Agurtzane Elustondo, Trikitixa Elkarteko lehendakaria
Santa Isabel eguneko Antioko erromeriari soinu-banda jartzeko eskatuko balidate, ez nukeen zalantza handirik izango. Gure ama umea zela amama zenarekin nola, gu ere ume-umetatik joan izan gara Antiora. Zialtzeta, Zendoia, Laja… bertan ikusi izanaren oroitzapen lausotu bat baldin badut ere, Oriatarren soinua da erromeria horrekin lotzen dudana, eta entzuten dudan aldiro Antiora eramaten nauena.
Izaera eta estilo propioa dute: errepertorio desberdina, kantaera zaindua, jotzeko beste modu bat. Soinuari beste inork ateratzen ez dion irrintzia ateratzen dio Joxek! Pasioa transmititzen dute. Bereziak dira. Indar handikoak, alaiak, biziak… Imitaezinak!
Gainera, gauza askotan izan dira aitzindari: trikitia kaletartzen, trikitilarien artean ia abestu ere egiten ez zen garaietan soinujolea ere kantari jartzen, bikote egonkorrak osatzen, diskoak grabatzen… Handiak izan dira eta dira! Gustuko bezain miresgarri zaizkit! Belaunaldien arteko transmisioan giltzarri izan dira.
Zumarragako Trikitixaren sortzailea izan zen Joxe Oriaren ama–Ezkioko Anduaga auzoko Andaundi baserriko Frantziska Antonia Irizar– pandero-jolea omen zen eta hark txertatutako zaletasuna izango da ziurrenik, mende bateko historia duen musika talde honen jatorria.
Ibilbide luze honetan era guztietako gorabeherei eta oztopoei egingo zieten aurre: botere faktikoen jazarpenei, zailtasun teknikoei, gizartearen gutxiespenei… baina oraindik bizirik daude eta hala izan bedi urte askoan! Zorionak eta mila esker!