Martxoak 8 Emakumeen Nazioarteko Egunaren aitzakian, Urola Garaiko jabekuntza eskolara gerturatu eta sorreratik egin duten lanaren xehetasun guztiak eman ditu Ainhoa Aguado Urola Garaiko Koordinadora feministako kideak.
Bada Urretxun eraikin bat emakumeek gidatzen dutena, emakumeentzako. Emakumeen Etxea da hori. Askotariko zerbitzuak eskaintzen dira bertan, hala nola, emakumeen ahalduntzea eta partaidetza, aholkularitza, ikusgarritasuna, aliantzak eta saretzea, formazioa… Ahalduntze edo jabetze eskolak ematen dira urte osoan zehar. «Emakumeok gure artean gai desberdinen inguruan ikasteko eta konpartitzeko espazio seguru bat da», laburbildu du Ainhoa Aguado Lizarralde Urola Garaiko Koordinadora Feministako kideak. «Formazioaren bitartez emakumeen ahalduntzea, biltzea, indartzea… bilatzen da».
Ikastaro teorikoak eta praktikoak uztartzen dituzte, betiere, feminismoaren eta ahalduntzearen inguruan. Talde batzuk finkoak dira, besteak beste, emakume musulmanen ahalduntze eta alfabetatze taldea, zaintzaile emakumeena, Sua emakume etorkinena… baina tailer puntualak ere egiten dituzte. Nagusiki, irailetik abendura bitartean eta martxotik ekainera.
Bolada honetako ekintzak aurkeztu berri dituzte. Denera, sei ikastaro izango dira, hamar bat saiotakoak: zoru pelbikoa indartzeko tailerra; doluari aurre egiteko tresnak; emozioak marrazten; batukada feminista, emakumeak mugimendua; eta, emakumeen aurkako indarkeria janariaren, formaren, moldeen eta pisuaren bitartez. Ekintza guztiak doakoak dira. Izen ematea zabalik dago, jabekuntza eskolarekin harremanetan jarrita. Telefonoa 943 25 23 89 da eta helbide elektronikoa, jabekuntzaeskola@gmail.com.
«Interesen eta eskatzen denaren arabera antolatzen dira tailerrak», argitu du Aguadok. «Urola Garaiko Mankomunitateak egiten ditu antolaketa lanak. Baina hautaketa aurreko urteetako jabetza eskoletan parte hartu duten emakumeen eskarien harira egiten da», gaineratu du. Mankomunitatea erakunde publikoa da eta atzean agintariak daude. Halere, Emakumeen Etxea gorpuzten dutenak, udal teknikariekin batera, lotura politikorik ez duten emakumeak dira, koordinadora feministako kideak, esaterako. Izan ere, behin Emakumeen Etxea izanda arriskua dago pentsatzeko nahikoa dela, egin beharrekoak eginda daudela, eta berditasuna bere kabuz etorriko dela. «Ez da ahaztu behar zein den helburua: emakumeak ahalduntzea», borobildu du.
Emakumeen Etxea mankomunitatearena denez, eta nahiz eta Urretxun egon, Ezkioko, Legazpiko eta Zumarragako emakumeei ere ematen die zerbitzua. «Adin ezberdinetako jendea elkartzen da, kultura ezberdinetakoak… 20 edo 22 urteetakoak eta 70 urtetarainoko jendea elkartzen gara. Izena emateko paperik ere ez da behar, eta hori ere bada abantaila bat eta babesleku bat». Aguadok hurbiltzera animatu ditu oraindik jabetze eskoletan parte hartzen ez duten emakumeak. «Edozein etor daiteke. Ez dugu profil zehatzik bilatzen. Eduki behar dena gogoa edo interesa da». «Nik edozein animatuko nuke parte-hartzera. Uste dut ezin dela imajinatu espazioak berak zer eskaintzen duen barrutik ezagutu gabe. Ikastaroetan nahasketa handia ematen da eta aberastasuna hortan datza».
Ahalduntze eskolan ikastaro teorikoak eta praktikoak uztartzen dituzte, beti ere, feminismoaren inguruan
Egindako lanaren fruituak ikusten hasiak dira parte-hartzaileak. Feminismoak indarra badu, eurengatik da
Osasuntsu ikusten ditu Emakumeen Etxea eta jabetze eskolak, baina gehiegizko optimismorik ere ez du nahi. «Urte batzuk badaramatzagu eta lan dezente egin dugu gure lana ezagutarazten eta emakumeak erakartzen. Martxa hartzen ari gara. Geroz eta ezagunagoa da herrian, nahiz eta oraindik ere badagoen jendea ezagutzen ez duena». Presarik ez dute: «Dena betetzearekin itsutzen gara askotan. Iruditzen zait garrantzitsuagoa dela kalitatea kantitatea baino, eta pixkanakako lanarekin kalitatezko ekintzak lortzen ari gara».
Emaitzak bistaratzen hasiak dira. «Azken urteetan gizartea aldatu da feminismoak sekulako indarra hartu duelako. Baina zergatik hartu du halako indarra? Bada, halako espazioei esker».
«Jabekuntza eskola lehenago Zumarragan zegoen, Euskadi plazako pisu batean. Etxebezitza bat zen, hiru gelakoa. Orduan ere zerbitzua mankomunitatearena zen eta funtzionamendua antzekoa zuen, baina ez zen espaziorik egokiena: txikiegia zen, insonorizazioa txarra zen eta ez zegoen nahikoa pribazitate… Gainera, garai batean udalean aldaketa batzuk egon ziren eta ez zuten ulertzen zertarako balio zuen, eta ikastaro asko moztu zituzten. Hor hasi ginen borroka batean eta emakumeen etxearen aldeko mugimenduak indarra hartu zuen. Azkenean, berdintasun planean ere sartu zen eta lortu genuen», oroitu du Aguadok. Ez zen egun batzuetako kontua izan. «Bidea luzea izan zen, eta indar pila bat egin eta gero lortu genuen. Horrela lortzen dira gauzak, insistentziaz».
Beharbada erraztasun falten erruz, ez daude Emakumeen Etxe askorik. 70.000 emakume bakoitzeko etxe bat dago. Euskal Autonomi Erkidegoan hamasei daude, horietatik erdiak baino gehiago Gipuzkoan. Goierrin bakarra dago. Jabetze eskolak gehiago dira, hogeita bi, baina eskualdean Urola Garaikoa besterik ez dago. Egiari zor, Goierri behean ere egon badaude elkarte feministak antolatuta eta formakuntza saioak antolatzen dituzte.
Legazpin ere, lortzeko lanean
Legazpin ari dira Emakumeen etxea izango denaren atzetik lanean, Urretxuraino joan behar izatea deserosoa delako. «Ez da errealista dena toki bakarrean zentralizatzea. Urretxu-Zumarragan bertan kosta egiten da ezagutaraztea eta emakumeak bertaratzea, pentsa beste herri batetik etorri behar badira». Urretxuko egoitzaren «beso» baten antzekoa izango dela deskribatu du, emakume gehiagorengana heltzeko, baina aldi berean, batzuk eta besteak koordinatuta jarraituko dute.
Emakumeen etxeak eta jabekuntza eskolak elkarren artean saretuta daude, Eusko Jaurlaritzaren Berdingune atariaren bidez. Aguadok azpimarratu du Arrasateko edo Azpeitiako eskolekin badutela harremanik, eta Gipuzkoatik kanpora ere joandakoak direla beste tokietan antolatutako ekintzetan parte hartzera.
M8aren aurrean zein izango da jarrera?
Martxoaren 8rako egun gutxiren faltan, Goierriko bost talde feministari galdera bera plazaratu die aldizkari honek. Itaia Goierri, Goierriko Neska Gazteak, Kimetz Elkartea, Urola Garaiko Koordinadora Feminista eta Asmube izan dira ‘Aurtengo Martxoaren 8aren aurrean zein izango da jarrera?’ galderari erantzun diotenak.
Osasun krisiak egun horretarako antolatzeko sortu dituen oztopoen gainetik, azkeneko urte hau irakaspen handia izan dela bat datoz guztiak. Eta aurten, emakumeen eskubideen aldeko mobilizazio oso jendetsuak egiteko unea ez dela ikusten badute ere, borroka feminista gizarteratzen segiko dute.
Iraitz Sarasola, Itaia Goierri: «Martxoren 8ak eguneroko antolakuntzaren osagarri gisara besterik ez du balio»
Kizkitza Ormaetxea, Goierriko Neska Gazteak: «Konfinamenduan oso argi geratu da emakumeok dugun indarra»
Belen Balerdi, Kimetz: «Emakumeen ahalduntze prozesuan pausoak ematen jarraituko dugu»
Ianire Hidalgo, Urola Garaiko Koordinadora Feminista: «Gure artean sareak sortzea bezain garrantzitsua da kaleak hartzea»
Ana Asla, Asmube: «Erronka asko eta gainditu beharreko oztopoak dauzkagu oraindik»