Ane Barandiaranek (Ordizia, 1992) bizitza erdia softbolean jokatzen eman du. Jaioterrian hasi zuen kirol ibilbidea eta azken denboraldian Sant Boi talde katalanarekin aritu da, COVID-19agatik liga eten zuten arte. Orain, atzera liga noiz hasiko zain dago, nahiz eta uste duen konplexua izango dela aurtengoa. Magisteritza ikasketak egin baditu ere, kirolaren munduan jarraitu nahi du.
Ibilbide luzea egin duzu softbolean, eta Ordizian hasi zinen gainera.
Gaur egun, ez dago aukera handirik Goierrin, baina 2006. urtean hasi nintzen ni. Garai hartan, Euskal Herrian, Gipuzkoan batez ere, softbol talde asko zegoen. Bazegoen pertsona bat garai hartan, sustapen lan handia egin zuena. Eskolaz eskola joan zen, kirol honek tokia har zezan. Ordizian hasi nintzen bai, taldea zegoen orduan eta larunbatero jokatzen genituen partidak. Hiru denboraldi egin nituen bertan. 16 urterekin, Orioko taldera joan nintzen. Bate Bizkorrak eta Atletico San Sebastian taldeekin ere jokatu dut, eta iragan denboralditik Sant Boi talde katalanarekin jokatzen dut.
Antza, norbaitek zirikatuta hasi zinen. Hala da?
Nire lagun gehienak sofbol taldean zebiltzan. Nik balleta egiten nuen, baina ez zen gehien gustatzen zitzaidana. Egun batean, lagunak, zirikan, esan zidaten balleta egiten nuenez, sofbolean jokatzeko ez nintzela gai izango. Bete-betean sartu nintzen. Onartzen dut erraza dela ni zirikatzea. Hurrengo egunean, haiekin entrenatzera joan nintzen.
Harrezkero, urte mordoska bat igaro da, eta ziur, milaka bizipen izan dituzula.
Une oso gozoak eman dizkit eta txapelketa pila batean parte hartzeko aukera ere. Kadete eta jubenil mailatan Espainiako hainbat txapelketa irabazi ditut. Seniorretan hiru liga eta bi kopa irabazi, eta 10 final baino gehiago jokatu ditut. Europako txapelketak ere irabazi ditut. Munduko talde onenen aurka jokatzeko aukera izan dut. Iazko udan, Olinpiar Jokoetako kanporaketa bat jokatu nuen. Burugogorkeriagatik hasi zen istorio hau guztia, eta mila esperientzia bizi ahal izan ditut.
Aurten, Sant Boi talde katalanarekin hasi duzu liga. Baina oraintxe Ordizian zaude.
Martxoaren 8an hasi zen liga. Hurrengo asteburuan jokatu behar genuen bigarrena. Baina COVID-19aren eraginez, alarma egoera indarrean sartu, eta liga bertan behera geratu zen. Europako txapelketa ere jokatzekoak ginen eta Munduko txapelketarako sailkatzeko aukera handiak genituen. Baina guztia atzeratu da.
Liga abuztuaren 30ean zen berriro hastekoa. Baina atzeratu egin dute. Data berria irailaren 20a da, baina ez nago ziur hasteko baldintzak beteko diren. Zalantza handiak ditut.
Noiz joango zara Kataluniara?
Ez dakit hori erantzuten. Liga hasten bada bai. Baina klubak liga jokatzeari uko egitea planteatu du, beste talde batzuk egin duten moduan. Egoera konplexua da.
Softbolak indar handia duen Espainiako lurraldeetako bat da.
Katalunian betidanik izan du indarra kirol honek. Eskola asko daude, tradizioa dago eta instituzioen aldetik babesa jasotzen du.
Zure kirol ibilbidean, jokalari ez ezik entrenatzaile ere izan zara. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Duela zortzi urte Varsobiako (Polonia) talde batekin aritu nintzen. 20 urte nituen orduan eta uste nuen, ni baino gaztetxoagoak ziren jokalariak entrenatuko nituela. Hara iristean sorpresa latza eraman nuen, seniorrak baitziren. Lehen egunetan ez nuen batere ongi pasa, jokalari askok ez ninduten begi onez hartu. Jaurtitzen ikusi nindutenean, gauzak asko aldatu ziren, orduan hasi ziren ni errespetatzen.
«Hau guztia ez zait zerutik etorri; pertsona langilea naiz, perfekzionista, burugogorra, eta gauzak atera arte ez dut etsitzen»
«Basque Team Fundazioaren beka ez banu jasoko, kirolaz bizitzea ez litzaidake batere erraza izango»
Jokatzea edo entrenatzaile izatea, zer nahiago duzu?
Dudarik gabe, jokatzea. Entrenatzaile lana gustatu gustatzen zait berez, baina partidetan zelaitik kanpo egoteak oso urduri jartzen nau, ezin dut egon. Hobeto nago zelai barruan.
Kirol prentsak oso ondo hitz egiten du zuri buruz…
Oso eskertuta nago, bai prentsak, eta baita beste talde batzuetako jokalari eta entrenatzaileek ere hitz oso politak izan dituztelako nirekiko. Hau guztia ez zait zerutik erori; pertsona langilea naiz, perfekzionista, burugogorra eta gauzak atera arte ez dut etsitzen.
Jaurtitzailea zara eta zure eskuetatik 100 kilometro orduko abiaduran ateratzen omen da bola. Erraz esaten da.
Eta gehiagora ere bai, nahiz eta ez nire eskuetatik. Abiadura handiko kirola da, telebistan agian ez da hainbeste antzematen, baina zuzenean ikusterakoan askoz ere deigarriagoa da.
Zer dauka softbolak zu horrenbeste kateatzeko?
Kirol indibiduala izan arren, kolektiboa ere badela, guztiontzat tokia dagoela eta oso estrategikoa dela.
Uztailean jakinarazi zuen Basque Team-ek beka jasoko duten kirolarien zerrenda eta zu ere tartean zaude.
Hirugarren urtea da Basque Teamen beka jasoko dudala. Sekulako lana egiten dute kirolariei aukera emateko eta emakume kirolarien kasuan gauzak zailago izanda, lekua egin digute. Nire kasuan adibidez, beka ez banu jasoko, kirolaz bizitzea ez litzateke batere erraza izango, kontrako faktore guztiak biltzen ditudalako: Kirol minoritario batean aritzen naiz eta gainera emakumea naiz. Basque Team Fundazioari esker, kirol munduan jarrai dezaket.
Bukatzeko, nola planteatzen duzu etorkizuna?
Dudarik gabe softbolean jokatzen jarraitu nahi dut. Buruak edo gorputzak kontrakoa esan arte segiko dut. 28 urte bete berri ditut, beraz, oraindik gaztea naiz honetan segitzeko.
Hala ere, magisteritza ikasi dut, zaila baita ziurtatzea kirolean urte askoan arituko naizela, lesioak ere izan daitezkeelako… Agian kirol ibilbidea amaitzean hortik bideratu dut nire bizitza. Baina momentuz, espero dut urte luzez softbolean jarraitzea, hori da gehien nahi dudana.