Txikitatik margotzen du Jon Zumalakarregi (Ormaiztegi, 1998) artista gazteak. Etxean ditu gordeta oraindik ere garai hartan egindako margolanak: «Eboluzioa nabari da hura ikustean», adierazi du. Beasaingo Artelekun klaseak hartu zituen, eta Batxilergo artistikoa egin zuen Beasaingo Txindoki institutuan: «Orduan konturatu nintzen benetan gustuko nuela».
Batxilergoa bukatuta, halere, ez zituen ikasketa artistikoak jarraitu. Haur Hezkuntzako goi maila egin zuen Elgoibarren: «Oso gustura aritu nintzen, nahiz eta ez dakidan nik ere zergatik hautatu nuen. Udalekuetan ibilitakoa naiz eta begirale gisa ere bai, horregatik izan daiteke mundu hori gustatzea». Arte ikasketei jarraipena eman ez zien arren, bere kasa egindakotik ere ikasi duela eman du aditzera: «Zure kabuz ere ikasten duzu, zure moduan lan egiteak badu balio hori ere».
Urtarril eta otsail bitartean erakusgai jarri zituen haren lanak Ormaiztegiko gizarte etxeko tabernak duen erakusketa txokoan: «Leku egokia da erakusketentzako, izan argazkilaritza, pintura edo eskultura, paretak ere txuriak dira eta edozer erakusteko toki aproposa dela uste dut».
Gaineratu du bertaratutakoek ere interesa erakusten dutela: «Hori baloratzen dut nik, jendeak baloratzen duela ikustea». Orain arte ondutako lanetan jendea da ardatz nagusia: «Aurpegi asko ditut eginda, baina ez erretratuak, baizik eta perfilak». Koloreak nabarmentzea ere gustuko du: «Halere, probatu beharra dago, gauza desberdinak egin».
Akrilikoa erabiltzen du gehienbat. Beste material batzuekin alderatuta, alde txar eta onak dituela jakinarazi du: «Akrilikoa erabiltzen dut ekonomikoki hobe ateratzen zaidalako, baina olio-pinturak joko gehiago ematen dizu, nahasgarriagoa delako». Ormaiztegiko erakusketan ikusgai jarritako lanak material horrekin egindakoak dira denak.
Artisau azoka
Iaz artisau azokaren laugarren edizioa egin zuten Ormaiztegin. Bertan izan zen Jon Zumalakarregi. Herriko artisau eta ekintzaileen topagunea izateko martxan jarritako ekimena da artisau azoka. Zumalakarregiren arabera, parada egokia da artelanak ontzen dituzten herritarrek haien lanak erakusgai jartzeko: «Herrian badago jendea gauza oso politak egiten dituztenak, eta askotan lan hori ez dago merezi duen bezain baloratua», azaldu du. «Askotan ez da aintzat hartzen artelan baten atzean dagoen lan guztia».
Margolariez gain, zeramikagileek, argazkilariek edo jostunek erakutsi dituzte haien lanak azken lau urtetan. Aditzera eman du herritarrak animatuko lituzkeela parte hartzera: «Pausoa eman ez duen jendea badagoela uste dut».