Goierri Beheko ezti lehiaketan txapeldun eta Euskal Herrikoan bigarren izan da Igor Altuna lazkaotarra. Hamar-bat urte daramatza langintzan, eta lortu du erlekumeak sortzea eta erlauntzaren galerei buelta ematea. Eztia da emaitza.
«Eztia erleek egiten dute». Erlezain guztiek bezala, ezti onaren meritua animaliatxoei ematen die Igor Altunak ere (Lazkao, 1975). Baina, garai hauetan, erlezainak eurak dira beste horrenbeste meritu dutenak, erlegintzaren etengabeko gainbehera galgatu eta, ahal den eran, segitzen dutelako.
2010ean hasi zen Altuna erleen munduaz ikasten, Fraisoron. «Hutsetik hasi nintzen, baina mundu hau betidanik gustatu zaidala konturatu nintzen». Orain 10 kaxa ditu, zazpi Gabirian –amaren jaiotetxean– eta hiru «proba egiteko» Lazkaomendin –aitarenean–.
Iaz 13 zeuzkan, ordea. Liztor beltzak kalte handia eragin zuen 2018ko udan, eta oso ahul utzi zituzten erlauntzak. Neguak eman zien errematea askori. Burua altxatzea lortu du, hala ere. Erlekumeak atera eta kolonia berriak sortzen hasia da Altuna, bere kabuz.
«Gabirian, beste erlezain batek utzitako kaxa batean erlekume bat sartu zela esan zidan osabak. Ondoan jarri nuen kaxa bat, eta handik hasi nintzen. Lehenengo hiru kaxak Erlezain Elkarteko albaitariari erosi nizkion, eta urte txarra tokatutakoan, Aikurrekoekin ere ibili naiz. Azken urteotan neu bakarrik moldatu naiz», dio Altunak.
Sariak, indar emaile
Erleentzat leku egokia aukeratzea da, Altunaren esanetan, erlezainaren lana. «Eguzkiak ondo berotu behar du, inguruan denetariko jana eduki behar dute, zuhaitzak eta loreak. Milalore eztia da nirea».
Gero ere «gainean» egon behar da. Astean behin, gutxienez, erletegia ondo dagoela ikusten du; eztia ateratzeko garaian eta udaberrian, gehiago. «Neguan jana jarri behar zaie, euriarekin ez dira ateratzen eta. Goseak ez daitezela geratu».
Ondo gobernatuz gero, esker onekoak dira erleak. Bi sari eman dizkiote Altunari, azken asteotan: Goierri Beheko txapela eta Euskal Herriko 2.a milaloretan. Erlezainarentzat ere, hegan segitzeko elikagaia.