Erretiro-pentsioen sistema nabarmen aldatuko da 2021.urtean. Erretiratzeko adina igotzeaz gain, baldintzak ere aldatu dira. Urte berri honetan, 24 urtez kotizatutakoa izango dute kontutan pentsioa kalkulatzeko garaian.
Espainiako jubilazioen etorkizuna eta pentsio sistemaren jasangarritasuna bermatzeko 2013an martxan jarritako erreformaren egutegiak aurrera jarraitzen du. Hala, jubilatzeko adina 66 urtean finkatuta eta pentsioak kalkulatzeko kotizazio epea 24 urtera luzatuta abiatu da 2021. urtea. Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak eta gizarte eragileek 2011n adostu eta bi urtera indarrean jarritako erreformak hauxe du jomugan: 2013tik 2027ra bitartean erretiro adina 65 urtetik 67ra igotzea, eta pentsioaren %100arekin jubilatzeko kotizatu behar diren urteak luzatzea.
Hala, jubilatzeko gutxieneko adina eta kotizazio aldia handituz doaz pixkanaka, harik eta 2027an 67 urtera iritsi arte, eta gutxieneko kotizazio aldia 38 urte eta 6 hilabetera. 1948tik aurrera jaiotako guztiei eragiten die erretiroa hartzeko adinaren igoera progresiboak, eta horren arabera, 1960an eta ondoren jaiotakoek ezingo dute pentsioaren %100 jaso erretiroa 67 urte bete aurretik hartuz gero, Gizarte Segurantzan 38 urte eta erdi kotizatu ez badituzte.
Pentsioaren %100arekin erretiratzeko, gutxienez 66 urte izan behar dituzte 37 urte eta 3 hilabete kotizatu ez dutenek.
Arrazoi bategatik edo besteagatik aurretiazko erretiroa hartzen dutenen pentsioa %6,5 eta %8 artean murriztuko da.
Bertan behera geratzen da Rajoyren gobernuak ezarritako %0,25eko igoera defizita, eta aurten KPIaren %0,9 igoko da.
Erreforman aurreikusitako aldaketa mailakatuez gain, 2020ko azaroaren 19an Espainiako Diputatuen Kongresuak onartutako Toledoko Itunaren gomendioek ere eragingo dute pentsio sistema publikoan. Espainiako pentsio sistemaren jasangarritasuna bermatzeko kongresuan sortu zen batzordea da Toledoko Ituna, eta 2013ko erreformaren eraginak malgutzea dute helburu egin dituen gomendioei. Horiek gauzatzeko Pedro Sanchezen gobernua legeak sortu eta onartzen doan eran, aldaketa gehiago ere izango dira aurten pentsio kontuetan.
Horren guztiaren aurrean, pentsio duinen alde borrokan ari diren kolektiboek euren elkarretaratze eta mobilizioekin jarraitzeko inoiz baino arrazoi gehiago ikusten dituzte.
Erretiroa hartzeko adina, 66 urte
Aurten, pentsioaren %100arekin erretiroa hartu nahi dutenek gutxienez 66 urte beteta izan beharko dituzte, 37 urte eta hiru hilabete baino gutxiago kotizatu badituzte. Iaz, 37 urte baino gutxiago kotizatuta zutenei, 65 urte eta hamar hilabete izatea eskatzen zitzaien.
Gehiago kotizatu dutenek izango dute aurrez jubilatu eta pentsioaren %100 kobratzeko aukerarik. Hala, 37 urte eta hiru hilabete baino gehiago kotizazituta badituzte, 65 urterekin eta %100arekin jubilatu daitezke.
Erretiro partziala hartu nahi dutenek, hau da, pentsioa lan kontratu batekin uztartu nahi dutenek, 62 urte izan beharko dituzte, eta gutxienez 35 urte eta 3 hilabete kotizatuta. Bestetik, 33 urte kotizatuta badituzte, 63 urte beteta izatea eskatuko zaie erretiro mota hori lortzeko.
Aurretiazko erretiroa hartu nahi duenak, berriz, 64 urte izan beharko ditu, eta 35 urte kotizatuta. Kaleratzeen edo besteen ondorioz nahi gabeko erretiro aurreratua hartzeko, 62 urte izan eta 33 urteko gutxieneko kotizazioa egiaztatu behar da, eta kontratua amaitu izanaren arrazoia justifikatua edo objektiboa izan behar da. Arrazoi bategatik edo besteagatik aurretiazko erretiroa hartzen dutenen pentsioa %6,5 eta %8 artean murriztuko da, kotizazio urteen eta 65 urtera iristeko falta den tartearen arabera.
Pentsioak kalkulatzeko epea ere handitu egin da hasi berria den 2021arekin; iaz baino urte bat gehiago zenbatuko dute, 24 urte. Puntu honen inguruan polemika sortu da, Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak proposatu duelako 35 urtera zabaltzea pentsioa kalkulatzeko epe hori. Horrela izanda, pentsioa batez beste %5eko jaitsiko litzateke, besteak beste lan ibilbideko hasierako urteetan soldatak txikiagoak izaten direlako normalean.
Bestetik, erretiroko kontribuzio pentsioa jasotzeko, 15 urtez kotizatu beharko da, eta 15 urte horietako bi, gutxienez, erretiroaren aurreko 15 urteen barruan egon beharko dira.
Pentsioen %0,9ko igoera
Urte berriak ekarritako berrikuntzetako bat pentsioen igoera finkatzen duen indizearen aldaketa da. Bertan behera utzi dute Mariano Rajoyren gobernuak ezarritako %0,25eko igoera defizita dagoen urteetarako, eta aurten behintzat, KPIak markatutako igoera izango dute, pentsio duinen aldeko borrokalariek eskatzen dutena betez. Toledoko Itunak gomendatutakoa betetzen badu gobernuak, pentsioen igoera aurrerantzean KPI errealaren araberakoa izango da, pentsiodunek erosteko ahalmena berreskuratzeko bidean jarriko dituena.
Aurtengoari begira, kotizatu dutenen pentsioak %0,9 igoko dira. Kontuan izanda 1.245,52 eurokoa dela batez bestekoa (14 ordainketa, guztira), hilean 11,2 euro gehiago kobratuko dute pentsiodunek.
Ez da igoera handia, eta gehienezko pentsiotik gertuen daudenek sumatuko dute batez ere; hileko 2.707 eurokoa izango da hori (2.683,34 euro, 2020an). Gutxiago nabarituko dute igoera beste muturrean daudenek. Hala, 65 urte eta ezkontidea euren ardurapean duten erretiratuentzako gutxieneko pentsioa 851 eurokoa izango da hilean (iaz 834,4 eurokoa zen). Ezkontiderik gabekoek 689,7 euro jasoko dute guxienez (683,5 euro lehen). 65 urtetik beherakoek, eta ezkontiderik ez dutenek, 654,6 euro jasoko dituzte (648,7 euro orain arte). Kasu guztietan, kopuru hori urrun geratu da azken urteetan borrokan ari diren pentsiodunek aldarrikatu duten 1.080 euroko gutxieneko pentsiotik.
2021erako aldaketak
Urte berriarekin batera pentsiodunek aldaketa nabarituko dute jasotzen duten ordainsarian. Erretiroa hartzekotan daudenentzat ere aldaketak datoz.
- KPIaren igoera 2021ean. Mariano Rajoyren gobernuak (PP) ezarritako kalkulua (%0,25eko igoera defizita dagoen urteetan), eta KPIaren araberakoa ezarriko da. Kotizaziopeko pentsioak %0,9 igoko dira.
- Erretiroa hartzeko, 66 urte. 2021ean pentsioaren % 100arekin erretiroa hartu nahi duten langileek gutxienez 66 urte beteta izan beharko dituzte. 66 urte horiek beteta izatea eskatuko zaie 37 urte eta hiru hilabete baino gutxiago kotizatu dituztela egiaztatzen dutenei. Aurten, 37 urte baino gutxiago kotizatu dituztenei 65 urte eta hamar hilabete beteak izatea eskatzen zitzaien. Erretiro partziala hartu nahi dutenek (pentsioa lan kontratu batekin uztartzen dutenek) 62 urte izan beharko dituzte, eta gutxienez 35 urte eta 3 hilabete kotizatuta. 33 urte kotizatuta, 63 urte beteta izatea eskatuko zaio langileari. Aurretiazko erretiroa hartu nahi duenak, berriz, 64 urte izan beharko ditu, eta 35 urte kotizatuta. Nahi gabeko erretiro aurreratuaren kasuan (kaleratzeengatik-eta), 62 urte eta 33 urteko gutxieneko kotizazioa behar da, eta kontratua amaitu izanaren arrazoia justifikatua edo objektiboa izan behar da. Aurretiaz erretiroa hartzen dutenen pentsioa %6,5 eta %8 artean murrizten da, kotizazio urteen eta 65 urte betetzeko falta duten denboraren arabera.
- Azken 24 urteak kontutan. Pentsioak kalkulatzeko epea 24 urtera igoko da 2021ean. Ondorioz, urte honetan, pentsioa kalkulatzeko, azken 24 urteeetan kotizatutakoa hartuko da kontuan. 2020an, 23 urte izan dira. Bestalde, erretiroko kontribuzio-pentsioa jasotzeko, 15 urtez kotizatu beharko da gutxienez. 15 urte horietako bi, gutxienez, erretiroaren aurreko 15 urteen parte izan behar da.