Legazpiko Oskarbi optika herriko ariguneetako bat izango da Euskaraldian. Albon Retegi eta Judith Arsuaga senar-emazteen negozioa da, eta euskararekiko duten konpromiso sendoa bezeroekin partekatu nahi dute horrela.
Oskarbikoek euskaraz hitz egiten dute euren egunerokotasunean eta arigune izateko zailtasunik ez dutela izango uste dute, ondo egokituko direla Euskaraldiaren bigarren edizioak eskaintzen duen formato horretara. Arigune izateak «toki edo lantoki batean eguneroko dinamikan euskaraz aritzea» eskatzen duela dio Retegik, eta hori ondo betetzen dutela. Arigune direla adierazten duen kartel bat jarriko dute, bezeroek jakin dezaten optikan arretaz euskaraz egiteko prest daudela.
Ezer berezirik egiteko asmorik ez dute Oskarbin, baina «kanpaina berotzen den heinean» ikusiko dute, proposamenen bat edo beste iritsiko zaielakoan dago Retegi. Hala ere, arigune izateak optikaren martxan eraginik ez duela izango uste du, euskara oso txertatuta dutelako eguneroko jardunean, eta bezeroek hori badakitelako. Dena den, Euskaraldia aurrera doala jendeak euskararekiko kontzientzia gehiago hartzea espero du, eta bezeroen aldetik jarrera aldaketaren bat etor daitekeela uste du, jarrera euskaldunagoa izan dezaketela, alegia.
Euskara, eguneroko platera
Retegi ahobizia izan ziren lehen Euskaraldian, eta hori adierazten zuen txapa jantzita ibili zen egun haietan. Kanpainak iraun zuen bitartean jendearen euskareriko sentsibilizazio handiagoa nabaritu zuela gogoratu du, baina handik aurrerakoa ez zela gehiegi aldatu uste du.
Oskarbin euskarak eguneroko platera izaten jarraitu du, ez bakarrik bezeroekiko tratuan, baita lanerako erabiltzen dituzten dokumentu eta tresnetan ere, nahiz eta sektore osoan bezala, programa informatikoetan hutsunea duten alde horretatik.
Lanetik kanpo, Retegi euskaraz bizi da, etxekoekin, familiarekin eta gertuko lagunekin, baina Legazpin gaztelaniaren presentzia nabaria izanik tarteka gaztelerara jotzea ia ezin dela saihestu dio. Euskaraldiak kontzientzia berriz pizten badu, egun horietan Legazpi euskaldunagoa izango delakoan dago.