Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren aldarrikapenak Urretxuko Santa Anastasia jaietan ere bere tokia izaten du. Aurten presentzia berezia izango du, berdintasuna aldarrikatzen duen batukada batek erraldoien eta buruhandien kalejiran eta txupinazoan parte hartuko baitu. Batukada taldea 19:00etan abiatuko da Emakumeen Etxetik. Txupinazoa, berriz, 20:30ean izango da.
Dunbots batukada taldea aurten sortu da. Udal elkarteko Berdintasun saila Gazte Bidean udal zerbitzuarekin harremanetan jarri zen, gaztetxoekin berdintasunarekin zerikusia duten gaiak lantzeko. Hala, urte osoko programa bat osatuko dute.
Lehen ekimena Dunbots batukada taldearen sorrera izan da. Talde hau neskez osatua dago, baina mutilek ere parte har dezakete. Oraingoz, bi mutilek parte hartzeko asmoa azaldu dute.
Urretxuko jaietan zortzi bat lagunek musika joko dute eta atzetik beste hamar joango dira, dantza egiten. Beraiekin nahi duten urretxuar eta zumarragar guztiek dantza egin ahal izango dute, noski.
Gainera, desfilean zehar, geldialdietan, Alarma Morea taldeko neskek abestuko dute. Neska hauek eraso sexisten aurkako abesti bat egin zuten Zumarragako jaietarako eta abesti horrek 15.000 ikustaldi baino gehiago lortu ditu dagoeneko Youtuben.
Dunbots taldeko kideek Iñigo Rodriguez perkusio irakaslearekin ikasi dute batukada jotzen. Rodriguezek beste batukada talde batzuk ere prestatu ditu, gazte hauekin lan egiten hasi aurretik. Uztailean hasi zituzten prestaketa lanak eta ordutik zortzi aldiz entseatu dute.
Entseguak
Entseguak Urretxuko KZgunea zegoen tokian egiten dituzte (HMotion ile-apaindegiaren ondoan), asteburuetan. Dunbots batukada taldean parte hartu nahi dutenek Gazte Bidean lokalean eman behar dute izena.
Taldeko neskak oso pozik daude. Gogo eta ilusio handiarekin lan egin dute eta kalejira mundiala izatea espero dute. Herritar guztiei beraiekin dantza egiteko gonbita ere luzatu diete.
Dena den, garrantzitsuena talde bat osatu dutela eta primeran pasatzen ari direla da. Izan ere, talde honek ez du Urretxuko jaietan bakarrik joko. Beraien asmoa gazteekin zerikusia duten Urretxu eta Zumarragako ekitaldi guztietan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna aldarrikatzea da.