Mendia eta mendiari buruzko liburuak idaztea dira Txusma Perez Azazetaren (Legazpi, 1958) pasioak. Biak elkartu eta ogibide ditu aspaldiko urteetan, Sua argitaletxeari esker. ‘Likken’, ‘El mundo de los Pirineos’ eta ‘Euskal Herria’ aldizkarietako arima izan da hiru proiektuek iraun bitartean, eta dozena bat liburu sinatu ditu, guztietan inguruko mendietan ibilaldiak proposatuz.
Nola zaletu zinen mendira?
Aitarekin Legazpi inguruko mendietara joaten banintzen ere, nire familia ez zen bereziki mendizalea. Baina nire kuadrilla bai. Oso gazte hasi ginen, Antxon Burciok bultzatuta.
Nolakoak ziren lehen irteera haiek?
Aizkorrira joaten hasi ginen, Eginon eskalatzera, Ziordiara… beti Antxon Burciorekin. Espeleologia ere egin genuen, Javier Aldearekin. Ni baino zaharragoak ziren biak, eta esperientzia gehiago zuten. Gero Izadi Zaleak taldearekin hasi ginen, eta asteburuetan eta oporretan Pirinioetara joaten hasi ginen.
Lehen mendi haietatik mendi handiagoetara egin zenuten salto.
Pirinioetara asko joaten ginen, eta abuztuan Alpeetara; kota handiagoekin amesten hasiak ginen. Gogoan dut 1979. urtea, bigarren eskuko Jeep bat erosi eta muntatu ondoren, Marokora joan ginen. 3.000 metroko mendiak eskalatzea zen gure asmoa, eta 4.167 metroko Toubkal igo genuen, ohikoa ez zen ertz batetik gainera! Esperientzia ahaztezina izan zen hura, mendi haiei buruzko informazio handiegirik ez genuelako. Ekintza bikaina izan zen hura.
Zein izan zen hurrengo urratsa?
Espedizio handiagoetan sartu ginen. 1983an Legazpiko Antxon Burcio, Jose Luis Arrazola, Javier Gutierrez eta ni elkartu eta Aconcaguara joatea erabaki genuen. Mendi horrek 6.962 metro ditu eta gure asmoa igo, eta jaitsiera eskietan egitea zen. Udalaren babesa izan genuen, eta dirua ateratzeko kontzertuak eta errifak antolatu genituen. Laurak igo ginen gailurrera, eta oso pozik itzuli ginen.
Handik bi urtera, 1985ean, Juan Carlos Agirrek, Alberto Martinek eta hirurok Himalayara joatea pentsatu genuen, 7.000 metroko Ganesh Himal mendia igotzera. Baina gazteak eta eskarmentu gabeak ginen, eta oinarrizko kanpamendura iritsi ginenerako, itzuli egin behar izan genuen, etxerako hegaldia data zehatz baterako erosita genuelako. Bidaia hartan Nepalez eta hango jendeaz maitemindu nintzen, eta bidaiak egiteko filosofia aldatu zitzaidan. Orduan konturatu nintzen bidaia baten edo mendi ibilaldi baten benetako helburua ez dela gailurra, baizik eta bidea.
Harrez gero behin baino gehiagotan izan naiz Nepalen eta Himalayan. 1990ko bidaia gogoratzen dut, Indiako Himalayan izan ginen orduan, 5.250 metroko Consolation Peak igotzen.
Gauza bat da Aizkorrira joatea, baina zure irteerak handiagoak ziren. Nola egiten zenien aurre diru aldetik?
Ikasten ari nintzela argi nuen dagoeneko nire bizitza bidaien eta mendiaren inguruan joango zela, eta horregatik ikasketak utzi eta lanean hasi nintzen. Dirua behar nuen!
Kalotx tabernaren garaia hasi zen orduan.
Beti izan naiz ekintzailea, eta 1981ean Kalotx taberna ireki nuen Legazpin, herriko gazteentzako topagune izateko asmoz. Musika ona entzuteko eta lagunekin gustura egoteko tokia zen. Eta niretzako diru iturri bat izan zen, urtean bi hilabetez urrutiko mendien bila joan ahal izateko.
Zure lan bizitzak, ordea, argitalpenen mundura eraman zintuen. Nolatan?
Nik argi nuen tabernako lana aldi baterako izango zela bakarrik; ez naiz oso taberna zalea izan inoiz, baina bidaiatzeko dirua behar nuen. Sararekin ezkondu nintzenean, Lasarte-Oriara joan nintzen bizitzera, eta gure bigarren alaba jaio zenean taberna uztea erabaki genuen. Orduan, mendiarekin eta diseinu grafikoarekin harremana zuten lagun batzuk egin nituen, eta proiektu zoro samar bati ekin genion. Mendiarekin zerikusia zuten ekintza guztien inguruan Espainia mailako lehen aldizkaria argitaratzen hasi ginen, Likken.
Zer nolako proiektua izan zen?
1995ean sortu genuen Likken, eta nik zuzendari lanak hartu nituen nire gain. Piraguismoz, eskaladaz, btt-z, bidaiez… idazten zuten kolaboratzaileak genituen, baina ez zegoen dirurik haiek ordaintzeko, guztiontzako lan altruista izan zen. Eta guretako, gainera, oso estresantea, ez genuelako dirurik irabazten eta galtzen ere hasi ginelako. Saltsa handi samarrean sartu ginen, ez genuelako esperientziarik mundu hartan, eta bi hilean behin aldizkaria kioskoetara iristea guretzako garaipen handia zen, nahiz eta dirua galdu. Gure pasioa arrazoia baino handiagoa zen. Hala ere, bi urtean zehar 12 aldizkari kaleratu genituen, eta bizirauteko asmoz, inprenta eta argitaletxe ezberdinetara jo genuen, laguntza eske. Horrela ezagutu nuen Sua argitaletxeko zuzendaria Barbastroko natura-turismoari buruzko feria batean.
Suarekin etapa berri batean murgildu zinen.
Argitaletxeko zuzendaria Javi Pascual zen, eta berarekin harremanetan jarri nintzen elkarrekin kolaboratzeko aukera aztertzeko. Horrela sortu genuen El Mundo de los Pirineos aldizkaria. Nik esperientzia nuen mendiko gaietan eta aldizkariak egiten, eta enpresa bat behar nuen nire lana egiteagatik hilero nomina ordainduko zidana. 1997. urtea zen.
‘El mundo de los Pirineos’ aldizkariarekin hasi zinen, hortaz.
Bai. Aldizkari hartan, guretzako idatzi eta argazkiak salduko zizkiguten kolaboratzaileak eta egileak koordinatzeaz arduratu nintzen. Eta Pirinioak zeharkatu nituen goitik behera, sare komertzial bat osatzeko helburuarekin, ez bakarrik euskarri ekonomikoa ziurtatzeko, baita laguntzaileak bilatzeko ere.
Ondoren ‘Euskal Herria’ sortu zen.
Argitalpenak ondo funtzionatzen zuen, eta garai hartan 20 lagun aritu ginen lanean argitaletxean. Urtean 30 titulu baino gehiago kaleratzen genituen, liburu, mapa edo aldizkari formatuarekin. Eta bat gehiago sortzea erabaki genuen, Euskal Herria aldizkaria, gure herrialdeko bidaia, kultur, natura eta mendiari buruzko artikuluak argitaratzeko. 2002an kaleratu genuen lehen aldiz, eta 2013ra arte iraun zuen.
Suaren liburu horietako asko zuk sinatu dituzu.
Bai, pasio hutsagatik hasi nintzen mendiari buruzko liburuak idazten. Mendia gustatzen zitzaidan, argitaletxe batean lan egiten nuen, eta hain gustuko nituen bi alderdi horiek uztartzea erabaki nuen.
Nire lehen liburua Montes de Gipuzkoa izan zen, 2000. urtean. Gero beste batzuk etorri ziren: Montes de Donostia, Trekking Donostia Baiona, Trekking Irati Belagua, Los mejores recorridos para conocer la montaña vasca, 57 rutas senderistas por EH, 100 rutas senderistas por Navarra, Las otras Cumbres de la montaña vasca, Rutas y restaurantes con encanto de Navarra, Rutas y restaurantes con encanto de Gipuzkoa… Uste dut 12 liburu direla nik argitaratutakoak.
«Nire familia ez zen bereziki mendizalea. Baina kuadrilla bai. Oso gazte hasi ginen, Antxon Burciok bultzatuta»
«Pasio hutsagatik hasi nintzen mendiari buruzko liburuak idazten; dozena bat baditut idatzita, eta beste bat inprentan da»
«Nire liburu kuttuna ‘Montes de Gipuzkoa’da, lehena. Aurten seigarren edizioa kaleratu dugu, mendi tontor guztietan ateratako argazkiekin»
Zein da zure liburu kuttuna?
Aurten, Montes de Gipuzkoa liburuaren seigarren edizioa kaleratu dugu. Nire lehen liburua izan zen, eta horregatik da seguruenik nire kuttunena. Gainera, iaz Antxon Burcio nire lagun handiaren laguntza izan nuen, mendi tontor guztiera berriz igo eta bakoitzean argazki bat ateratzeko; irudi horiekin aberastu egin dugu lehen ediziotik 20 urtera argitaratu den edizio berri hau. Bertan, Gipuzkoari dagozkion Gailurren Katalogoan jasotzen diren gailur guztiak sartu ditugu.
Zein liburu gomendatuko zenieke Goierriko irakurleei beren eskualdea hobeto ezagutzeko?
Liburu batean baino gehiagotan agertzen dira Goierriko mendiak: Montes de Gipuzkoa, Los mejores recorridos para conocer la montaña vasca, Cimas olvidadas, 57 rutas senderistas, Rutas y restaurantes con encanto de Gipuzkoa, Rutas circulares faciles…
Zure azken liburua Legazpiko Zum Edizioak argitaletxearekin elkarlanean kaleratu duzu, mendia eta gastronomia uztartuz. Osagarriak al dira bi gai horiek?
Aspaldiko laguna dut Josema Azpeitia eta behin baino gehiagotan pentsatu genuen libururen bat elkarrekin egitea. Euskal Herrian beti egon dira elkartuta mendia eta gastronomia, eta oso erraza izan zen bi jarduera horiek argitalpen batean elkartzea. Liburu horretan, Josemak jatetxe batzuk proposatzen ditu eta nik txangoak egiten ditut inguruetan. Elkarlana Josemarekin eta argazkietaz arduratzen den Ritxar Tolosarekin izan da, baina liburua Sua Edizioak argitaletxearen proiektu bat da. Bilduma baten bigarren alea da, lehena Rutas y restaurantes con encanto de Navarra izan zen.
Zein da zure hurrengo proiektua?
Egun hauetan entregatu dut argitaletxean nire hurrengo liburua, eta uda hasieran kaleratuko da Rutas circulares faciles izenburuarekin. Liburu honetan, Euskal Herriko mendietan familiarekin egiteko 30 txango deskribatzen ditut. Urte batzuk dira Legazpiko nire lagun mendizaleen kolaborazioa dudala txango gehienak egiteko. Igandero elkartzen gara goizean goiz, giro onean mendi ibilaldi bat egiteko.
Argitaletxeko lan honegatik mendian asko ibili zara eta Euskal Herri osoa ezagutzen duzu. Goierri hobeto ezagutzeko ibilaldi bat gomendatuko al duzu?
Goierrin mendi ibilaldi polita, nahiko erraza eta ez oso ezaguna Ausa Gaztelura igotzea izan daiteke, 901 metro dituena. Larraizko zelaietatik irtenda, Txindokira igotzeko ohiko bidea alde batera utzi eta Txindoki berari edo Larrunarriri begiratzeko toki paregabea den talaiara igo behar da. Gainera, gailurrean XIII. mendean eraikitako Erdi Aroko gotorleku baten aztarnak ikus daitezke. Nafarroako Erresuma defendatzeko gazteluetako bat zen.
Euskal Herritik kanpo, nondik nora ibili zara azken urteetan?
Tibetera bidaiatu nuen 2004an, Khailas mendi sakratuaren inguraketa egiteko. 2008an, berriz, Nepalera joan ginen familia osoa, Annapurnako trekking-a egiteko. Gure alabak gazteak ziren orduan, baina bikain ibili ziren bide guztian zehar. 2012an ere familian joan ginen Indiako iparraldea ezagutzera. Eta 2017an Nepalera itzuli gara familia osoa berriz ere, beste trekking bat egitera, orduan Lantang eta Gosainkunda inguruetan.
Zein izango da zure hurrengo espedizioa?
Duela urte batzuk Iñaki Ochoa de Olza – Sos Himalaya fundazioarekin kolaboratzen dut, eta une honetan Makaluko haranean ospital bat martxan jartzeko konpromisoa hartuta dugu. Azken hilabete hauetan funtzionamenduan dago, anbulategi bateko oinarrizko zerbitzuak ematen. Hurrengo urratsa da medikuak kontratatzea, kirofano bat eramatea eta inguruko biztanleei ebakuntzak egin ahal izateko beharrezkoa den guztia instalatzea. Nik uste dut horixe izan daitekeela nire hurrengo espedizioa, Nepalera.
Familia oso gertu izan duzu beti.
Bai. Gure alabek, oso txikiak zirenetik gurekin bizi izan dute mendiarekiko Sarak eta biok dugun pasioa, eta urte hauetan lagundu egin didate Pirinioetara jaialdiak antolatzera edo kanpinak bisitatzera. Mendi ibilaldi ugari ere egin dituzte gurekin Nepalen, Indian, Marokon edo Turkian.
Zu mendizale amorratua zara, baina ingurukoen artean ere zaletasun bera ikusten al duzu? Euskaldunak hain mendizaleak al gara?
Historian zehar euskaldunok mendiarekiko zaletasun handia izan dugu; lehen, bertan lan egiten zuten, gero mendi taldeekin txangoak egiteko boom-a etorri zen, eta orain bakarka, familian edo lagunekin joateko ohitura dago. Nire ustez, horixe izan zen ni mendira igotzen hasteko abiapuntua, lagunak. Kuadrillan beti izan dugu mendira joateko prest dagoen talde bat, eta gaur egun ere astero elkartzen gara horretarako.
Mendia eta liburuak, bi pasio Suaren babesean
Aspaldian Lasarten bizi bada ere, Legazpin oso finko mantentzen ditu erroak Txusma Perez Azazetak eta, besteak beste, gazte garaiko kuadrillarekin harreman estua du oraindik. Ia igandero elkartzen da betiko lagunekin mendi bueltaren bat emateko; haiekin zaletu zen hain zuzen, gerora bizimodua emango zion mendira. Izan ere, adin ertaineko legazpiarren oroitzapenen kutxan gordeta dagoen Kalotx tabernatik igaro ondoren, mendia aukeratu zuen lanbidetzat, argitalpenen munduarekin uztartuta. 1995ean Likken aldizkariarekin hasi zenetik, beste bi aldizkaritan utzi du arrastoa Txusmak –El mundo de los Pirineos eta Euskal Herria, biak Sua argitaletxeak kaleratutakoak– eta mendiari buruzko dozena bat liburutan jarri du sinadura, horiek ere gaur egun koordinatzen duen Suaren babesean idatzita.
Koronabirusak hurrengo liburuaren prestaketa lanetan harrapatu du, eta etxean amaitu ditu azken zuzenketak; inprentan da dagoeneko Rutas circulares faciles. Bertan proposatutako ibilbideekin asetu behar izan du hasierako mendi gosea, guztiak bezala, etxean konfinatuta baitago. Ohitzen joan dela dio, errutina bat finkatu duela, eta egunero gimnasia, luzapenak, zumba eta pasilloan lau kilometroko ibilaldiak egiten dituela itxialdiari aurre egiteko. Jarduera fisikoaren garrantzia aldarrikatzen du Txusmak, hau guztia amaitzean normaltasunera itzultzea erraztu egingo duelakoan baitago. Koronabirusa iritsi aurreko bizimodua berreskuratzeko irrikitan dago, batez ere mendi ibilaldiekin jarraitzeko. Konfinamendua amaitutakoan mendiak bete egingo ote diren beldur da, baina hasierako berotua igarota, betikoak geratuko direla uste du, eta hala ez bada, inorekin topo ez egiteko adina bide badaudela dio.