Goierriko mediku talde batek Mozanbikeko Bilene-Macia barrutian osasun laguntza
eta prestakuntza egiteko, eta hara azpiegitura eramateko elkartasun jaialdiak
antolatu dituzte Indarra, Dole, Kallpa elkarteak eta NerGroup-ek.
Bizitzaren kasualitateak zer diren. Bien adiskide den lagun baten ospakizun festan elkar ezagutu joan den urteko azaroan, eta lau hilabeteren buruan, hamaika kudeaketa lan egin dituzte lau elkartasun jaialdi antolatzeko. Indarra, Dole, Kallpa gobernuz kanpoko erakundeko Marisol Alkaiaga zaldibiarra da bat, Elizabeth Blarduni Cardon pediatra erretiratua bestea. Argentinarra jaiotzez, urteak egin ditu bigarren horrek Goierri-Urolako Garaiko ESIan pediatra lanetan, eta Inma proiektuko gidarietako bat ere izan da.
Nazioarteko elkarlanerako emakumeen elkarte bat da Alkagaiak ordezkatzen duena, eta Blarduni, berriz, Yoire gobernuz kanpoko Nwina proiektuarekin kolaboratzen ari den haur-medikua da. Nwina hitzak Zuentzako esan nahi du shangana hizkuntzan. 2016an hasi ziren proiektu horrekin Mozanbikeko Bilene-Macia barrutian, Gaza probintzian, amen eta haurren tokiko osasun beharrak antzeman eta haiek hobetze bidean jartzeko lanean. Blardunik eta Joxi Zudaire ordiziar pediatra ezagunak iaz egin zuten lehen kolaborazio bidaia Mozanbikera.
Lauko mediku taldea
Elkar ezagutu zuteneko elkarrizketa batean izan zuten Alkagaiak eta Blardunik bakoitzaren ibiliren berri. Pediatrak iaz Afrikako herrialde hartan egindako lanaren eta bizitako esperientziaren berri eman zion, baita aurtengo zituzten asmoak jakinarazi ere. Zaldibiar boluntarioak zerbait egiteko beharra sentitu, eta martxan jarri zen. Batetik, NerGroup taldearekin harremanetan jarri zen Zaldibiako Logos kooperatibako Alaitz Urdangarinen bidez. Hark, dagokion tokian egitasmoa aurkeztu, eta elkartasun jaialdi horien antolakuntzan sartuko zirela agindu zion.
Aurrez aipatuko bi pediatrez gain, Goierri-Urola Garaia ESIarekin harremana duten osasun arloko beste bi lagunek ere parte hartuko dute aurten. Batetik, Myriam Berruete familia medikua –Donostiako Etxeko Ospitalizazio zerbitzuan aritzen da–, eta bestetik Arantxa Perez de Arenaza Legazpi-Gipuzkoa osasun zentroko emagina.
Laurek Yoire erakundearen helburuekin egiten dute bat, eta haien giza eta lan esperientzia proiektu honen zerbitzura jartzeko borondatea dute, ziur baitaude hezkuntza eta osasuna direla pobreziaren, bazterkeriaren eta desberdintasunaren aurka borrokatzeko tresnarik onenak.
Horrez gain, norberaren hazkunde pertsonalari, laguntzeko esperientziari, kulturartekotasunari eta etengabeko ikaskuntzari bide ematen diote proiektu honekin bat eginda. Haiek jarritako aleak nahikoa ez direla jakitun, eta mugak ere badituztela kontzientzia argiarekin, Kalkutako Ama Teresaren honako esaldia dute pizgarri eta gidari: ‘Batzuetan, egiten duguna itsasoan tanta bat dela sentitzen dugu, baina itsasoa txikiagoa izango litzateke tanta hori gabe’.
‘Urrezko minutua’
Ez da makala esku artean duten egitasmoa. Iaz Haurren Medikazio Unitatea sortu zuen Yoirek Macia-Sekeleka Integrazio Zentroan. Unitate horren bidez, eta arreta-prestakuntza ikuspegitik, haurren biziraupena hobetu nahi dute, inguru hartan dituzten gabeziei aurre hartu eta artatze neurri zuzen eta erabakigarriak indarrean jarriz. Zentro horretako amatasun gunean oinarrizko azpiegitura jartzea da aurtengo duten helburua, eta 8.000 euroko inbertsioa egin beharra daukaten horretarako. Diru hori biltzea da martxo-apirilean Ordizia, Zaldibia, Beasain eta Lazkaon antolatutako jaialdien helburua. Bidaia gastuak haien gain hartuko dituzte medikuek.
Iazko egonaldian sumatu zuten azpiegitura horren gabezia. Haurdun dauden emakumeen erditzea eta edoskitzea kontrolatu eta jarraipena egiteko ekintzak sustatu beharra zeudela ikusi zuten. Eta era berean, baita aita, ama eta haurren zaintzaileen heziketa indartu eta sustatzea ere. Erditze garaiko Urrezko minutura zuzendutako ekinbideari berealdiko garrantzia ematen diote, jaioberriaren osasun egoerarekin zerikusia duten gaiak prestakuntza zehatzarekin lotuz. Bilene-Maciak 151.911 biztanle inguru ditu, eta horietatik %75 haurrak dira. Horrez gain, Sekeleka Integrazio Zentroan 200 haur baino artatzen dituzte.
Lau elkartasun jaialdi
Kultur eta kirol arloko hainbat pertsonaia ezagunek parte hartuko dute lau jaialdietan, tartean, besteak beste, Agustin Mujika Takolo pailazoak. Emanaldi bakoitzaren bukaeran kirolariek eramandako opariak zozkatuko dituzte.
Egitasmoa Goierriko zortzi ikastetxerekin partekatu dute, lankidetza, elkar laguntzea, parte hartzea eta tolerantzia bezalako balioak landuz eskolan. Ordiziako Jakintza eta Urdaneta, Zaldibiako Lardizabal, Beasaingo Alkartasuna, Murumendi, La Salle eta Andramendi, eta Lazkaoko San Benito dira zentro horiek, eta bertako ikasleek tokian tokiko emanaldietan parte hartuko dute kanta eta dantzen bidez. Bono laguntzak ere atera dituzte.
Pilota jaialdia ere bai
Idiazabalen pilota jaialdi bat ere antolatu dute. Martxoaren 27an izango da, 19:00etan, Igarondon. Maddi Unanue-Naroa Agirre / Arrate Bergara-Uxue Oses ariko dira batetik, eta bestetik, Gorka Esteban-David Merino / Aitor Mendizabal-Mikel Beroiz. Abel Barriola pilotari ohia ariko da epaile lanetan.
Lau jaialdi
Nwina’ proiekturako finantzazioa lortzeko lau jaialdi egingo dituzte Goierriko lau herritan. Sarrerak 5 euroan daude salgai.
- Martxoak 7. Ordiziako Herri Antzokian (16:30). Sarrerak Larratxan eta Amonanen.
- Martxoak 13. Zaldibiako Herri Antzokian (18:00). Sarrerak eskolan eta Joxepanen.
- Martxoak 28. Beasaingo Usurben (16:30). Sarrerak Mirentxun eta Bideplazan.
- Apirilak 3. Lazkaoko Areria antzokian (18:00). Gerriko liburudendan eta Maitten.