Iñaki Ugalde • Mutiloa
Umetako oroitzapenak ekarri nahi izan ditut tarte honetara, izan ere, badira pasadizo batzuk sekula ahazten ez direnak eta gehienetan, adinean aurrera egin ahala ere, garai hartan bazeunde bezala bizi dituzunak.
E san beharrik ere ez dago, ikaragarri aldatu dela bizimodua. Orduan ez zegoen gaurko erosotasunetik, teknologiarik eta aurrerapenik, hala ere oroitzapen ikaragarri onak ditut. Batetik, umetako inozentzia izango zen, baina bestetik orduko bizipenak, lasaitasuna, elkarri laguntzeko nahia. Eta hori guztia Mutiloa bezalako inguru paregabean. Herri gunetik gertu dagoen Iparragirre baserrian jaio nintzen eta herri gunetik gertu dagoen arren, etxeraino iristeko harrizko estrada zegoen, plazatik abiatuta eta etxera iritsi bitartean oinezkoentzat bidezidorra. Kotxez ez ginen iristen noski. Etxe aurrean lurrezko eta harrizko zorua, koskaz beteta eta herriko ur depositutik sobran zeuden urak jasotzen zituen errekatxoa; tarteka-tarteka freskaturen bat hartzeko modukoa eta behien esnea hozteko erabiltzen genuena. Etxe ondoan ura ateratzeko eta edaria freskatzeko erabiltzen zen ur putzua eta lorez eta landarez betetako lorategia. Gogoan dut ura eramatera bizilagun batzuk ere hurbiltzen zirela gurera eta horren bueltan ere makinatxo bat tertulia sortzen ziren. Oraindik ere begien aurrean ikusten ditut.
Herriko eskolan
Lau bat urterekin hasi nintzen herriko eskolan. Bertan ibilitako zantzu galduak ditut, baina gela berean 14 urte arteko herriko neska-mutiko guztiok batera eta irakasle bakarrarekin ibiltzen ginen. Eskolan hasi orduko ordea, herriko eskola itxi eta Segurako bidea hartu genuen. Goizeko 09:00ak aldera autobusa hartu Kaxintane parean eta egun osoa Segura aldean ematen genuen. Niretzat geltokia gertu zegoen baina baziren autobusa hartu aurretik, 1,5-2 kilometro oinez egiten zutenak. Eskolan bertan bazkaltzen genuen, garai hartan mutiloarrak, zeraindarrak eta Seguran sakabanatutako baserriren batean bizi ziren segurarrak geratzen ginen eskolako jangelan. Eskolako lanez oso bizipen onak ditut, 14 urte beti nituen arte, ez bainituen etxeko lanak bakarrik egiten, Ostatuko Mariajek eta biok elkarrekin baizik. Zenbat pasadizo eta kontu honekin lotutakoak ere. Lanak egitea bakarrik ez zen izaten, berriketaldiak, jolasak, maisu-maistren inguruko txutxu-mutxuak eta beste hainbat bizipen.
Baziren noski estimatzen genituen txokoak, Murgiarango presa eta erreka ingurua, herriko plaza, mediku etxea, eliza ataria eguraldi txarra egiten zuenean, herriko zelai eta bidezidorrak, bolatoki ingurua. Buztundegira ere joaten ginen gozokiak erostera edo freskagarriren bat hartzera. Gure jolasak ere askotarikoak izaten ziren; ez geneukan teknologia handiren beharrik, gauza gutxirekin ederki pasatzen genuen.
Baserrian jaio ginenez eta ganadua eta baratzea etxean bertan geneukanez, horrekin lotutako langintzak ere txiki-txikitatik izaten genituen, baratzeko landaketak, bilketak, udan belarretan, behiak jetzi eta herrian esnea saldu, Buztundegira eta Kaxintanera esnea atera, Murgiarango iturrira ur bila joan eta beste asko. Garai hartan seguruenik ez nuen horrela bizi baina gaur egun ikaragarri estimatzen dut bide hura irakatsi izana. Hortxe daude nire oroimenean tarteka-tarteka gogoratzeko edota kasu honetan bezala beste batzuei kontatzeko. Eta hortxe geratuko dira betirako nire bizitzako lehen urteetan bizitako oroitzapen hauek guztiak.