Osakidetzaren Paziente Bizia izeneko programa ez da berria, baina Goierrin indarberrituta dator aurten, batez ere Agijupens Erretiratu eta Pentsiodunen Zentroen Gipuzkoako Elkarteak martxan jarri duen informazio kanpainaren ondorioz. Elkarte horrek antolatuta, gaixotasun kronikoak dituzten herritarrei eta horien zaintzaileei zuzendutako Paziente Bizia aurkezteko hainbat hitzaldi egin dituzte eskualdean. Horietako bat Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeko areto nagusian egin zuten joan den astean.
Xabier Aizpurua Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteko kidea eta Xabier Mujika Osakidetzako erizaina arduratu ziren programari buruzko argibideak emateaz.
Paziente Bizia Osakidetzak 2010ean martxan jarritako programa bat da, eta Mujikak azaldu duenez, gaixotasun kronikoa dutenen «autozaintzan oinarritutako heziketa du ardatz». Osasunaren kudeaketaren kontzeptu aldaketa ekarri zuen bere garaian. Izan ere, ordura arte Osakidetzak bere gain hartzen zuen osorik zainketa hori, eta osasunari dagokionez «menpeko pertsonak» ziren pazienteak, medikua eta osasun zentroa arduratzen ziren guztiaz. Baina sistema haren jasangarritasuna zalantan jarri zen unea heldu zen, artatzen ziren 65 urtetik gorako herritarrak %20tik gora izatera iritsi zirenean; adin horretako jendearen artean %85ek gaixotasun kroniko bat duela kontuan hartu behar da gainera. Horregatik, osasunaren zaintzan pazienteei beraiei ardura ematera pasa ziren, medikuak agindutakoa egin zezatela eskatuz; «pertsona obedienteak» izatera igaro ziren orduan pazienteak.
Sistema berri horrek, ordea, zalantzak eragin zituen, pazienteen egoera pertsonalak edo nahiak ez zirelako kontuan hartzen; anekdota bat kontatu zuen Xabier Mujikak hori adierazteko: «Nire paziente bati arrain freskoa jan behar zuela esan eta esan ari nintzen, baina halako batean arrain freskoa erosteko dirurik ez zeukala eta izoztua bakarrik jan ahal zuela esan zidan».
Hala, pauso bat gehiago eman eta «pazienteak ahaldundu» egin behar zirela ikusi zuten, hau da, «gehiago galdetu, gehiago entzun eta gutxiago agindu», eta ahalmena eta tresnak ematen hasi ziren euren osasuna zaintzeko. Azken prozesu honetan kokatzen da Paziente Bizia programa.
Hiru tailer aukeran
«Gaixotasun kronikoa dutenei, gaixotasun mentalak barne, eta zaindariei» zuzendutako programa da Paziente Bizia, taldeko tailerren bitartez autozaintzan trebatzea du helburu. Norberak bere gaixotasuna ezagutzea eta bere osasun egoera hobetzeko ohiturak eta jokabideak ikastea dute ardatz tailerrek. Hala, ariketa fisikoa bultzatzen dute, elikadura jarraibideak ematen dituzte, emozioak maneiatzeko tresnak eskaintzen dituzte, komunikazio afektiboa lantzen dute… Irakasleak, horretarako espreski Osakidetzak prestatutako pazienteak dira –150 lagun daude prestatuta dagoeneko–, partaideei gertutasuna eskaintzen dietena, eta aldi berean, esperientzia.
Hiru tailer mota eskaintzen dituzte: bat, orokorra, Nire osasuna aktiboki zainduz; bigarrena, zehatzagoa, Nire diabetesa zaintzen; eta hirugarrena, zehatza hau ere, Minbiziaren ondoren nire osasuna zaintzen. Dohainik dira guztiak eta osasun zentroetan ematen dira, 8-15 lagunek osatutako taldeetan. Partaide guztiei erabateko konfidentzialtasuna ziurtatzen zaie, eta tailerrak euskaraz edo gaztelaniaz ematen dira, taldekideen arabera.
Lehenengo tailerrean gai orokorrak lantzen dituzte: elikadura osasungarria, ariketa fisikoa, emozioen kudeaketa, erlajaxioa, kontsulten prestaketa, medikazioaren inguruko zalantzak, aurretiazko borondateak… Zortzi saio dira guztira, bakoitza bi ordukoa. Diabetikoei zuzendutako tailerrean, botiken eta insulinaren gaia lantzen da bereziki. Minbiziarena, azkenik, alta emandakoei zuzenduta dago batez ere, eta emozioak lantzen dira batez ere: gaixotasun horrek pazientearen bizitzan izan duen eragina, azterketa medikuei aurre nola egin… Bi tailer espezifiko horiek zazpi saiokoak dira, eta bakoitzak bi ordu eta erdikoak dira.
Farmazilariek ere osasunaren zaintzan lagun dezaketela gogoratu zuen Zumarragan Xabier Aizpuruak.