Manuel Ruiz eskarmentudun enologoa Urretxun ariko da beste behin Arabar Errioxako ardoen dastaketa gidatzen.
Haroko Enologia Estazioan (Errioxa) 44 urtez funtzionario moduan enologo lanean aritua –1960tik 2004ra–, Manuel Ruiz (Madril, 1934) eminentzia bat da ardogintzaren sektorean. Artean lan profesionalean ari zela bisitatu zuen lehen aldiz Urretxu-Zumarragako Santa Lutzi azoka duela ia 30 urte, eta harrezkero urtez urte etortzen da Arabar Errioxako ardo uzta berriaren dastaketa gidatzera.
«Ardo salmentan aritzen zen Zumarragako baten deia jaso nuen, Santa Lutzi ferian ardo dastaketa bat egiteko. Lehen aldi hartan goizez egin zen –lehena zela uste dut–, eta gogoan dut egundoko auto-ilarak harrapatu ninduela. Gerora, bezperan egin izan dugu eta arratsaldez», gogoratu du. Hasierako urte haietan lehiaketa egiten zuten salmenta postuetako ardoan artean –epaimahaiburua zen Ruiz–, baina gerora «arlo didaktikoari garrantzi gehiago» emateko erabakia hartu zuten ardo dastaketari denbora gehiago eskainiz.
Ardo ekoitzi berria
Antolatzaileek jartzen dute ardoa. «Hori hitzartuta daukate, eta niri laginak ere bidali dizkidate dagoeneko. Arabar Errioxako ardo beltza izan behar du, aurtengo uztakoa. Lehen aurreko urtekoa dastatzen genuen, baina azken urteetan urtekoa, orain gutxi egindako ardoa».
Hamabi-hamalau ardo artean dastatzen dituzte, eta hainbat araudi tekniko eta organoleptiko bete behar dituzte: «Freskotasuna, kolore indartsua, ahosabaian suabea izatea, eta lore eta fruta usaina izatea». Uztaren gora beherez eta ardoen ezaugarriez ere aritzen da Ruiz: «Onerako harritu gaitu aurtengoak. Heltzea kosta egin zaio mahatsari, hostoa ez zen kolorez aldatzen, eta hori ez dena, baina azkenean aldatu da hori-gorrira. Orduan lortzen da ardo ona».
Ardogintzan aritzen diren bi semek lagunduta egiten du Harotik Urretxurako joan-etorria Ruiz: «Gustura etortzen naiz, eta dastaketako partaideak ere hala ikusten ditut. Arreta handia jartzen du jendeak, bai!».
Azoka-dastaketa
Santa Lutzi feriaren bezperan, Arabako Errioxako ardoak toki berezia izan ohi du Urretxun.
- Osteguna, 12.
- 18:00-21:00: Arabako Errioxako 28. ardo azoka. Urretxuko Iparragirre plazan.
- 19:00: Manuel Ruiz Arabako Errioxako 2019ko uztako ardoen dastaketa irekia, Urretxuko udaletxeko portaloian. Parte hartu ahal izateko aurretik txartelak hartu behar dira kultur etxean, abenduaren 5an, 9ean, 10ean eta 11n. 3 euroren truke dastaketan parte hartu eta bi pintxo jateko aukera izango da.
- Ostirala, 13.
- 09:00-16:00: Arabako Errioxako 28. ardo azoka. Urretxuko Iparragirre plazan.