Zeru gorrixka distiratsu eta oskarbian eguzkia nola desagertzen ari den begira dago. Begiak zabal-zabal. Iruditu zaio ikusmira horrek edertasunaren aldaeretako bat behar duela izan, derrigor. Zeruertzak beheko zatia jan dio aurrena izar horiari. Poliki-poliki. Eta astroa desagertzearekin batera, itzali egin da hondartza eta haren alboko pasealekua biziarazten zituen argia.
Lasai dago Mikel. Harrizko eserlekuan jarrita, besoekin zangoak besarkatuz. Lehenengoz joan da bakar-bakarrik oporretara. Bikotekidearekin banatu berri, tristezia, etsia eta ordura arte bestearekin partekatutako etxearen sabaia gainera eroriko zitzaizkion beldur, Mediterraneo aldera joatea erabaki zuen. Gogoetarako 10 egun, atseden hartzeko 10 egun, eta azken urtean gertatua laburbilduko duten 10 arrazoi aurkitzeko 10 egun. Eguneko bat. Edo guztiak egun bakarrean. Auskalo.
9. eguna du gaurkoa, eta oraindik arrazoietako bat falta du. Zerbaitek esaten dio justu horixe dela garrantzitsuena; hots, arrazoi hori dela beraien artekoa infernura bidali duena. Eguzkia zegoen tokira begiratzea dagoeneko alferrikakotzat jota, itsasoari so jarri da. Gogokoa du itsasoaren hizketa hotsa. Eta ordu horretan, apenas dagoenez jenderik, garbi entzun dezake. Agian urak argituko dio falta duen arrazoia, baina ez dio tutik ere ulertzen.
Urrunean, orbantxo bat ikusi du. Zer ote da? Itsasontziren bat? Eta pentsatu du, «badator beste parasito mordoxka bat guri lana eta ogia kentzera. Kolpe zorrik jo gabe, gure adinduen pentsioa baino gehiago jasoko dutenak gazte-gazterik». Odola ozpintzen hasi aurretik, eta zangoak lo hartzeko zorian dituela ohartuta, pasealekuan aurrera joatea erabaki du.
«Itsasoaren xuxurlari esker konturatu da zein den bakarrik egotera kondenatu duen arrazoia: gainerakoak ez ulertzea eta diren bezala ez onartzea»
Ibiltzean, ohartu da dezente beltzarandu dela, oinak ezohiko kolorez bustita ikusi baititu sandalietan dilin-dalanka. Sandaliak! Denbora gutxi da janzteari men egin ziola. Aurretik, beti pentsatu izan baitzuen «gauza horiek emakumeenak» zirela, eta oraindik ere herritik kanpo dagoenean baino ez ditu janzten, badaezpada.
Bidean pixka bat ezkerrera egin behar izan du, oinen gogoetan galdurik ia tupust egin duelako aulki gurpildun batekin. Gizon heldu bat doa eserita, eta emakume atzerritar batek darama bultzaka. «Zaharra eta kanpotarra besterik ez dago!», haserre, berekiko. Beste aldera begiratu, eta gorputza tatuajez eta metalez jositako gazte bat ikusi du. Nazkaz begiratu dio: «Hobe luke lanean aritu, gorputza dekoratzen jardun beharrean».
Emakume bat bi seme-alabarekin dauzka orain aurretik. Mutikoak auto bat darama eskuan, airean egindako irumenezko errepidean aurrera eginez. Neskatilak, berriz, panpina eramateko orgatxoa. Mutikoak esan dio txanda amaitu zaiola, eta itzultzeko bere orgatxoa. Mikelek pentsatu du belarriek kale egin diotela, eta ez duela horrelakorik esan, baina neskatilak etsipenezko «baaaleee» batekin erantzun, eta itzuli dioenean, ondo entzun duela ohartu da.
Mutikotxoak irribarre gozoa egin dio Mikeli, eta zurtuta geratu da. Une batez itsasoaren ahotsa entzun duela iruditu zaio. Haren xuxurlari esker konturatu da zein den azken arrazoia, zein den bakar-bakarrik egotera kondenatu duen arrazoia: gainerakoak ez ulertzea eta diren bezala ez onartzea. Horrelaxe doakigu mundua.