Zumarragako Trikitixa sortu zela 100 urte beteko dira ekainean. Oriatarren leinuak alaitasuna eta umorea eraman ditu Euskal Herriko bazter guztietara mende betez.
Zumarragako Trikitixa 1920an jaio zen, Joxe Oriaren eskutik. Zumarragar horrek panderoa eta erromeriak odolean zeramatzan: haren ama, Francisca Antonia Irizar ezkiotarra, pandero-jotzailea zen. «Garai batean erromeriak panderoarekin bakarrik egiten ziren. Pandero-jotzaile haietako bat Joxe Oriaren ama izan zen», oroitu du Mikel Alustiza Zumarragako Trikitixako kide eta Francisca Antoniaren birbilobak.
Joxe Oriak musikarako dohain apartak zituen eta ahotsa heztera eraman nahi izan zuten, baina amaren pausoak jarraitzea erabaki zuen. Panderoa jo zuen, baina soinujoleek lagunduta. Normalean horiek pandero-jotzaileek baino protagonismo handiagoa izaten dute, baina kasu honetan Oria zen taldearen ardatza. Soinujole askorekin ibili zen, baina beti Zumarragako Trikitixa izenarekin: Etxesa-Korta, Errosta, Kanpazar, Carlos Egiguren, Kandido Beristain, Gorriz eta Joxe Migel Ormazabal zegamarrarekin jo zuen. Normalean alderantziz izaten da: soinujolea izaten da bikoteari izena ematen diona. Gainera, disko zaharretan zuzendaria Joxe Oria dela jartzen du eta ez du jartzen soinujolea nor zen.
Arreba Mariarekin eta haren senarrarekin, Joxe Migel Urteagarekin, bizi zen Joxe. Haiek zortzi seme-alaba izan zituzten: bi neska eta sei mutil. Trikitixa giroan hazi ziren eta sei mutiletatik lauk trikitixa jo zuten: Joxek, Inixiok, Sebek eta Migelek. Oriak hil arte jo zuen panderoa. 1946an hil zen, Zumarragako Trikitixak jarraipena izango zuela ziurtatuta.
Urteagatarrek beraien osabak hasitako bideari jarraipena eman zioten, Ormazabalen laguntzarekin. Beste trikitilari familia batzuek ere tradizioari eutsi diote, baina ez dago beraiek bezainbeste urte daraman familiarik.
Hainbeste urtean eutsi izanak ez ezik, beste hainbat gauzek ere egiten dute berezi Zumarragako Trikitixa. Hasteko, trikitixa ulertzeko era berezia dute. Izan ere, kaleko eta parrandako giroa bizi izan dute beti. «Zumarragako Trikitixa sortu aurretik, trikitixa baserri giroan jotzen zen», dio Alustizak.
Zumarragarrek trikitixa Euskal Herriko hiri eta herri guztietara eraman zuten. «Gipuzkoako herri gehienetan jo dugu. Araban, Bizkaian eta Nafarroan ere dezente jo dugu. Eta Iparralden, askotan: Hendaian, Baionan, Donibane Lohitzunen eta Miarritzen batez ere. Meliton Manzanas hil zuten egunean, Ormazabalek, Sebek eta hirurok Hendaian jo genuen. Egun hartan ez genuela joko uste genuen, baina antolatzailea berarekin gelditutako tabernan azaldu zen, eta muga pasatzeko sekulako zailtasunak zeuden arren, guk inongo arazorik gabe pasa genuen. Gauean berandutu egin zitzaigun eta azkeneko trena hartzeko ordua pasa zen. Iparraldean lo egitea proposatu ziguten, baina muga lehenbailehen pasa nahi genuen, badaezpada ere. Joxe Migelek Renferentzat lan egiten zuen eta Irungo geltokian lo egin genuen. Goizean, lehenengo trena hartu, etxean buzoa hartu eta lanera», oroitu du Migel Urteagak.
Jotzeko modu berezia
Bestalde, beraien soinua jotzeko modua berezia izan da, Oriarekin jo zuen Joxe Migel Ormazabal ez baitzen Azkoitiko eskolakoa. Eta Ormazabalek irakatsi zion soinua jotzen urte askotan Zumarragako Trikitixako soinujolea izan zen Joxe Urteagari.
Horretaz gain, hasieratik diskoak grabatu zituzten. Garai hartan ez zen batere arrunta diskoak grabatzea. Lehenengoa 1922an grabatu zuten, Oriak eta Itsasakortak. «Donostian grabatu zuten eta estudioan Secundino Esnaola zumarragarra azaldu zen. Donostiako Orfeoiko zuzendaria zen eta osabaren laguna. Osabak taldeari zer izen jarri ez zekiela esan zion Esnaolari eta honek Zumarragako Trikitixa jartzea proposatu zion», kontatu du Migelek.
Gerra aurretik, Oriak disko gehiago grabatu zituen. «Beraiek izan ziren diskoak grabatzen lehenengoak. Joxe Oriaren kantu batzuen hitzek mezu politikoa zuten eta gerra garaian debekatu egin zituzten», azaldu du Alustizak.
Joxe Oriaren ilobek ere diskoak grabatu zituzten. Lehenengoa, 1957an Ormazabalekin. 1958an Sakabik eta Egañazpik diskoa grabatu zuten, eta ondoren, 12 bat urtetan ez zuen inork diskorik grabatu.
Kalean eta tabernetan jotzeari eta euren izaerari esker, Zumarragako Trikitixak sekulako ospea lortu zuen. Tabernetara joan, eta trikitixa bakarrik jo beharrean, denak girotzeko moduko musika jotzen zuten. Horretan ere aitzindariak izan ziren. Asko dira egun musika mota ezberdinak jotzen dituzten trikitilariak.
Tokian-tokiko jendearen arabera jotzen zutenez, gaztelaniaz ere abesten zuten. Zenbait jendek kritikatu egin zituen horregatik. Kritika horiek bidegabeak ziren. Zumarragako Trikitixakoek, beraien izaerari eta hartutako erabakiei esker, trikitixa hirietara eta herri handietara eraman zuten eta erdaldun askok euskal musika eta mezu abertzaleak entzutea lortu zuten. Zenbait disko ateratzeko arazoak izan zituzten, abestien hitzak zirela eta.
Baina ez zuten amore eman eta beraien izaerari eutsi zioten. Nekaezinak ziren, gainera. Joxe eta Migel Urteagari, puru bana eman, eta orduak eman zitzaketen trikitixa jo eta jo. Umorea galdu gabe. Behin, Legazpiko Eliz-Ondo tabernan, mutil batzuk beraiek zirikatzen hasi ziren eta ordu eta erdi eman zuten soinua jotzen isildu gabe, mutilak dantzan erabat lehertu ziren arte.
Zaragozatik Ataunera
Migelek ez du erraz ahaztuko 1987ko uda hasiera. «1987ko ekain amaieran Zumarragako Eitza auzoko bizilagunek autobus bat antolatu zuten, Realak Zaragozan jokatu zuten Kopako finala ikustera joateko. Joxe eta biok beraiekin joan ginen. Hurrengo egunean itzuli ginen, 06:00etan. Bi ordu lo egin ondoren, dutxatu eta Ataunera joan ginen. Egun guztia eman genuen han, jotzen. Sekulako beroa egin zuen. San Pedro eguna zen eta 21:30ean Bergarara joan ginen jotzera. 01:00ak aldera bukatu genuen. Etxera itzuli, ohera sartu eta 09:00etan berriro Bergarara. Egun osoa eman genuen bertan. Hurrengo egunean (uztailaren 1ean) atseden hartu genuen, baina uztailaren 2an Zumarragako jaietako egun handia da, Santa Isabel eguna. Inoiz ez dut hain jota bukatu. Egia esan, askotan eman dugu egun bat baino gehiago etxetik kanpo, festa batetik bestera. Eta herri batzuetara, egun bat baino gehiagorako joaten ginen. Parranda asko egin ditugu. Gehiegi…».
Erromeriek behera egin zuten, baina Zumarragako Trikitixak hor jarraitzen du. Egun, Migel Urteagak, Kepa semeak eta Mikel Alustiza ilobak osatzen dute taldea. Zumarragako Udalak mendeurrena ospatzeko asmoa zuen, baina maiatzean, ekainean eta uztailean egitekoak ziren ekitaldiak atzeratu egin dira koronabirusak eragindako osasun krisia dela eta. Datorren urtean egingo dira. Francok ez zuen Zumarragako Trikitixa isiltzea lortu eta koronabirusak ere ez du lortuko.
Migelek aurtengo Santa Isabel egunaren ondoren plazak uzteko asmoa zuen, baina, seguru asko, datorren urteko Santa Isabel egunera arte jarraituko du. Ondoren, Mikelek eta Kepak jarraituko dute Joxe Oriak duela 100 urte hasitako bidea.
Migel Urteaga: «Nire anaiek egiten zutena ikusita ikasi nuen panderoa jotzen eta abesten»