Julian Irizar Etxeberria euskal jatorriko marinel eta itsasgizon argentinarra izan zen. Capilla del Señor herrian (Argentina) jaio zen 1869ko urtarrilaren 30ean, baina bi gurasoak euskaldunak zituen: aita Juan Jose Irizar (Oñati, 1834) eta ama Ana Bautista Etxeberria (Zumarraga, 1831). Goierri aldetik Amerikara emigratu zuten, bizimodu hobearen bila. Herri barruko baserri batean bizi izan ziren lehenik, eta aitak xaboitegi bat eduki zuen gero kanpoaldean.
Julian Irizar almirante izatera iritsi zen Argentinako Itsas Armadan. Euskal jatorriaren sua beti mantendu zuen. Txikitako lagunak euskaldunak zituen: Pedro Salaberri eta Maximo Barrenetxea. Arreba Kontxita Zarateko portuko Itsasontzi Eskolako irakasle Luis Pastorrekin ezkondu zen, eta haren bidez lotu zen itsas gaietara. 1884an sartu zen Buenos Airesko Itsas Eskolan. 1891rako itsasontziko alferez zen, 1903an kapitain, 1919an komandante.
Gobernuaren hainbat misiotan parte hartu zuen: Boliviarekiko muga finkatzen ibili zen 1894an; Txile, Peru eta Tierra de Fuegoko itsasoetan nabigatu zuen, ARA Presidente Sarmiento fragata Ingalaterran eraikitzeko batzordean izan zen… Europara etorritakoan, Euskal Herrira bisita egiten zuen.
1903an, Uruguay ontzian itsasoratu zen, Antartikan galdutako Otto Nordenskjöld ikertzaile suediarraren espedizioa aurkitzeko eta erreskatatzeko operazioaren buru. Jose Gorrotxategi euskal jatorriko mediku zirujaua ere erreskateko tripulazioan zen. Aurkitu zituzten naufrago eskandinaviarrak. Harrera beroa egin zieten itzuleran, eta omenaldia jaso zuen Irizarrek.
Lehen Mundu Gerran
Argentinaren Europako itsas batzordearen buru izan zen I. Mundu Gerra hasitakoan, 1914an. Frantzian zegoen, ontzi batzuen eraikuntzagatik. Frantziak errekisatu zituen guztiak, eta Irizarrek bideratu zuen negoziazioa.
Gerra ondorengo armadaren modernizazioan ere lehen lerroan aritu zen. 1923an AEBetan lan hidrografikoak ere egin zituen, Gerlacheko kanalaren planoak tartean. 1931n, Itsas Zentroko presidente izendatu zuten. 1933an erretiratu zen, itsasoan 50 urtez zerbitzatuta. 1935ean hil zen, eta hiletara Argentinako presidentea, ministroak, gobernukideak eta itsas armadako goi agintariak joan ziren. Recoletako hilerrian dago hilobia. Ushuaian, Irizarri eskainitako eskultura bat dago, haren bustoarekin.
1978an, Argentinako Itsas Armadaren izotz-haustaile ontziari ARA Almirante Irizar izena eman zioten.