Egoitz Iztueta Sukia • Irakaslea
Atletismoa estreinakoz praktikatzen hasi nintzenean oso gaztea nintzen. Hasiera batean hainbat espezialitate ezberdin ezagutu nituen, gerora bakar batean buru-belarri aritzeko: iraupen luzekoan. Hamabost urte nituen lehen aldiz federatu nintzenean eta garai hartan lau kidez osatutako talde ederra osatu genuen; elkarrekin entrenatzeko eta lehiatzeko testuinguru oparoa nuela ohartu nintzen denboraldiak aurrera egin ahala. Talde berria zen gurea, ez genuen aldez aurretik elkar ezagutzen, herri desberdinetakoak ginen-eta. Hala ere, lan-saioetan izaten genituen hitz aspertuak, eta berriketaldi horiek ahalbidetu ziguten apurka-apurka elkar hobeto ezagutzea. Zorionez lagun onak izaten jarraitzen dugu.
Duela egun batzuk, kasualitatez atletismoak bildu gintuen laurok elkartu ginen eta gure hastapenetako atletismoa eta gaur egungoa alderatuz solasean aritu ginen. Hamaika kontu, anekdota eta bizipen oroitu genituen. Urte hauetan guztietan izan diren aldaketak zenbat izan diren azpimarratu genituen, eta erabat ados geunden guztiok, aldakuntza bereziena, sare sozialak eta kirolaren fenomenoa izan dela.
Sare sozialek duten abantaila handienetako bat kirol esparru ezberdinetako informazio asko eskuratzea ahalbidetzen dutela da. Gaur egungo joera bat ere nabarmena da: bakoitzak bere datuak sarean jartzea, uneoro non zauden plazaratzea… eta kirolarien kasuan, lan saioetako denbora, iraupena eta hainbat ezaugarri partekatzea, lasterketa burutu ondorengo kronikak… Baina, funtsean, zein da argitalpen hauen helburua? Jendearen oniritzi zein laudorioak beharrezkoak al ditugu? Promozio xederik ba al dute sareko kronika hauek, kirol alorreko babesleak lortu eta hartara arropak, dortsalak eta abar eskuratzeko?
Laukoteko kide bat Eneko Agirrezabal da. Hauexek dira Segurako kirolariak lortutako marka batzuk: 10.000m 29’51” (2’59” km-a), maratoi erdian 1h 04’59” (3’04” km-a), maratoian 2h 13’51” (3’10” km-a). Gaur egungo Euskadiko kros txapelduna ere bada. Eneko lana isilpean egiten duen horietakoa da, eta bere burua estutzen duena bere emaitzak etengabe hobetzeko. Baina Agirrezabalek ez ditu bere lorpen eta entrenamenduak sare sozialetan argitaratzen. Hori dela eta askorentzat ezezaguna da, edo existitzen ez dena. Enekoren markak baino kaxkarragoak dituzten atleta ugari daude sarean euren informazioa partekatuta hainbat abantaila eskuratzen dituztenak: doako zerbitzuak, dortsalak, lasterketetan pribilegioak, oihartzun mediatikoa… Kontu hauek aintzat hartuta, zein da kazetariaren egin beharra egun? Atletak egindako markak ez al dira nahikoa prentsan oihartzuna emateko?
Pentsatzea libre da, baita iritzia ematea ere, baina kontu eduki: «Nahi bada jan egin behar da lan».