Idiazabal Gaztaren unibertso osoa jaso eta azaldu nahi izan du Mikel Urretabizkaia ordiziar kazetariak ‘Gazta’ dokumentalean. Gaur, hilaren 27an, Donostiako Zinemaldian estreinatuko dute, Culinary Zinema sailaren barruan.
«Ordiziarra eta goierritarra izanda», Mikel Urretabizkaia kazetariak «erreferentziatzat» izan du beti Idiazabal Gazta. Duela 15 bat urtetik buruan ibili du Idiazabal Gaztaren atzean dagoen unibertso osoa dokumental batean jasoko ideia, eta azkenean, hainbat baldintzek bat egin ondoren, iaz egin zituen Gazta dokumentala filmatzeko lanak: «Denbora asko da horrelako dokumental bat egiteko gogoa nuela, baina orain arte ez zait egiteko aukera sortu; orain egokitu da aukera: laguntza batzuk atera ziren, gogoa ere bai, momentua izan da, talde bat sortu genuen dokumentala sortzeko…».
Gaur izango da emaitza ikusteko aukera. Ez du nola nahiko plaza izango gainera: Donostiako Zinemaldiaren plazan, Principe antzokian. Culinary Zinema Sailaren barruan aurkeztuko dituzten 13 filmetako bat izango da. 16:00etan izango du estreinaldia eta dokumentala amaitutakoan, Ordiziako Idiazabal Gazta kofradiako kideek zuzenduta, gazta dastaketa-ikastaroa egingo dute Kursaalaren atzeko karpan. «Hasieran batean, Ordizian, iraileko azokaren inguruan estreinatzea pentsatua baldin bageneukan ere, Donostiako Zinemaldiak Culinary Zineman emateko aukeratu zuenez filma, ezin izan dugu aurretik beste inon aurkeztu», zehaztu du Urretabizkaiak.
Gaztaren unibertso osoa
Idiazabal Gaztari egin diezaiokeen marketing-az edo sustapenaz harago, Idiazabal Gaztaren unibertso osoa erakutsi nahi izan ordiziarrak Gazta dokumentalean. Besteak beste, 6.000 urte baino gehiago dituen artzaintzaren lanbideari eta artzainen lanari aitortza egitea izan du helburua. «Bere tokian jarri nahi izan ditut artzainak; artzainik gabe ez dago Idiazabal Gaztarik».
Horretarako, gaztaren benetako protagonistak dira aktore nagusiak: Olaberriko Eli Arrillaga eta Mikel Etxezarreta, Segurako Goiburu familia, OrdiziakoJoseba Insausti, Aramaioko (Araba) Maider Unda eta azken bi urteetan Ordiziako iraileko gazta txapelketa irabazi duen Lekarozko (Nafarroa) Julen Arburua artzaina. Dokumentalaren azken irudiak, zehazki, iazko Ordiziako iraileko gazta txapelketan grabatu zituzten, Arburuak txapela jantzita. Latxa ardiak eta pasaiak ere toki berezia izango dute filman, «gaur egun daukagun pasaia, ardi asko daudelako eta artzainek jarraitzen dutelako baita».
«Gaur egungo paisaia, ardi asko daudelako eta artzainek jarraitzen dutelako da»
«Horrelako gazta bat mundu oso konplexua dela erakutsi nahi izan dugu»
Mikel Urretabizkaia ‘Gazta’ filmaren zuzendaria
Artzainen eta ardien arteko artisau lanaren ondotik sortzen den gaztaren ertz desberdinak jaso nahi izan ditu ordiziarrak: «Jatorri Izendapen bat dago, kontrolak daude, eta hori ere erakutsi nahi nuen. Miaketak egiten dira. Artaldea, gaztandegia, esnea, salmenta tokia… kontrolatzen dira; Farmazia fakultatean eta Aztin ere izan gara. Horrelako gazta bat mundu oso konplexua dela erakutsi nahi izan dugu».
Euskal sukaldariek bere egin dute Idiazabal Gazta, euren plateren osagai garrantzitsua bilakatu da: «Ongi dakite zein garrantzitsua den kalitate handiko artisau-produktua izatea, haien sukaldari-lan zorrotzean ederki egokitu dadin». Dokumental berrian garbi utzi dute Eneko Atxa, Juan Mari Arzak eta Elena Arzak, Pedro Subijana, Hilario Arbelaitz, Karlos Argiñano, Martin Berasategi eta Luis Aduriz sukaldariek Idiazabal Gaztaren defendatzaile sutsuak direla. Juan Roca sukaldari katalanari ere lekua egin diote, «kanpoko ikuspegia ere jaso nahi bainuen».
Mugarria
Dokumentalean elkarrizketatu duten historiaurreko katedradunak ziurtatu duenez, neolitikoa garaitik, duela 6.000 urtetik, daude artzainak Euskal Herrian. «Oraindik ere manten- tzen den lanbide zaharrenetako bat da. Duela urte batzuk, bazirudien, artzaintza bukatuko zela. Artisauen lana da. Baina ikusten dugu, azkeneko bi urteetan, Ordizian, Julen Arburuak irabazi duela, eta Julenek ez dauzka 30 urte. Belaunaldi berria sartu da». Urretabizkaiaren ustez, Idiazabal Gazta Jatorri Izendapena sortzea izan zen gaztak eta artzaintzak aurrera egiteko mugarria: «Lehenengo Eusko Jaurlaritzak jarri zuen martxan Idiazabal Jatorri Izendapena, Garaikoetxearen garaian. Kalitatezko gazta egiten da orain, estandarra lortu baita. Merkatua lortu du gaztak eta ondo saltzen da».
Aitortza, sentsibilizazioa
Azkenik, beste helburu bat ere lortu nahi izan du Urretabizkaiak dokumentalarekin: kontsumitzaileen artean sentsibilizazioa sortzea, eta bertakoa eta kalitate handikoa den gazta kontsumitu dezaten bultzatzea. «Modan jarri da 0 Kilometroa. Ez dakit zerbait badagoen Idiazabal Gazta baino 0 Kilometroagoa denik».
Urdanetaren sekretutik Idiazabal Gaztaren sekretuetara
Mikel Urretabizkaia (Ordizia, 1953) Kazetaritzako doktorea da, Euskal Telebistako albistegi eta kiroletako zuzendaria eta proiektu berrien buru, eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea. Kronikak (2006) dokumental saila, Guggenheim, historia de un sueño (2007), El cónclave negro (2008), eta El secreto de Urdaneta (2009) dokumentalak zuzendu ditu. Urdanetaren sekretuak kontatu zituenetik hamar urtera, ekoitzi du Gazta dokumentala, Andoni Murua, Jose Mari Ribero, Manex Aranburu, Belen Moreo, Angel Gonzalez Katarain eta Arkaitz Serrano lankideekin. Artzainen, sukaldarien eta adituen testigantzak Xabier Euzkitzeren ahotsak lotu ditu. ETBk ere lagundu du produkzioan eta bi kateetan emango dute datozen asteeetan. Dena den, Urretabizkaiak badu nahi bat: Ordizian aurkeztea.