Herrietako denda txikietako kontsumoa sustatzea; krisiak gehien kaltetutako sektoreak suspertzea eta kaltetutako familien kontsumoa sustatzea. Horiexek dira Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako foru aldundiek eta Eudelek abian jarritako Euskadi Bono Denda kanpainaren helburua. Honela, abenduaren 31ra bitartean, kanpainara atxikitutako Goierriko 133 establezimendu tan, gutxienez 30 euroko erosketan, 10 euroko deskontu bonuak eskainiko dituzte. Kanpainarekin bat egin duten dendetan eskura daitezke bonuak. Zerrenda osoa https://euskadibonodenda.eus/eu/ webgunean kontsulta daiteke, herriz herriko bilatzailearekin. Lau bonu eskuratu ahal izango dira gehienez; gehieneko deskontua 40 eurokoa izango da guztira.
Erabiltzeko sistema
- Bonuak batera edo banaka erabil daitezke.
- Bonuak saltoki batean edo desberdinetan erabil daitezke.
- Bonuak birtualak dira eta saltokiek kudeatuko dute ordainketa egiteko garaian.
- Bonuak eskuratzeko ordainketa egiteko momentuan, nortasun agiriaren zenbakia eman beharko da.
Beherapen gehiago
Goierriko hainbat udal eta merkatari elkarte ere ari dira COVID-19ak baldintzatutako garai zail honi aurre egiteko neurri gehiago hartzen eta sentsibilizazio kanpaina indartsuak egiten herrietan kontsumitzearen garrantzia eta beharra azpimarratuz. Jaurlaritzaren bonuez gain, Ordizian eta Lazkaon deskontu bonuak dituzte egunotan. Bestalde, merkatari elkarteak kanpaina bereziak egiten ari dira. Ordizian elkarteak adibidez, 20240 zenbakidun Gabonetako loteria oparituko die Ordizian Txartelarekin ordaintzen dutenei, eta Urretxun eta Zumarragan, kantinplora. Inoiz baino gehiago, merkataritza eta ostalaritza babesteko garaia da.