Sufritu egiten dugu horrelakoetan, batez ere abere gazteak ez daudelako ohituta jende artean egotera. Urduri jartzen dira». Baserrian bizi eta lan egiten duen lagun adeitsu batek halaxe kontatu zidan, joan den asteko Ordiziako Euskal Jaietako azoka berezian. Pirenaika arrazako buru ederrez betea zegoen Garagartza plaza. Han zebiltzan hainbat herritar eta bisitari kurioso, txahal eta zekorren marru artean, ganaduaren ezinegonaz jabetu –eta are gutxiago arduratu– ere egin gabe. Ni neu ere halaxe nengoen!
Urrutitxo bizi gara naturatik eta, ziur asko, oraindik eta urrunago baserri mundutik. Nabarmena da azken urteotan nekazal mundua, bere kabuz nahiz erakundeak bidelagun hartuta, gizartera gerturatzeko egiten ari den ahalegina. Dela azoka bereziak eta erakusketak antolatuz, dela baserrietako ateak gainontzeko herritarrei zabalduz, dela Ordiziakoa bezalako sariketetan parte hartuz. Pentsa, beren abelburu onenak plazan sentitu dezaketen ezinegonaz jabetuta ere, ez diote uko egiten egun horretan jendearengana gerturatzeko daukaten konpromisoari! Baina, hala eta guztiz ere, urruti jarraitzen dute bi munduek. Kaleak eta landaguneak.
«Urrutitxo bizi gara naturatik, eta ziur asko, oraindik eta urrunago baserri mundutik»
Kaletarrok gure buruari galdetu behar genioke ea zer egiten dugun hain gertu –geografiaren ikuspegitik, gutxienez– daukagun inguru eta ofizio horretara gerturatzeko. Nire zalantzak ditut, egungo kontsumoaren gizartean –non soilik baloratzen dugun azkeneko oferta, bat-bateko apeta soilik asetzea, epe luzeko begiradarik gabe– kapazak ote garen tokiko sagardoaren edo baserriko baratzeko porru baten atzean dagoen guztia ikusteko. Lana, lurralde batekiko maitasuna, paisaia, osasuna… ingurumenarekiko ardura, azken finean.
Oraindik eta larriagoa iruditzen zait ezagutza eta aitortza falta horrek baserritarren aurkako klixeak eta aurreiritziak elikatzea. Ezagutza faltak errespetua behar luke berekin, baina kontrakoa gertatzen da. Ezjakintasunak mesfidantza eta zabarkeria eragiten du gurean. Gure baserritarrek animaliak esplotatzen dituztela eta natur inguruneari kalte egiten diotela esateraino, kasu batzuetan. Gure lagunak Ordizian esandakoa entzutea nahikoa da, ordea, justu kontrakoa gertatzen dela jabetzeko. Baserritarrak direla abereen eta ingurumenaren zaindari nagusiak.
Ez nuke ikuspegi xalo edo inuzenteegirik eman nahi. Edozein alorretan bezala, nekazaritza munduan ere egongo direlako kontraesanak eta hobetu beharreko kontuak. Baina gai honetan ere, uste dut inoiz baino beharrezkoagoak direla kaletar eta baserritarren arteko zubiak. Horrek eskatzen du, bereziki, kalean bizi garenok, mendira, landa ingurunera beste begirada batekin gerturatzea. Errespetu gehiagorekin. Benetako jakinminez.