Maite eta Izaskun Izagirre Sarriegi • Mirentxu liburu denda (Beasain)
Ez ohiko Durangoko Azoka egingo da aurten, abenduaren 4tik 8ra, online azoka bereziarekin. Abenduaren 9tik aurrera, berriz, atxikitu garen liburu dendei esker, Euskal Herri osora zabalduko da Durango Azoka, Zu non, han DA! egitasmoaren barruan. Honela, Azokako berrikuntzak liburu dendan izango ditugu salgai. Ohi bezala, euskarazko nobedade ugari argitaratu dira urte sasoi honetan. Gabonetako opariak egiten hasteko momentu ona da, kontuan izanda, COVID-19aren harira bizi dugun garai honetan, irakurketarako eta jolaserako denbora gehiago hartzen dugula.
Helduetan aukera zabala dago, eta batzuk aipatzearren, ondorengoak nabarmenduko genituzke. Jakoba Errekondok lan bikoitza aurkeztu du: Etxeko landareak eta 2021. Ilargi eta landareak agenda. Toti Martinez de Lezeak euskaraz eta gazteleraz argitaratu ditu Egurra S.A. eta La Editorial. Antxiñe Mendizabalek normalean haurrentzat idazten du, eta aurten helduentzako lehen leberria idatzi du, Odolekoak. Bernardo Atxagaren Kilker bat autopistan, Joseba Sarrionaindiaren Airea ez da debalde, Habanako gaurkaria, Kattalin Minerren Turista klasea, Uxue Alberdiren Dendaostekoak edo Mikel Ayllonen Zoriontsuak izatea erabaki genuen ere berrikuntzen artean daude. Bestalde, Burgosko prozesuaren 50. urteurrenaren eta Xabier Leteren heriotzaren 10. urteurrenaren harira, argitaletxe desberdinek uzta oparoa argitaratu dute.
Haurrentzat ere aukera oparoa
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek eta ETB-1eko Go!azen telesailek ez diete haurrei hutsik egin aurten ere; Amaren intxaurrak izeneko liburua eta CDa dira pailazoen azken sorkuntza lanak eta, eta Goazen! telesailarena Izar azpian oihukatu kantu bilduma.
Bestalde, Bernardo Atxagak, Mikel Valverde ilustratzailearekin batera, haurrentzako Ata Pank eta Ata Punky liburua argitaratu du. Onin bildumako 5. zenbakia Onin eta Afrikarako bidaia eta Altzoko Handia ipuin bildumako 5. eta 6.a ipuinak baditugu. Emozioak lantzeko Ikaselkarren Kuku proiektuaren barruan, hormairudi bereziarekin batera, sorpresa eta haserrea lantzeko liburuak argitaratu dituzte.
Azkenik, jolasetan gero eta euskarazko material gehiago sortzen ari dira. Besteak beste, Haba eta Ikastolen elkarteko kartak eta mahai jokoak.