Monika Arratibel Goñi – Irakaslea
Gaur egun etxea edo eraikin bat berotzea garestia dela esaten da, ez da arrazoirik falta. Erregaia edozein dela ere ez da bromarik erosi edo faktura iristen denean. Garaiak aldatzen doaz, eta aurtengo negua ez doa oso gogorra, gure etxean behintzat beste urteetan baina egur gutxiago erre dugu. Baina azti! Lehengo atsoak ere, maiatzean erre omen zuen eserita zegoen aulkia.
Etxeak berotzeko aukerak ugaritzen ari dira. Garai batean beheko sua edo ekonomika izaten zen. Lan handia, egur bila joan, loteak egin eta gordetzeko tokia ere behar! Egurrak bi aldiz berotzen duela zioen gure aitonak. Ekartzerakoan eta erretzerakoan.
Pelleta modan dago gaur egun, zerrautsarekin sortutako biomasa granulatu honek ere bere goxotasuna ematen dio etxeari, makinak ere ez daude berriketakoak. Gasezko berogailuak edo elektrikoak berriz, etxerako garbienak. Botoi batekin piztu eta itzaltzen direnak. Gaur egun domotika ere oso ohikoa da, mugikorretik etxeko tenperatura kontrolatua izanez. Berogailu geotermikoak, eguzki plakak, biomasa… eta nik aipatu ez ditudan beste moduren bat ere izango da seguraski.
Aurrerapen handiak ematen ari gara, baina atzera egitea ere gustoko dut batzuetan. Suari begira denbora luzez egoten naiz. Suak, beroa bakarrik ez, zentzumen guztiak martxan jarriz oroitzapenak ere ekartzen dizkit. Suaren kolorea, indarra, bizia. Haritz edo pago egur usainak berriz, lasaitasuna ematen dit. Etxean, ziur eta lasai sentitzen naizelarik. Hala ere, ezin ditugu ahaztu berotze modurik merke eta eraginkorrenak, etxean familia zure zain izatea, amak egindako zopa beroa hartzea, eta nola ez: maite gaituztenen begirada, irrifar eta besarkadak. Epeletik ibili!