazioa zorrotzagoa zen. Egun, albiste bat ETBn ateratzen denerako, sare sozialetan eta Interneten atera da. Hala, jendeak beste zerbait nahi du. Bestalde, garrantzi handia ematen zaie garrantzi gutxiko albisteei. Ikusgarriak dira, baina ez dira albisteak. Albistegiek ikuskizun ukitua hartu dute.
ETBn ere hori gertatzen ari dela nabaritu al duzu?
ETB publikoa da eta funtzio bat bete beharra du, baina aspergarriak bagara jendeak ihes egingo digu. Dena den, ezin dugu izaera publikoa ahaztu.
«ETB publikoa da eta funtzio bat du, baina aspergarriak bagara jendeak ihes egingo digu»
«Ez dut alderdien presiorik nabaritu, baina gaizki eginez gero kritikak jasotzen ditugu»
«Urretxuko jaiak behin bakarrik galdu ditut, azterketak nituelako»
Bestalde, ikuspuntu guztiak eskaini behar dituzue.
Denon telebista da eta guztion ikuspuntuak ematen saiatu behar gara.
Alderdien presiorik nabaritu al duzu?
Ez dut inoiz alderdien presiorik nabaritu, baina, gaizki eginez gero, kritikak jasotzen ditugu.
Kirolen atalak ez du toki handiegia hartu albistegietan?
Egungo albistegiak oso luzeak dira. ETB2ko Teleberrik ordubete baino gehiago irauten du eta kirolen tartea oso luzea da. ETB1en ere kirolak pisu handia du, baina audientzia handiak ematen ditu. Bestalde, gu gara gure kirolei arreta eskaintzen dien bakarra. Ardura hori dugu. Guk eskaintzen ez baditugu, nork eskainiko ditu?
Urte asko daramatzazu ofizioan. Anekdota bereziren bat gogoratzen al duzu?
Zuzeneko surrealistena oilategi batetik egin nuena da. Hitz egiten ari nintzen bitartean, oiloak nire hankei mokoka nituen. Beste behin, Iruñean Arga ibaia gainezka egiteko zorian zegoen eta horren berri ematera joan ginen. Maleta banku batean utzita, autoan sartu ginen. Emakume batek maleta ikusi eta poliziari deitu zion. Zuzenean sartu baino segundo bakar batzuk lehenago lortu genuen poliziek telebistakoak ginela sinestea.
Zein da eman duzun albiste onena?
ETAren amaieraren iragarpena, Kanbon. Ni hasi nintzenean atentatu asko egoten ziren eta urte gogorrak bizi izan genituen. Hori guztia atzean uztea eta gizarte berri bat eraiki ahal izatea oso pozgarria izan zen.
Eta txarrena?
Duela 11 hilabete semea galdu nuen. Nire lan ibilbidean halako albiste asko ematea suertatu zait, baina semea joan zenetik beste era batera ematen ditut. Albiste horien guztien atzean zer dagoen konturatzen naiz. Lehen albiste horiek hoztasun handiagoz bizi nituen.
Zein albiste ematea gustatuko litzaizuke?
Altsasuko gazteak aske utzi dituztela eta justizia egin dela. Hori gustatuko litzaidake esatea, nahiz eta zoritxarrez oso berandu izan gazte hauentzat.
Sakanan bizi zara, baina urretxuar petoa zara.
Urdiainera ezkondu nintzen duela 24 urte, eta Bilbon eta Madrilen ere bizi izan naiz. Beharbada horregatik sentitzen naiz horren urretxuarra. Urretxuko jaiak behin bakarrik galdu ditut, azterketak nituelako.
Aurten ere Urretxura etorriko zara, beraz.
Kuadrillakook 15 urterekin hasi ginen karroza egiten eta urte askotan parte hartu genuen karroza desfilean. Ondoren, gastronomia lehiaketan parte hartzen hasi ginen. Txapelketa lau aldiz irabazi dugu eta beste lautan aurkezpen onenari saria eman digute. Lehen Imanol Jauregi, Iñigo Altzelai eta hirurok ginen sukaldariak. Asteburutan lan egiten dudanetik, oso zaila zait txanda aldatzea eta gauean heltzen naiz Urretxura.