‘Goierritarra’ eta ‘Otamotz’ aldizkarien bategitetik sortu zen GOIBERRI, 2012ko urtarrilean. Eskualdea bere osotasunean hartzen duen aurreneko aldizkaria izan zen. Zortzi urteko bidean denetariko gaiak jorratu ditu.
Sustrai sendoetatik jaiotako kimu berria izan zen GoiBerri aldizkaria, bere sorreratik. Tradiziotik berrikuntzara egindako jauzia irudikatu nahi izan zuen aldizkari berriaren promozio bideoak. Eskuan otarrea hartuta, baserritik ateratzera zihoan adineko emakumea erakusten zuen; bizikleta zaharra hartu beharrean, ordea, kotxe berri eta modernoa hartzen zuen, azokara ziztuan joateko. Izan ere, iturri zaharretik edaten zuen argitalpen berria izan nahi zuen GoiBerri-k. Goierritarra eta Otamotz aldizkariek urte askoan jorratutako bideari jarraitu zion, baina bien bideak eta indarrak batuta.
Garaiko egoerak eta beharrek eraginda elkar hartu zuten bi proiektu horiek, garaiko artikuluek jasotzen dutenez. «Beharrak sortu du elkarlan hau: maiztasunean irabazteko beharrak, erreferentzialtasunean irabazteko beharrak, produktu berria sortzeko beharrak eta Goierriko Hitza-ren estrategia berdinetik jarraituz, eskualde bakar bezala lan egiteko beharrak». Irakurleekin, hainbat eragilerekin eta kazetaritza arloko adituekin egindako hausnarketak ere agerian utzi zuen elkarlan horren garrantzia.
Hala, azalez eta mamiz berrituta etorri zen aldizkari berria, maiztasuna ere aldatu eta astekari bihurtuta. Diseinu eta atal berrituak zekartzan, eta gaiak lantzeko modua ere aldatu zuen, aktualitatearekin lotura handiagoa izanez, baina aldi berean egunkariak baino erritmo pausatuagoa eta landuagoa eskainiz.
Eskualdeko bakarra
Eskualdearen kohesioa ere bilatu izan du hasieratik GoiBerri aldizkariak. Eskualde osoa hartzen duen aurreneko euskarazko aldizkaria izan da, eta aurreneko zenbakitik agertu du eskualdearen batasunaren eta kohesioaren inguruko kezka. Josetxo Zufiaurre eta Jose Luis Ugarte historian adituak elkartu zituen aldizkariak, Goierri behearen eta garaiaren arteko harremanaz hitz egiteko.
Legazpik historikoki Goierriko herriekin harreman handia izan duela azaldu zuen Ugartek. Burdinoletako lanbideak, Aztiria auzoko elkargunea, edota hizkera, horren adibide. «Legazpin zaharrek hitz egiten duten hizkerak antz handia dauka Zegamakoarekin». Azken hamarkadetan, ordea, harreman hori aldatu egin da. Hainbat arrazoi eman zituen horretarako: «Batetik, biztanle kopurua ikaragarri hazi da eskualdeaz kanpoko etorkinekin. Bestetik, bideek ez gaituzte elkartzen. Harreman handiagoa daukagu Donostiarekin ondoko herriarekin baino».
Zufiaurrek ere, goiko eta beheko herrien artean «lehen harreman handiagoa» zela uste du. «Dena Goierri izango balitz gure arteko hartu-emana handiagoa izango litzateke. Mankomunitateen sorrerak hartu-emana gutxitu du. Mankomunitate bakarra izango bagenu Goieki agentziak dena hartuko zuen, adibidez, eta erlazioa estuagoa izango zen».
Zortzi urteko ibilbidea
GoiBerri aldizkariak 2012ko urtarrilaren 31n ikusi zuen argia aurrenekoz, eta geroztik, zortzi urteko ibilbide luze eta oparoa egin du. Tarte horretan, 364 zenbaki eta 3.500 artikulu baino gehiago argitaratu ditu.
Jorratu dituen gaiei dagokionean, aktualitateko gaiek, herri mailakoek eta atzera begirakoek ere izan dute tokia. Gizartean pil-pilean dauden hainbat gai landu ditu epe horretan. Politika arloan, esaterako, Gure Esku Dagoren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduaren lekuko zuzena izan da aldizkaria. Aurreneko zenbakian bertan, Jon Maia bertsolari eta zinegilearekin egindako elkarrizketa argitaratu zuen; bertan, Gazta zati bat dokumentalaz aritu zen Maia.
Hiru urte geroago, Goierriko Gure Esku Dagoko hiru kiderekin egindako hitz-aspertuan, ezusteko albistea ere eman zioten GoiBerri-ri, 2016an «Goierri osoa hartuko duen herri galdeketa bat» egiteko asmoa zutela. Aldizkari hau izan zen horren berri eman zuen lehena. Bozketaren beraren, 2017ko giza-katearen eta bestelako ekitaldien berri ere eman du. Horietako bat izan zen 2016an Araman egin zutena. 1931ko apirilaren 16an, Aramako eta Altzagako udalek egindako autodeterminazio aldarrikapena gogoratzeko ekitaldia izan zen, eta Goierriko kolore politiko eta garai ezberdinetako alkate eta hautetsiak elkartu ziren bertan.
Gizartearekin batera
Gizarte arloko beste hainbat mugimendu eta aldarrikapenen leiho ere izan da aldizkaria, urte hauetan. Goierriko Zubia LGTBI+ taldearen sorreraren berri eman zuen, eta baita genero aniztasunaren eta transexualitatearen gaiak landu ere. Horietako bat, 2018an Ibane Imaz beasaindarrarekin egindako elkarrizketa izan da GoiBerri-ren webgunean bisita gehien izan dituen artikulua.
Berdintasuna izan da GoiBerri-k bereziki landu duen beste gaietako bat. Martxoaren 8aren harira ateratako ale bereziak dira horren adibide. Ingurumen arloan, Abiadura Handiko Trena, Sasieta eta Lurpe zabortegiak edota hondakinen bilketaren ingurukoak ere landu izan ditu.
Hori guztia, kolaboratzaile eta iritzigile talde baten ekarpenari esker osatu du urteotan.
Datuak
- 8 urte. 2012ko urtarrilaren 31n ikusi zuen argia aurrenekoz GOIBERRI aldizkariak. ‘Goierritarra’ eta ‘Otamotz’ aldizkarien bategitetik sortu zen, eta era horretan, Goierri bere osotasunean hartzen zuen lehen argitalpena bihurtu zen.
- 364 Zenbaki. Zortzi urteko bidean, 364 zenbaki osatu ditu astero argitaratu den aldizkariak. Urteko 45-46 zenbaki ateratzen dira, ostiraletan. Etxez etxe nahiz postaz banatzen zaie harpidedunei.
- 3.500 Artikulu. Aldizkari baten muina artikuluak dira, eta arlo horretan ere, kopuru polita osatu du GOIBERRI-k 8 urtean. 3.500 arkitulu argitaratu ditu guztira, 550 erreportaje eta 310 elkarrizketa zabal, 700 iritzi artikulurekin eta dozenaka atal txikiagorekin osatuta.