Iraia Oiartzabal
Kursaaleko alfonbra gorria urruti samar geratzen zaigu inguruotan baina seguru nago gure bizilagunen artean asko direla Donostiako Zinemaldiak ekartzen duenaren jarraipena egiten dutenak. Urrunegi joan gabe, zu zeu bertan buru belarri lanean arituko zara. Pantaila handian zer ikusi, hura kontatu. Donostiako kaleak ere zinemaz eta kulturaz zipriztintzen dira egun horietan. Fotogramaz fotograma, giro berezia islatzen da Gipuzkoako hiriburuan.
Kultura kontsumitzeko modu berrien inguruan hitz egiten da maiz, espresio bide berriek mundu zabalean eta hemen etxean bertan sortzen denaz bustitzeko bide berriak ere ekarri ditu. Zinemak, ordea, bere modalitate klasikoenean ere interesa pizten segitzen du. Zinema aretoaren iluntasunak badu bere xarma. Begi eta belarriak zabalik, pantaila handiak emango duenaren zain. Diztirak edonor erakar dezake, normala ere bada Zinemaldia bezalako ekimen handi batek halako ikusmira sortzea. Eta badira baita ere, bere txikitasunean, ikusmira hori elikatzen duten esperientziak. Kultura gosea esnatzen dutenak. Gurean adibidez urteak dira bi astean behin Zine Klubak film bat ikustea aisialdirako eta hausnarketarako aukera bilakatzeko lan egiten duela. Eta baditu bere jarraitzaile fidelak. Berdintsu egiten dute irakurketa taldean, literatura esperientzia konpartitua bihurtuz.
Alfonbra gorrian zein etxeko atarian, jarrai beza kulturak herria egiten.
Nagore Belastegi
Zine klubak badu abantaila bat, eta da pelikula ondo aukeratuak eskaintzen dituela, zazpigarren artearen altxor txikiak. Pelikula handi eta ospetsuak beti onenak ez direla ikasi dut Zinemaldiari buruz idazten eman ditudan urteetan. Perlak saileko aretoan sartzea apustu segurua da, baina ez da Zuzendari Berriak-eko pelikula bat ikustea bezain dibertigarria. Hauxe da nire gustukoena, bertan ikusi baititut oso film arraroak, batzuk ez hain onak, baina baita ere Donostiako jaialdian inoiz ikusi ditudan lan polit eta hunkigarrienak. Eta gutxitan iristen dira horiek kartelerara. Horregatik gomendatzen dizuet datorren astean Gipuzkoako hiriburura gerturatzea, Maria Cristina hotela eta Kursaalaren artean dauden metroak atzera eta aurrera ibiltzea, alfombra gorriko giroaz gozatzea eta gutxienez pelikula bat ikustea. Argi ibili, sarrerak jada salgai daude eta!
Baina Donostiara joateko beharrik ez dago zinemazale izateko. Aurrekoan zine aretoan izan nintzen, eta ez da normalean egiten dudan zerbait, nagikeriagatik-edo… Zinema izugarri gustatzen zait, baina plataforma digitalek indarra hartu dutenetik etxeko sofatik altxatzea kosta egiten zait. Hala ere, zinemak xarma guztia galtzen duela onartzen dut. Luis Tosarren azkena ikusi nuen horretan aretoa ia hutsa bazegoen ere, Zinemaldiko jendetzaren zantzurik egon ez arren, zinemaren magia hor zegoen; pantaila handia, xuxurlak, iluntasuna. Zeluloidea ez dadila eten.