Industriaren arloan jakintza emankorra, historia luzekoa eta ugaria du Goierrik, XIX. mendearen erditik honantz. Puntako jarduerak eta aurre-aurrean kokatu diren produktuak ideiatu, ekoitzi eta saldu izan dira, bailarako ekintzaile askoren fruitu. Ondare immaterial da jakintza hori. Motore elektrikoen egintzan, adibidez, Ormaiztegiko Joxe Mari Lasa (1891-1975) nabarmendu zen. Bera izan zen sektoreko bide irekitzaile eta erakusle, eta haren tailerrean trebatu ziren beste enpresa handi askoren sortzaileak (Indar, Guerra Hermanos, Letag edo gaurko CEG, adibidez).
Arotz familian munduratu zen Lasa, ordurako industriaren xendan sartzen hasia zen Ormaiztegin. Irizar gurdigileak, San Antonio altzari fabrika, Irizar laminazioa, txikori fabrika, Zelaiko teileria ziren hastapenetako lantegiak herrian. Lazkaoko Albisu burdinolan hasi zen lanean Lasa, ordea. Suitzatik 1903an ekarritako turbina bat zegoen (1906ko Urteberrian Lazkaoko herriari argindarra ematen hasi ziren), eta elektrikaren gora-beherak han barneratu zituen.
«Jose Maria Lasa, langile amorratua eta jakinmin handikoa, egunez Albisunekoentzat eta gauez beretzako jarduten omen zen lanean. Baina, forja-lanaz gain, beste zerbait ikasteko eman ziezaiokeen lantegi hark, eta ondo aprobetxatu zuen abagunea, bertako dinamoarekin jarduten baitzuen probetan», idatzi zuen Lasaren biloba Arantxaxu Garmendia Lasak 1998ko Industrializazioaren lehen urratsak Ormaiztegin: Construcciones Electro Mecanicas ONENA (Jose Ma Lasa) azterlanean.
«Autodidakta enpirikoa» eta mekanika eta elektrizitate kontuetarako intuizio eta jakinmin handikoa zen. Motore bati begira, «ikasi ezak berari begiratuta; nik hala egin diat», esaten zien hurrengoei. 1916an, Ermita etxearen etxeordean hasi zen bere kabuz lanean, baserrietan eta errotetan dinamoak jarriz eta konponduz. Geroz eta motore eta makina gehiago bidaltzen zizkioten, eta 1924an bera hasi zen eraikitzen.
Onena motoreen arrakasta
Hamar-dozena bat langilerekin, makina elektrikoak egiten hasi zen. SOLI markarekin lehenengo, geroxeago Onena-JML izenpean. Turbinak eta dinamoak, haizagailu edo bentiladoreak, dezterak edo esmerilak, leuntzekoak, xurgagailuak, ur ponpak eta 1931tik aurrera elizetako organoentzat motor isilak ekoizten zituzten, ospe handiz.
«Garaikideak izan zituen Pasaiako bi anaia ingeniari hasi ziren, baita ere, lan horietan, baina laster etsi omen zuten. Joxe Maria Lasa jo izan da Gipuzkoako motore elektriko egileen aitzindaria. Eta bera izan zen bakarra, berarekin langile izan eta ikasitako batzuek lantegi berriak sortu zituzten arte». 1975ean hil zen, eta Goierriren motorea piztu zuen Onena tailerra 1986an itxi zen.